AEBetako hauteskundeak. Biharamuna

Trump, tarte gutxiagorekin

Zenbaketak aurrera egin ahala, hautagai errepublikanoak bozen gauean lorturiko abantaila galdu du zalantzazko estatuetan; epaileek, gainera, helegiteak ukatu dizkiote. Bidenek Michigan lortu du

Abeslari bat Washington hirian, herenegun gauean, Zenbatu boto guztiak leloa duen pantaila bat atzean duela. MICHAEL REYNOLD / EFE.
ander perez zala
2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
AEBetako hauteskunde gauakJoe Biden hautagai demokratari testuinguru baikorra utzi zion, eta bozen biharamunak are gehiago zabaldu dio garaipenerako bidea, zalantzazko estatuetan Donald Trump hautagai errepublikanoarekiko aldea txikitzea lortu baitu. Botoen zenbaketak aurrera egin ahala, Trumpek herenegun gaueko abantaila desagertzen ikusi du, haren eta kanpainako lantaldearen urduritasuna areagotzeraino. Hautagai errepublikanoa, estatu batzuetan aurretik doan arren, tarte gutxiagorekin geratu da, eta demokratek itxaropenerako geroz eta arrazoi gehiago dituzte.

Pennsylvaniako (20 konpromisario), Georgiako (16), Ipar Carolinako (15), Arizonako (11), Nevadako (6) eta Alaskako (3) emaitzen faltan, eta edizio hau ixteko orduan, Biden aurretik doa 253 ordezkari irabazita, eta Trump atzetik du 214rekin; hortaz, hautagai demokratari hamazazpi konpromisario baino ez zaizkio falta garaipenerako, eta errepublikanoari 56. Kontuan harturik Alaskako hirurak Trumpentzat ziurrak direla, atzoko arreta jokoan dauden gainontzeko bost estatuetan egon zen jarria: guztiek zituzten botoen %85 baino gehiago zenbatuak, baina oraindik goiz zen garailea nor zen esateko, bi hautagaien arteko tarteak eta egun osoan horrek izan zuen joerak ez zutelako modurik ematen.

Azken datuen arabera, Biden aurretik zen Arizonan eta Nevadan, puntu eta bi punturen aldeaz, eta Trumpek, berriz, Pennsylvanian, Georgian eta Ipar Carolinan zituen aurkariak baino boto gehiago, puntu erdi eta bi punturen tarteaz. Behin betiko emaitzak horiek izango balira, hautagai demokrata izango litzateke garailea, tarte estu bati esker: 270-268. Egoera horretan, litekeena da hautagai errepublikanoak auzitara jotzea aurtengo hauteskundeen emaitzekin; atzo bertan hasi zuen «bataila legala» demokratek irabazitako estatuetan, eta horietan helegiteak aurkeztu zituen. Herdoilaren Gerrikoko Michigan estatua izan zen herenegun gaueko Bidenen azken garaipena, eta horretan zenbaketa gelditzeko helegitea aurkeztu zuten errepublikanoaren abokatuek; alferrik. Gainontzekoetan ere epaileek uko egin zioten horiek onartzeari; aldiz, garaipen judizial bakarra Pennsylvanian izan zuten, baina soilik behatzaile errepublikano batek boto zenbaketa «hurbilagotik» zaintzeko aukera izan zezan. Nevadan ere helegite bat aurkeztu zuten, «boto ilegalak» daudelakoan, eta gaur dira hori aztertzekoak.

Horri begira, Trumpek, ohi bezala, Twitter sare sozialaren bidez eman zuen bere iritziaren berri. «GELDITU ZENBAKETA!», idatzi zuen txio batean; «GELDITU IRUZURRA!», beste batean. Emaitzak eguneratu ahala, hautagai errepublikanoaren urduritasuna nabariagoa zen, nahiz eta haren kanpainako taldeak garaipena «ziurtzat» jo zuen. Berdin Bidenen aldean, «kalkuluek» hala erakusten zutela argudiatuta; halere, hautagai demokratak prentsaurrekoan errepikatu egin zuen boto emaileei herenegun helarazitako mezua: pazientzia izateko, itxoiteko, «boto guztiak zenbatu behar» direla.

Azkenean hauteskundeak galtzen baditu ere, Trumpek 2016an baino boto gehiago lortu ditu aurten; sei milioi, atzoko informazioaren arabera, eta, konparazioa egitearren, Hillary Rodham Clintonek duela lau urte lortu zituen baino sei milioi boto gehiago eskuratu ditu Bidenek atzo arte.

Demokrataren aldeko botoaren parte bat errepublikanoaren kontra egiteko izan da, Biden bera babesteko baino gehiago. Hautagai demokratak, Twitter bidez hark ere, adierazi zuen irabaziz gero «Amerikako presidente» gisara arituko zela, kanpaina demokrata gisa egin duen arren.

Edonola ere, ikusteko dago gaur jakinaraziko dituzten eguneraketek garailea zehazteko balioko ote duten. Jokoan dauden estatu gehienek boto ia guztiak zenbatu dituzten arren, falta direnak aztertzeko denbora behar dute oraindik; horietako batzuetan, gainera, posta bidez iritsiko zaizkienak jaso behar dituzte, gehienak gaur edo asteburu honetan.

Protestak kaleetan

Protesten harira, Trumpen jarraitzaileak AEBetako hainbat hiritako kaleetara atera ziren manifestatzera, bozketa sisteman «iruzurra» dagoela salatzeko.

Besteak beste, protesta egin zuten Arizonan, botoak zenbatzen ari diren barrutietako batean. Trumpen aldeko bandera ugari zituzten eskuetan, eta asko armaturik zeuden; manifestarien artean zegoen Alderdi Errepublikanoko Arizonako kongresukide Paul Gosar. New Yorken, berriz, istiluak izan ziren Poliziaren etaAEBetako presidentearen aurkako protestarien artean. Boto guztiak zenbatzeko eskatu zuten, eta dozenaka lagun atxilotu zituzten Washington Square Parken inguruan, Manhattanen. Pennsylvanian ere manifestazioak egin zituzten Trumpen aldekoek, eta han ere boto zenbaketa gelditzeko eskatu zuten, hautagai errepublikanoa aurretik zela.

Finean, egun, aurreikusitako eta AEBetako presidenteak berak hilabeteotan elikatutako egoera bat daukate herritarrek aurrez aurre: hauteskundeen emaitzak estuak izango dira, pare bat estaturen menpe egongo dira, eta posta bidezko botoak erabakigarriak izango dira. Pennsylvaniako emaitzen gaurko eguneraketek behe lainoa desegin lezakete, betiere Bidenen garaipena erakusten badute; izan ere, hango hogei konpromisarioekin nahikoa luke irabazteko. Atzo behintzat, zenbaketak aurrera egin ahala, bien arteko tartea txikituz joan zen.

Georgian, berriz, Trumpek ditu irabazteko aukera gehiago, baina horretan bakarrik gailentzeak ez dio balioko. Halere, oraindik ez dago argi noiz deklaratu ahalko duten irabazlea: Nevadak atzo adierazi zuen zenbaketak asteburura arte iraun lezakeela; hurrengo astera arte ere bai, agian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.