Bielorrusiako oposizioko buruetako bat atzeman dute Minsken

Koordinazio Kontseiluko kidea da Maria Kolesnikova. Polizia iturriek ukatu egin dute hura atxilotu izana. Dozenaka mila lagunek protestak egin dituzte asteburuan, eta ehunka dira atxilotuak

Maria Kolesnikova —eskuinean—, Minsken, artxiboko argazki batean. Oposizioak salatu du segurtasun indarrek «bahitu» egin dutela Kolesnikova. TATYANA ZENKOVICH / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Maria Kolesnikova oposizioaren presidentetzarako hautagaitzako buruzagietako bat atxilotu zuten atzo goizean Minsken, Bielorrusiako hiriburuan. Lekukoen arabera, «ezezagun batzuek» atzeman zuten Kolesnikova kalean, Artearen Museo Nazionaleko atarian, eta Komunikazioak irakur zitekeen ibilgailu batean sartu zuten. Poliziak, baina, ukatu egin zuen Kolesnikova atxilotu izana.

Oposizioko Koordinazio Kontseiluko kidea da Kolesnikova, eta, haren kideen arabera, segrutasun indarrek atzeman dute. Pavel Latuxkoren esanetan, Kolesnikova ez da izan «desagerrarazitako» oposizioko kide bakarra: «Anton Rodnenkovekin eta Ivan Kravtsovekin komunikatzen ahalegindu gara, baina ezinezkoa izan da. Ez dakigu ez non dauden, ez zer gertatu zaien. Baina ziur gaude agintariek euren esku dagoen guztia egiten dutela kontseiluaren lana oztopatzeko».

Kolesnikova alderdi berri bat sortzeko lanean ari zen, Together, eta, horretarako, espetxean dagoen oposizioko kide Viktor Babarikorekin harremanetan jarria zen. Veronika Tsepkalo oposizioko kideak ohartarazi du Bielorrusia ez dela segurua Aleksandr Lukaxenko presidentearekin kritikoak direnentzat: «Ikusi besterik ez dago non dauden oposizioko kideak: preso ez daudenek erbestera ihes egin behar izan dute». Tsepkalok berak Polonian hartu du babesa, eta Svetlana Tikhanovskaia presidentegai izandakoak, berriz, Lituanian. Olga Kovalkovak ere ihes egin behar izan du Bielorrusiatik Lituaniara. «Agintaldi honetan oposizioko bi buruzagi behintzat espetxeratu dituzte. Nire senarrak berak [Valeri Tsepkalo enpresariak] bere aurkako hamabost urteko espetxe zigorra du», gogorarazi du Tsepkalok.

Europako Batasunak gaitzetsi egin du Kolesnikovaren atxiloketa, eta baita manifestarien aurkako jazarpena ere. Josep Borrel diplomaziaburuak ohartarazi dio Minski gelditu egin behar dituela «funtsik gabeko atxilotzeak».

Bestalde, milaka lagun irten ziren kalera asteburuan, gobernuaren aurka. Minsk hiriburuan izan ziren protestarik jendetsuenak, eta baita istilurik gogorrenak ere. Iturri ofizialen arabera, segurtasun indarrek ehunka manifestari atxilotu zituztenseiehundik gora, zenbait iturriren arabera. Manifestariak presidentetzaren jauregira gerturatu zirenean oldartu zitzaien Polizia, negar gasa eta ur kanoiak erabiliz.

Abuztuaren 9ko presidentetzarako bozen ostean hasi zituzten protestak, oposizioak iruzurra egon zela salatu ondoren. Antolatzaileek salatu dute geroztik gutxienez lau manifestari hil dituztela, eta dozenaka torturatu.

Aleksandr Lukaxenko presidentea nazioarteko babesak galtzen ari den honetan piztu dira protestak. Izan ere, Errusiaren aliatu historikoa izan denak inoiz ez ditu harreman estuak izan Mendebaldeko herrialdeekin, eta azken urteetan okertu egin dira Moskurekiko hartu emanak ere, besteak beste Moskuk Bielorrusiarekiko eragina handitu nahi duelako, eta Lukaxenkok, berriz, subiranotasunari eutsi asmo diolako. Estatuburuak, hala ere, Mendebaldeari egotzi dio protestak bultzatu izana, eta, horiek okertu direnean, Moskuri eskatu dio laguntza.

Egoera ekonomikoa

Bielorrusiako Banku Zentralak jakinarazi duenez, bere urre erretserben seiren bat xahutu zuen abuztuan, orotara 1.600 milioi dolar inguru. Horrez gain, komunikazioen alorra ere arazoak izaten ari da gobernuak Interneterako sarbidea etengabe eteten duelako, protestak argudio gisa hartuta. Hori nahikoa ez, eta alor publikoko enpresa ugarik ere bat egin dute protestekin; horrek okertu egin du egoera ekonomikoa. «Jendeak galdu egin du Lukaxenkori zion beldurra: dagoeneko ez da boterearen irudia, agintea galdu du. Ez du axola zenbat polizia jartzen dituen: jendeak protestatzen jarraituko du», azaldu du Daragh McDowell politologoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.