Renfek 258 milioi euroko kontratu handi bat eman dio CAF konpainiari

37 trenen eskaera egin dio Espainiako konpainiak Beasaingo enpresari. SNFCk, berriz, 407 milioi euroko eskaera egin dio Bombardierri, eta Trapagarango lantegiak egingo du trenen propultsioa

CAF konpainiak Beasainen duen lantegia. CAF.
xabier martin
2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Renfek aurrera egin du bere tren sarea berritzeko abiatu duen adjudikazio prozesuetan, baita pandemia garaian ere, eta 258 milioi euroko eskaera egin dio Beasaingo CAF trengileari. 37 tren egiteko kontratu handi bat da, baita haien mantentze lanak egitekoa ere hainbat urtez. 2016an, Talgori AHT esparruko mendeko kontratua eman zionetik, Renfek ez zuen besterik atera lehiaketara; harik eta Euskal Herrian eta Espainiako iparraldean ibiliko diren 37 tren erosteko urratsa egin duen arte. Oraingoan CAFen txanda izan da.

«Trenen eraginkortasuna eta segurtasuna hobetzeko helburuarekin» egiten ari da tren multzoaren berrikuntza Renfe. Bide estuko 31 eskatu dizkio CAFi, eta horietatik 26 elektrikoak. Beste bostak hibridoak egingo ditu Beasaingo enpresak, argindarrez eta diesel motorrez ibiltzeko. Gehienez orduko 100 kilometroko abiaduran ibiltzeko dira tren horiek, bi edo hiru bagoirekin. Bizikletak eramateko diseinukoak dira, gainera, espazio handikoak.

Renfek esan du eskaera horri esker bere tren multzoaren batez besteko urteak 28tik hamabostera murriztuko direla. CAFekin egingo duen kontratuan, sei tren elektriko eta hibrido bat gehiago erosteko aukera jasoko dute aldeek. Halaber, euskal enpresak egingo dituen beste sei trenak, aldirikoak, Madrilen ibiliko dira, Guadarramako mendilerroan barna. Bere trenen mantentze lanetan ariko da CAF, baina ez tren guztietan. Lan horren zati bat Renfek gorde baitu beretzat.

CAFek lortutako kontratua pisu handikoa da, baina Renfek konkurtsora atera dituenen artean badira beste hiru dezente handiagoak. Aldirietako 211 trenen erosketa eta haien mantentze lana jasotzen duena da handiena: 2.756 milioi euro. Aurrerago iritsiko dira beste bi adjudikazio ere, 474 milioi eurokoa bata, eta 1.322 milioikoa bestea.

Bombardier Trapagaran

Gauzak horrela, CAF eskaera poltsa gizentzeko bidera itzuli da indar handiz. Aurreko astean Amsterdamerako eta Stockholmerako garatzen ari den proiektuak zabaltzeko akordioak iragarri zituen, eta beste kontratu bat eskuratu duela jakinarazi zuen, Napolirako metro unitateak hornitzeko. Hiruren artean ehun milioi euroren eskaerak eskuratu zituen. Orain, berriz, koronabirusaren osteko kontraturik handiena lortu du, eta geldialdiak eragindako zuloa estaltzen hasteko urrats handia egin du.

CAFena ez zen izan atzo trengintzak Euskal Herrian utzitako albiste on bakarra. Bombardierrek Trapagaranen (Bizkaia) duen fabrikak argiago ikusten baitu bere geroa atzodanik. Kanadako konpainiak iragarri zuen bi kontratu egin dituela Frantziako SNFCrekin, eta horiei esker 27 tren egingo dituela Normandiarako. 407 milioi euroren balioa dute bi kontratu horiek, eta trenen propultsio sistema Trapagaranen egingo dute. Hala, pandemiaren aroa igarotzeko modurik onena aurkitu du Bizkaiko plantak. Birusa bakarrik ez, Frantziako Alstomek Bombardier erosteko prozesuak zalantza ugari sortu baititu plantaren geroaren inguruan. 200 bat langilek jarduten dute Trapagarango fabrikan, eta eskara horiek lan karga bermatuko diote tarte baterako.

Urte hasieran Frantziako Alstomek Bombardier erosi duela jakinarazi zuten enpresok, 6.200 milioi euroren truke. Urtebete lehenago, Alstom Alemaniako Siemensekin uztartzeko saioa egin zuten, baina Europako Batzordeak galarazi egin zuen operazio hori, lehiaren aurkakoa zelakoan. Bruselak martxan dagoen salmenta eragotziko ez balu, Bombardier Alstomen esku geldituko litzateke aurten. Analisten arabera, trabarik ez du jarriko orain Europako Batzordeak, salmenta hori iazko bat egitea baino apalagoa baita zenbakien aldetik. Bruselak uztailaren 16ra arte dauka operazio hori baimentzen ote duen jakinarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.