Luze joko du suspertzeak

Nazioarteko Diru Funtsak ohartarazi du «orbain sakonak» utziko dituela krisiak. Erakunde publikoek orain hartuko dituzten zorrak pagatzeko aberatsei eta enpresei zergak handitzea ontzat hartu du

Emakume bat itxitako denda baten aurretik igarotzen, atzo, Londresen. NEIL HALL / EFE.
Irune Lasa.
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
COVID-19ak ekonomia globalean eragindako amiltzea uste baino txikiagoa izan da, eta barne produktu gordinaren suspertzea, aldiz, uste baino azkarrago iritsi da. Baina 2021ean ekonomiak errebotea izango duela uste arren, urrunago begira, hodei ilunak ikusten ditu Nazioarteko Diru Funtsak (NDF). Hainbat sektoretan eta herrialdetan pandemiak orbain sakonak utziko dituela ohartarazi du.

Gaitza iritsi aurretik bosturteko honetarako aurreikusita zeuden hazkundeen oso behetik izango da munduko ekonomia 2025. urtean. «Ekon omia globala bueltan dator, baina igoerak luze joko du, desberdintasun sozialen eta ziurgabetasunen artean».

Kontsolamendurako balio dezake, agian, NDFren ustez gauzak okerragoak izan zitezkeela. «Suspertzea askoz ahulagoa izan zitekeen ez balira inoiz ez bezalako neurri fiskal, monetario eta arautzaile garrantzitsuak eta bizkorrak hartu familien diru sarrerak mantentzeko, enpresen likideziari eusteko, eta kreditu hornidura sustatzeko. Ekintza horiekin guztiekin batera, eragotzi egin da 2008-2009ko finantza hondamendia berriz gertatzea». Beharrezkoa da, hori bai, politika horiekin jarraitzea, ez kentzea bizkorregi; hori baita, erakundearen aburuz, atzerakada gehiago prebenitzeko modua.

Pandemiaren goraldi berriak gorabehera, Funtsak aurreikusi du munduko barne produktu gordina uste baino gutxiago amilduko dela 2020an, %4,4; baina 2021eko suspertzea ere uste baino motelagoa izango da, %5,2 haziko baita.

Eurogunean, berriz, ekonomia aurten %8,3 jaitsiko dela dio NDFk —ekainean, -%10,2—, eta 2021ean BPGa %5,2 haziko dela—ekainean, %6—. Europako herrialdeen zerrendan deigarriak dira bi digitutik gorako jaitsiera batzuk: Portugalena (-%10), Italiarena (-%10,6) eta Espainiarena (-%12,8). Italiako barne produktu gordinaren errebotea %5,2 izango da 2021ean, eta Espainiakoa, %7,2. Hori bai, Funtsak %16,8ko langabezia tasa iragarri dio Espainiari 2020rako eta 2021erako ere. Frantziako ekonomiak ere jaitsiera handia izango du aurten (-%9,8), eta %6 haziko da datorren urtean, baina langabeziak ere gora egingo du, %10,2ra.

Luze gabe, hazkunde globala %3,5 izango da; mugatua oso, pandemia aurretik iragarritako hazkunde erritmoa harrapatzeko. «Atzerakada larria da bizitza estandarretan herrialde guztientzat iragarritako hobekuntza. Pobrezia globala murrizteko 90eko urteetatik egindako aurrerapausoak lehengoratu ditzake, eta gizarte desberdintasunak handitu». NDFren aburuz, 90 milioi pertsona inguru geratuko dira aurten muturreko pobrezian, eguneko diru sarrerak 1,90 dolarretik beherakoak izateraino.

Iragarpenak egitean, ez da harritzekoa egileak ziurgabetasunak aipatzea, baina, oraingoan, NDFren ustez, arrisku posibleak eta haien eraginak bereziki zailak dira neurtzen. Batetik, pandemiaren ibilbidea bera dago, eta hari nola erantzun beharko zaion osasungintzaren eta jarduera ekonomikoaren esparruetan. Bestetik, aintzat hartu beharko da, era berean, eskaera apalak, turismo ahulak eta ordainketa txikiek dakarten segurtasun gabezia. Finantza merkatuen «sentimendua» ere arriskutsua izan daiteke.

Txertoetan eta tratamenduen hobetzean ez ezik, kontraneurri fiskaletan ere ikusten du Funtsak aurrerabidea, eta 2021ean ere horiei eutsi behar zaiela dio. «Horrek altxa dezake hazkundea aurreikusitako mailatik».

Politika fiskalen barruan, zorpetzea edo zorpetzea areagotzea aukera egokitzat ikusten du NDFk, hainbat herrialde ikusten dituelako herritarrak laguntzeko eta jarduera ekonomikoari eusteko zailtasunetan, «zor publiko handia dutelako, eta krisiak handitu egin dizkielako gastuak, aldi berean zerga bilketei kalte eginda». Diru politikak ere badu zereginik horretan: «Inflazio aurreikuspenak helduta dauden tokietan diru politika malguak lagundu dezake trantsizioan maileguen kostuei eusten».

Hori bai, krisi ostean eta luze gabe gradualki kontsolidaziora itzultzeko konpromisoa eskatu die Funtsak herrialdeei.

Zergak igotzea

Kontuak orekatzen hasteko, arlo publikoaren diru sarrerak ere egokitu behar direla uste du NDFk; alegia, zerga batzuk igo behar direla. «Nahiz eta krisietan zaila izan sarrerak igotzeko neurriak hartzea, gobernuek aintzat hartu behar dute zerga progresiboak igotzea norbanako aberatsenen eta krisiak gutxien kalte egindakoen gainean (sarrerarik handienen zerga tarteetan, goi mailako ondareetan, kapital irabazietan eta aberastasunean), baita aldaketak egitea ere sozietateen gaineko zergetan, ziurtatzeko enpresek beren errentagarritasunari dagozkien zergak ordaintzen dituztela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.