Albistea entzun

EBko kideen zorra gutxitu nahi du Bruselak, baina «modu errealista batean»

Europako Batzordeak ofizialki abiatu du Egonkortasun Itunaren erreforma. Onartu du arauak egokitu behar duela pandemiak erakutsitako errealitatera
Paolo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa eta Valdis Dombrovskis lehendakariordea, atzo, Estrasburgon.
Paolo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa eta Valdis Dombrovskis lehendakariordea, atzo, Estrasburgon. RONALD WITTEK / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2021eko urriak 20

Betiko zatiketa eragitera doan eztabaida bati ekin dio Europako Batasunak: nola txikitu azken urte eta erdian pilatutako zor handia ekonomia berriro hondoratu gabe? «Zirkulua nola egin lauki?», Paolo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioaren beraren atzoko esaldia erabilita. «Modu argi eta errealista batean», Gentiloniren beraren hitzetan.

Hemendik hilabete batzuetara zehaztuko du Bruselak formula hori zertan datzan, EBren Egonkortasun Itunaren erreformarako bere proposamena aurkezten duenean. Aurretik, EBko 27 kideetako gobernuen proposamenak jaso beharko ditu, 2021. urtea amaitu aurretik. Dagoeneko nahiko jakina da zer erantzun jasoko dituen: iparraldean zorroztasuna eskatuko diote, eta arauak sinpletzea, orain arteko arauarekin bazirelako izkin egiteko aukerak; hegoaldean, berriz, gerrikoa gehiegi ez estutu behar izatea da helburua. Zorra murrizteari lehentasuna emango diote lehenek, eta hazkundea ez itotzeari, berriz, bigarrenek.

Eztabaida klasiko horretan, Europako Batzordeak malgutasunaren bidea hartuko duela iradoki zuten atzo Gentilonik eta Valdis Dombrovskis lehendakariordeak, azken hori belatzen artekotzat daukaten arren. «Arau berriek errealitate berriak islatu behar dituzte», esan zuen Dombrovskisek; alegia, zorraren krisiak eta pandemiak erakutsitako lezioak jaso behar ditu Egonkortasun Itunak. Eta lezio nagusia da krisiei gastu publikoarekin aurre egin behar zaiela, EBk hain harro aldarrikatzen dituen babes sistemak itoko ez badira.

Egonkortasun Itunaren bi puntu nagusiak hauek dira: lehenik, estatu kide batek ezin du izan BPGaren %3 baino gehiagoko defizita, eta, kopuru hori gainditzen badu, Bruselaren gainbegiradapean geratuko da; bigarrenik, zorrari ere muga bat jartzen dio —BPGaren %60—, eta hori gainditzen dutenak behartu egiten ditu urtero zor gehigarri horren zati bat kitatzera —eta gastu publikoa milaka milioi batzuk txikitzera—.

Arau hori oso gutxitan bete izan da historikoki, EBko bi kide boteretsuenak ere—Alemania eta Frantzia— bekatarien artean izan direlako, besteak beste. Baina arau hausleak beste batzuk izan direnean, oso estu hartu dituzte bide onera itzultzeko, eta Bruselaren gomendioei men egin behar izan diete.

Egonkortasun Itunaren erreforma eztabaidagai ze koronabirusa agertu aurretik ere, baina pandemiak jokalekua aldatu du. Berez, COVID-19aren kalteei aurre egiteko EBk hartutako lehen erabakietako bat izan zen itun horren aplikazioa etetea, eta estatu kideei aukera ematea behar zen gastu publiko guztia egiteko, osasun eta gizarte kalteak txikitzeko. Aukera ederki baliatu dute gehienek, eta, azken datuen arabera, 1,36 bilioi euro handitu dute zor publikoa; %12,3, alegia.

Inbertsio berdeekin zer?

Ikusteko dago itun berria noiz aplikatuko den. 2022an ere etenda egongo da, baina urtea amaitu aurretik testu berria prest ez badago zaharra ezartzea nahi dute iparraldekoek; hegoaldekoek, berriz, uste dute hobe dela testu berria egon arte ezer ez aplikatzea.

Erabaki beharreko beste kontu bat da zer salbuespen izango dituen itun berrituak. Trantsizio energetikoan eta klima aldaketaren aurkako borrokan egindako inbertsio batzuk gastu gisa ez zenbatzeko eskatzen ari dira eragin handiko think tank batzuk, eta horrekin ados dira zenbait gobernu ere. Drombrovskisek aitortu zuen aukera hori egon badagoela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Pantailan erosoago

Pantailan erosoago

Iker Aranburu

Facebookekin, harreman birtualen sarea sortu zuen, eta orain, metabertsoarekin, errealitate birtualean beste urrats bat egin nahi du. Lobbyetan asko gastatzen du, Facebooken edukien kontrolari aurre egiteko.

Mark Zuckerberg, AEBetako Kongresuan egindako agerraldi birtual batean. ©MICHAEL REYNOLDS / EFE

Pantailan erosoago

Iker Aranburu

Facebookekin, harreman birtualen sarea sortu zuen, eta orain, metabertsoarekin, errealitate birtualean beste urrats bat egin nahi du. Lobbyetan asko gastatzen du, Facebooken edukien kontrolari aurre egiteko.

Sindikatuen elkarretaratzea Errenterian, lan heriotzak salatzeko. ©LAB

Errenteriako eta Elgoibarko lan heriotzak salatu dituzte sindikatuek

Julen Otaegi Leonet

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru Errenterian bildu dira. Salatu dute lan heriotzek ez dutela «etenik».

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua, Radio Euskadin. ©Radio Euskadi

Energia aurrezteko industrian eta «sektore guztietan» lan egin behar dela dio Tapiak

Julen Otaegi Leonet

Energia berriztagarriak bultzatzeko beharra erakutsi du, «industria intentsiboari» beste irtenbide bat bilatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...