Migratzaileentzako behin-behineko kanpaleku bat jarriko du Atenasek

Tiro eremu zahar batean hasi dira kanpin dendak jartzen, Moriatik gertu. Migratzaileek protesta egin dute lekualdatzearen aurka. EBk hilaren 30ean aurkeztuko ditu asilo eta migrazio politika berriak

Asilo eskatzaileak behin-behineko beste kanpaleku batera eramatearen aurka protestan, atzo, Lesbosen. O.P. / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Greziako Gobernuak iragarri zuen herenegun aterpea emango ziela Moriako kanpalekua erre ostean kale gorrian geratutako migratzaileei, baina gehienek hirugarren gaua egin zuten ostegunean errepide bazterrean. Gobernuz kanpoko erakundeek banatutako janaria eta ura izan zuten askok baliabide bakar; hori, eta kanpalekua suntsitu duen sutetik atera ahal izan zuten gutxia.

EB Europako Batasunak migratzaileak Lesbos uhartetik ateratzeko eskatu du aste honetan, baina azken hitza Atenasen esku utziz, eta EBko beste herrialdeetara eramateko proposamen berririk gabe. Frantzia eta Alemania prest agertu ziren atzo uhartean bakarrik dauden laurehun adingabeetatik «gehienak» hartzeko, baina kopururik zehaztu gabe. Beste zenbait herrialde ere, tartean Herbehereak, Kroazia, Belgika eta Finlandia, prest agertu dira hainbat adingabe jasotzeko.

Greziak dagoeneko ohartarazi du ez duela bere asmoen artean Moriako kanpalekuan bizi zirenak kontinentera eramatea, eta bai, aldiz, harrera zentro itxi bat eraikitzea, guztiei «aterpe seguru bat emateko». Hala, Bruselak babestu egin ditu Atenasen asmoak, eta eskatu dio «lehenbailehen» eraiki dezala migratzaileentzako zentro «modernoago bat», haiek identifikatzea eta asilo eskaerak egitea ahalbidetuko duten zerbitzuekin. Bien bitartean, hala ere, Atenasek behin-behineko beste gune bat jarriko du Lesbosen bertan, egun erabiltzen ez den tiro eremu batean estatuaren jabetza dira bertako lurrak. Atzo goizean hasi ziren hara kanpin dendak eramaten, helikopteroen laguntzarekin.

Testuinguruak etsita, eta informaziorik eta irtenbiderik gabe, asilo eskatzaileen artean amorrua zabaltzen hasia da. Atzo arratsaldean, migratzaile talde batek manifestazio inprobisatu bat egin zuen Mitilenerako errepidean, «askeak izan nahi dugu, ez dugu beste kanpamentu bat nahi» oihukatzen zuten bitartean.

Pandemiaren aitzakiarekin, azken sei hilabeteak kanpalekuan itxita eduki dituzte asilo eskatzaileak, ateratzeko aukerarik gabe. Horrek tentsioa sortu du migratzaileen artean, baita protestak ere. Azkenean, asteartean lehertu zen egoera, hainbat lagun berrogeialdian jarriko zituztela jakin baitzen, baina ez zieten azalpen gehiagorik eman. Zenbaitek suak piztu zituzten protesta modura, eta haize indartsuak horiek kanpin denden artean zabaldu zituzten, kanpaleku osoak su hartzeraino.

Bestalde, Europako Batzordeko presidenteorde Margaritis Schinasek iragarri zuen hilaren amaieran migrazio eta asilo politika berriak proposatuko dituela Europako Batzordea, eta aurreratu zuen «elkartasunean oinarritutako sistema iraunkor bat» jarriko dutela mahai gainean. Ez da lehen aldia migrazio kuotak adosten ahalegintzen direla.

Erreskate lanak

Europako buruzagiek proposamen berria aurkeztu bitartean, erreskate lanetan jarraitzen dute Mediterraneoan. Open Arms gobernuz kanpoko erakundearen itsasontziak beste 77 migratzaile erreskatatu zituen atzo, nazioarteko uretan. Erreskatatuen artean daude 11 emakume eta bi adin txikiko. Horiekin, 160 lagun dituzte ontzian, portu seguru bat lortzen zain.

Abuztuaren 4an, Maersk Etienne kargaontziak erreskatatutako 27 migratzaileek portu seguru baten zain jarraitzen dute. Danimarkako Gobernua bertako bandera du ontziak hainbat estaturekin harremanetan jarri da har ditzaten, baina inork ez du baiezkorik esan. Ontziko arduradunek migratzaileen osasun egoeraz ohartarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.