Mossadeko buru ohiak onartu du Israelek Iranen baliabide nuklearrei eraso ziela

Tel Avivek iradoki du Natanz zentralaren kontrako sabotajean eta Fakhrizade zientzialarien hilketan parte hartu zuela, eta mehatxu egin die «Israelen etsaiei»

Teheran hegoaldean dagoen Natanz zentral nuklearraren zati bat, iazko uztailean izandako leherketak suntsituta. EFE.
Julen Aperribai.
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Jakina zenari hitzak jarri zizkion Yossi Cohen Mossad Israelgo zerbitzu sekretuetako buru izandakoak, eta hark ordezkatutako gobernuak egin ohi duena baino gardenago mintzatu zen herenegun, Iranen programa nuklearraren kontrako erasoetan Israelek izandako parte hartzeaz.

Bost urteko agintaldia amaituta, kargua utzi berritan iradoki zuen Cohenek Israel egon zela Natanz zentral nuklearraren aurka azken urtean egindako erasoen atzean, Israelgo Channel 12 telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean; Mossaden beste operazio baten inguruko xehetasunak ere eman zituen: inteligentzia zerbitzuak Teheranen egindako lapurreta bati buruzkoak. Halaber, programa nuklearrean lanean ari diren zientzialarien aurka egin izana ere aitortu zuen, eta mehatxu egin zien, esanez haiek ere bihur daitezkeela inteligentzia zerbitzuen helburu.

Azken urtean, bi leherketa izan dira Natanzen. Uranioa aberasteko Iranek duen zentralik garrantzitsuena da, eta lurpeko zentrifugagailuak erabiltzen dituzte horretarako. Iazko uztailean, zentrifugagailu horietako zenbait suntsitu zituen leherketa batek. Duela bi hilabete antzeko beste eztanda bat izan zen, eta lur azpiko areto handi bat birrinduta geratu zen. Iranek Israel jo zuen erruduntzat, eta «erregimen sionistaren aurkako mendekua» iragarri.

Iranen gune nuklearrak «gertutik» ezagutzen dituela azaldu zuen Cohenek, eta Ilan Dayan elkarrizketatzaileari esan zion, aukera izango balu, Natanzeko «sotora» eramango lukeela, «zentrifugagailuak biraka ibiltzen ziren lekura». Kazetariak galdetu zion ea gailu horiek dagoeneko ez ote duten funtzionatzen, eta Cohenek erantzun zion ezetz, «konpondu ez badituzte behintzat». Ez zuen guztiz argitu zenbaterainoko inplikazioa izan zuen zentralaren kontrako sabotajean, baina esan gabe utzitakoekin erantzun zion elkarrizketatzailearen jakin-minari: «Oso argi esan genion [Irani] ez diogula utziko arma nuklearrak lortzen. Zer da ulertzen ez duzuna?».

Mohsen Fakhrizade Irango zientzialari nuklear nagusiaren hilketaz ere aritu ziren. Iazko azaroan hil zuten Teheranen, tirokatuta, eta Cohenek azaldu zuen aurretik ere Mossaden jopuntuan zegoela. Hala ere, azaldu zuen zientzialariaren kasuan bere ezagutza zela mehatxu nagusia, eta ezagutza hori biltzea izan zela inteligentzia zerbitzuen lana. Haren aurkako atentatua ez zuen bere gain hartu Cohenek, baina hala iradoki zuen kazetariak: «Yossi Cohenek ezin du ekintza honen erantzukizuna bere gain hartu, baina haren sinadura dago operazioan».

Israelek «etsaitzat» dituenak hiltzea defendatu zuen inteligentzia zerbitzuetako buru izandakoak, «baldin eta Israelgo herritarrak arriskuan jartzeko gaitasuna badute». Hilketa horiek aldi berean ohartarazpenak ere badirela azaldu zuen, Israelek mehatxatuta dituen zientzialariek ikusten baitute abisu horiei kasurik egin ezean zer gertatuko zaien.

Bestelako operazioez ere aritu zen, espioitza kasuez eta antzekoez. Esaterako,xehetasunak eman zituen Teheran hegoaldeko almazen batean Mossadek milaka artxibo sekretu ostu zituenekoaz. Aitortu zuen operazioa berak gidatu zuela, Tel Avivetik. Iranen programa nuklearrarekin lotutako askotariko materiala atzeman zuten bertan, Cohenen arabera. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin koordinatutaegin zuten operazioa, argitu zuenez. Israelek hasieratik onartu zuen ekintza hori egin izana. Netanyahuk berak prentsaren aurrean eman zuen egindakoaren berri, eta esan zuen operazioa «Israelen historian inteligentziak izandako lorpen handienetako bat» izan zela.

Vienara begira

Elkarrizketak zeresana eman du Israelen, ez baita ohikoa iturri militarrek euren operazioen inguruan hain modu irekian hitz egitea. Aitzitik, elkarrizketen edukiak aurrez gainbegiratu ohi dituzte zentsore militarrek. Horregatik, Cohenek aho bilorik gabe hitz egin izanak eta horrek zentsura neurri oro gainditu izanak pentsarazten du Irani mezu bat bidaltzea zela haren asmoa.

Baita elkarrizketa orain egin izanak ere, gaur berrartuko baitituzte AEBek eta Iranek 2016ko akordio militarra berriz aktibatzeko negoziazioak, Vienan. Lehenengoak 2018an utzi zuen ituna, eta isunak jarri zizkion Irani. Horiek bertan behera uzteko eskatzen du azkenak. Herenegun, Etxe Zuriak baliorik gabe utzi zituen Irango Gobernuari eta herrialde horretako bi enpresari jarritako zigorrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.