Jeffrey Epsteinen ondorena, pil-pilean

Uztail hasieran, Ghislaine Maxwell atxilotu zuten, Epstein AEBetako enpresariaren bikotekide ohia. Maxwelli sexu abusuengatik zigortu zuten enpresaria lagundu izana egozten diote, eta egun espetxean da, haren aurkako epaiketaren zain.

Sweeney Jr. FBIren New Yorkeko bulegoko ordezkaria, atxiloketa azaltzen. EFE.
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Jeffrey Epstein enpresariaren bikotekide ohi Ghislaine Maxwellatxilotu zuten iragan uztailaren 2an, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) New Hampshiren. Epsteinentzat 45 urteko zigorra eskatu zuten, hainbat adingaberi sexu abusuak egin izana egotzita. Maxwelli, Epsteinen konplize izateaz gain, adingabeekin trafikatzea eta sexu esplotaziorako erabiltzea leporatu diote, eta, erruduntzat joz gero, 35 urteko zigorra ere jaso lezake.

«Maxwellek eginkizun garrantzitsua izan zuen, sexu abusua egitea ahalbidetzeko biktimak identifikatzen, limurtzen eta erakartzen lagundu baitzion Epsteini», esan zuen fiskalak, eta nabarmendu Epsteinek beharrezkoa izan zuela haren laguntza.

«Aurrekari» modura deskribatua izan bada ere, Epstein auziaren azken atala da Maxwellen atxiloketa. Enpresaria 2008an eraman zuten lehenengoz justiziaren aurrera, 55 urte zituela. Bi urte lehenago atxilotu zuten, adingabeei dirua emateagatik masajeak biluzik eman eta batzuetan sexu harremanak izatearen truke. Prostituzio akusazioak egin zizkioten horren ondorioz, eta erruduntzat jo. Bizi guztirako espetxe zigorra ezartzeko aukera zegoen, baina, fiskaltzarekin egindako tratu bati esker, hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta sexu erasotzaileen zerrendan sartu zuten. Haietatik hamahiru bete zituen kartzelan, astean sei egunetan lanera joateko baimena izanik.

Bigarrenez atxilotu zuten orain dela urtebete, uztailaren 6an. Orduan, 66 urte zituela, berriro ere sexu abusuak egitea egotzi zioten, baita nazioarteko sexu trafikoko sare bat sortzea ere. Neska gazte biluzien argazkiak aurkitu zizkioten giltzapean gordeta, enpresariak New Yorken zuen etxea arakatzen ari zirela. Diskoak ere aurkitu zituzten, Neska biluzien argazkiak izenpean. Atxiloketa agindu zuen fiskaltzaren arabera, Epsteinek adingabeei ordaintzen zien beste adingabe batzuk erakar zitzaten, horrela «abusua egiteko biktima gehiagoz etengabe hornituta» egoteko. The Miami Herald Floridako egunkariak kasua ikertu zuenean, Epsteinen biktima izan ziren hainbat emakumeren lekukotasunak jaso zituen. «Haren gogoa aseezina zen, ezin zen gelditu [...]. Egunero aurpegi berriak nahi zituen, aurpegi freskoak», esan zuen haietako batek.

Iragan abuztuan, Epstein kartzelako ziegan hilda aurkitu zuten, bere buruaz beste eginda, bere aurkako epaiketaren zain zegoela. Orduan, haren aurkako kasua ixtea erabaki zuten, eta biktimak Maxwellen atxiloketa eskatzen aritu dira hori gertatu zenetik.

Epstein hilik, Maxwell bilakatu zen ikerketaren helburu, baina hark ia urtebete egin du atxiloketari iheska. Audrey Strauss New York hegoaldeko barrutiko behin-behineko fiskalaren esanetan, emakume britainiarrak «hiru pasaporte, diru asko eta nazioarteko lotura zabalak ditu», eta «ez du inolako arrazoirik Estatu Batuetan geratzeko eta kondena luze bati aurre egiteko». Iragan uztailaren 14an, epaile batek erabaki zuen prebentziozko neurri gisara espetxean egongo dela epaiketa hasi arte. Maxwell ez da Epstein auziak argitara atera duen izen bakarra, beste hainbat ere agertu baitira.

Elitea besopean

Izan ere, interes handia erakarri zuen kasuak hasieratik, batez ere enpresariaren harremanengatik. Donald Trump AEBetako presidenteak Epstein «sekulako tipoa» zela esan zuen 2002. urtean, New York aldizkarian. «Dibertigarria da harekin egotea. Emakume ederrak nik bezain beste gustuko dituela ere esaten da, eta haietariko asko gaztetxoak dira», gehitu zuen Trumpek.

Gawker blogak publiko egin zituen hegaldien txostenetan ikus daitekeenez, AEBetako presidente ohi Bill Clintonek gutxienez 11 bidaia egin zituen Epsteinen hegazkin pribatuan. Hain justu, hegazkin horri Lolita Express izena eman zion prentsak, adingabeak bertan eramaten zituelako. Bestalde, Virginia Roberts Giuffrek salatu zuen 17 urterekin Erresuma Batuko Andrew printzearekin sexu harremanak izatera behartu zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.