Klima, modernizazioa eta pandemia, Alemaniako koalizioaren lehentasunak

SPDk, Berdeek eta FDPk legealdirako adostu duten akordioaren berri eman dute. Scholz abenduaren 6aren inguruan aukeratuko dute herrialdeko kantziler

Ezkerretik hasita, Lindner (FDP), Scholz (SPD), Baerbock eta Habeck (Berdeak), atzo, akordioaren berri eman ostean, Berlinen. CLEMENS BILAN / EFE.
ander perez zala
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Semaforoa martxan da. Koalizio gobernua osatuko duten hiru alderdien koloreak atzean zituela, eta aldaketaren mezua indartzen duen Ausartu aurrerago egiten leloa oinarri duela, Olaf Scholz SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako kantzilergaiak atzo jakinarazi zuen bere indar politikoa, Aliantza 90/Berdeak ekologista eta FDP Alderdi Demokratiko Libreko liberalak ados jarri direla hiruko koalizio bat osatzeko, eta, hortaz, herrialdea aro politiko berri batean sartuko dela datorren hilabetetik aurrera. Scholzek «bide egokia eraikitzeko» akordiotzat aurkeztu zuen SPDk, Berdeek eta FDPk ondu duten dokumentua, eta argi utzi zuen klima, pandemia eta herrialdearen modernizazioa izango direla haien lehentasunak.

Hiru alderdietako buruzagiek parte hartu zuten koalizio gobernuaren adostasunaren berri emateko agerraldian. Denek aitortu zuten hilabeteotako negoziazioak aberatsak eta batzuetan gogorrak izan direla, baina, aldi berean, inoiz ez dutela zalantzarik izan arrakasta izango zutela. FDPren buruzagi Christian Lindnerren ustetan, premiazkoa zen statu quo-a amaitzea; hau da, azken hamasei urteetako agintaldi kontserbadoreak.

Hori bai, aldaketak izango diren arren, Lindnerrek azaldu zuen Alemaniako gobernu berria «aliatu fidagarria» izango dela aurrerantzean ere, bai etxean, bai atzerrian: «Scholz kantziler sendo bat izango da», adierazi zuen hiru alderdiz osaturiko koalizioak izan dezakeen desegonkortasunari buruz.

Annalena Baerbock ekologisten buruzagietako batek, berriz, klima larrialdian eta ekonomia moldatu beharrean jarri zuen arreta: «Klima neutraltasuna puntu komun bat izango da [ministerio guztietan] hartuko diren norabideetan». Haren aurretik, Robert Habeck Berdeen beste buruak adierazi zuen «aliantza inoiz ikusi ez den bezalakoa» dela, eta «helburua herrialdea modernizatzea» izango dutela.

Adosturiko neurrien artean daude gutxieneko soldata orduko 9,6 eurotik 12ra igotzea; ikatza erabiltzeari «idealki» 2030ean uztea —aurreikusi baino zortzi urte lehenago—, eta klima neutraltasuna 2045erako lortzea; koronabirusaren pandemiari aurre egiteko krisi talde bat sortzea; urtero 400.000 apartamentu eraikitzea, eta alokairuen igoera gelditzea; pentsioak ez murriztea; barne produktu gordinaren %3,5 ikerketan, berrikuntzan eta garapenean (I+G+B) inbertitzea; digitalizazioa sustatzea; botoa emateko eskubidea 16 urtera jaistea; eta kalamua legeztatzea, besteak beste.

Agintariek ez zuten semaforo koalizioko —alderdien koloreengatik— postuen berri eman, baina, agerraldiaren aurretik argitara atera zuten itunaren arabera, SPDk sei ministerio izango ditu; Berdeek, bost; eta liberalek, lau. Karguei dagokienez, Scholz izango da kantzilerra, eta haren alderdiak Barne, Defentsa eta Osasun postuak izango ditu, esaterako.

Ekologistei dagokienez, Habeck izango litzateke kantzilerordea, eta, horrekin batera, Ekonomia eta Klima ministro ere izango da; Baerbocki dagokionez, Atzerri ministroaren postuaz arduratuko da, eta ekologistek Nekazaritzakoa eta Familiakoa ere izango dute, besteak beste.

Azkenik, liberalen buruzagi Lindnerrek hainbeste desio zuen ministerioa lortu du, Finantzakoa; horrez gain, FDPk Hezkuntza eta Justizia ministroak izango ditu, adibidez.

Alderdien baiezkoaren zain

Hiruko koalizio gobernuaren 177 orrialdeko akordioari alderdien baiezkoa falta zaio, eta laster jasotzea espero dute. Berdeek iritzia eskatuko diete militanteei, eta SPDk eta FDPk datorren asteko asteburuan egitekoak diren konferentzietan onartu beharko lukete gobernabide akordioa; hala, Scholz abenduaren 6aren inguruan aukeratu beharko lukete Alemaniako gobernuburu, alderdiek aurreikusitako egutegia betez gero.

Iragan irailaren 27an egin zituzten hauteskundeen biharamunean, SPDren kantzilergaiak ez zituen bere asmoak ezkutatu jarraitzaileen aurrean: «Alemaniaren historiako oinarri bilakatuko litzateke koalizio sozial-liberal-ekologiko bat osatzea. Herritarrek gobernu aldaketa nahi dute».

Sozialdemokratek bildu zuten ordezkaritzarik handiena orduan (206 diputatu), eta, Berdeen aulkiekin (118) eta FDPrenekin (92), gehiengo osoa izango dute Bundestagen —parlamentuko behe ganberan—.

Koalizio hori bada berritasun bat Alemaniako politikaren historian, lehen aldiz hirukoa izango baita maila federalean, eta hamasei urtean lehenengoz SPDko politikari bat izango baita gobernuburu, Angela Merkel demokristauaren hiru agintaldien ostean (2005-2021) —berriz ez aurkeztea erabaki zuen—.

Scholzen gobernuak berehalako erronkak izango ditu: etxean, positibo kasuak gora eta gora ari dira egunero —intzidentzia tasa 404,5era igo da lehen aldiz—, eta, atzerrian, Bielorrusiaren eta Europako Batasunaren arteko gatazkari egin beharko dio aurre, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.