Al-Fatahk eta Hamasek adostu dute sei hilabeteko epean bozetara deitzea

«Elkarlan nazionala» helburu, elkarrizketetan ari dira Palestinako bi mugimendu nagusiak. Herrialdean ez dute hauteskunderik izan azken hamalau urteetan

Hamaseko ordezkaritza bat eta Al-Fatahko beste bat, 2014ko apirilean, batasun gobernua eratzeko lortu zuten akordioa ospatzen. MAJDI FATHI.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Palestinan hauteskunde prozesu bat hastea adostu dute herrialdeko bi mugimendu nagusiek, Al-Fatahk eta Hamasek. Sei hilabeteko epean bozetarako lehenengo deialdia egiteko konpromisoa hartu dute aste honetan Turkian hasi dituzten elkarrizketetan. Bi aldeen adiskidetzea eta elkarlana lortzea da bilkuren helburua. Horretarako lehenengo urratsa hauteskundeetara deitzea da. Akordioan jaso dituzten bozak azken hamalau urteetako lehenengoak dira.

Palestinako bi mugimendu nagusien arteko gatazkak zatitua du herrialdeko agintea. Al-Fatahk du Zisjordaniaren gaineko kontrola, eta Hamasek Gazarena, 2007. urteko istiluen ostean Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak batasun gobernua desegin zuenetik. Azken urteetan hainbat saiakera egin dituzte zatiketa gainditzeko, baina ez dute fruiturik eman. Turkiako elkarrizketak dira azken ahalegina.

«Elkarrizketa bideratu dugu Palestinaren Istanbulgo kontsulatuan, eta elkarlan nazionalerako bitartekoei buruzko ikuspegi argi bat adostu dugu, ordezkaritza proportzionaleko bozetan oinarrituta. Legebiltzarrerako hauteskundeetatik hasiko gara; presidentetzarako hauteskundeak egingo ditugu , eta Kontseilu Nazionalerako bozak azkenik», adierazi du Jibril Rajubek, Al-Fatahko idazkari nagusiak.

Akordioari garrantzia aitortu dio Saleh Al-Aruri Hamaseko buruak. «Oraingoan egiazko adostasuna lortu dugu». Haren esanetan, Palestinak ezinbestekoa du bi aldeen arteko elkarlana. «Zatiketek kalte egin diete gure helburu nazionalei, eta hori amaitzeko ari gara lanean».

Rajubek nabarmendu du elkarrizketen xedea «batasun nazionala eraikitzea» dela, eta, haren iritziz, hauteskundeak dira horretarako bidea. «Prozesu demokratikoa da gure sistema politikoa eraikitzeko modu bakarra».

Hauteskundeak lurralde osoan antolatzen saiatuko dira, baina, Rajubek azaldu duenez, bozkatzeko aukerarik ez dagoen tokietan ordezkaritza bermatzeko irizpideak adostu beharko dituzte. Hala ere, ezinbestekotzat jo du Jerusalemen bozak egin ahal izatea: «Jerusalem gabe, ez da bozik izango». Israelek hainbatetan ukatu du hiriburuan Palestinako hauteskundeak egiteko aukera.

Al-Fatahk eta Hamasek azken urteetan zatiketa gainditzeko ahaleginak egin dituzten arren, ezin ulertua gainditzea are beharrezkoagoa egin zaie azken hilabeteetako gertakarien harira.«Elkarlan nazionala» lortzea oinarrizko baldintza dute erantzuna eman ahal izateko AEBen Ekialde Hurbilerako bake planari, Israelen Zisjordaniarako anexio planari eta Arabiar Emirerri Batuek eta Bahrainek Israelekin harremanak normalizatzeko sinatu dituzten itune. Hain justu, AEBek Nazio Batuen Erakundean duten ordezkariak atzo adierazi zuen «bizpahiru egun barru» beste herrialde batek ere harremanak normalizatuko dituela Israelekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.