Albistea entzun

Kutxabankek presidente berria du, baina ez du aldatuko estrategia nagusia

Anton Arriola durangarrak ordezkatu du Gregorio Billalabeitia. Kutxabanken «berezitasunari» eta errotzeari eutsiko diela ziurtatu du presidente berriak
Anton Arriola Kutxabankeko lehendakari berria, bankuaren Bilboko egoitza nagusian.
Anton Arriola Kutxabankeko lehendakari berria, bankuaren Bilboko egoitza nagusian. KUTXABANK Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2022ko abenduak 1

Lemazain berria du Kutxabankek, baina lema norabidez aldatzeko asmo handirik gabe. Bankuaren independentziari eutsi ahal izatea izango da Anton Arriola Boneta presidente berriaren helburu nagusia, EBZ Europako Banku Zentralak sustatzen dituen burtsaratzeei eta fusioei izkin eginez.

EBZren beraren onespena jaso zuen Arriolak duela gutxi, eta atzo eskuratu zuen Kutxabankeko administrazio kontseiluaren aho bateko babesa. Gregorio Billalabeitia ordezkatuko du (2014-2022), eta, hark bezala, kontseilari ordezkari baten esku utziko du eguneroko jardueraren kudeaketa —Javier Garcia Lurueña da gaur egun—, eta bera arduratuko da estrategia gidatzeaz, bankua ordezkatzeaz eta komunikazioaz.

Izendatua izan ondoren egindako hitzaldian, Arriolak eskertu egin zuen kontseiluaren konfiantza, eta ziurtatu zuen Kutxabankek «etorkizun oparoa» duela, «egungo egoera geopolitikoak ekar ditzakeen zailtasunen gainetik». Agiri batean, Billalabeitiaren aroa «arrakasta nabarmena» izan dela goraipatu du Kutxabankek, bankuak kaudimen handiari eutsi diolako, errentagarritasuna areagotu duelako, eta «inguru sozialarekiko hurbiltasuna» mantendu duelako.

Ez da aldaketa sakonik espero Arriolarekin. Bankuaren «berezitasuna» gordetzeko konpromisoa hartu du, eta «Euskadin errotuta» jarraituko duela agindu. Beste modu batera esanda, mugimendu handirik ez dela izango haren agintaldian, eta Kutxabanken sorreraren atarian eta lehen urratsetan izandako eztabaida politiko eta sozial mingotsa ez dela berriro zabaldu beharko.

Billalabeitiaren taldeak helburu nagusi bat izan du: bankuaren hiru bazkideei (BBK, Kutxa eta Vital) ahalik eta etekin handiena ematea, hartara eutsi ahal izan diezaioten entitatearen gaineko kontrolari, eta gainetik kendu burtsara ateratzeko presioa.

Bankuaren gainbegiratzaileak, EBZk, baldintza gogor batzuk jarri dizkie merkatura irten nahi ez duten bankuei: kaudimen handia erakutsi behar dute, eta erreserba funts bat osatu behar dute, arazorik izatekotan hortik tira egiteko.

Kaudimen aldetik Europako banku sendoenetako bat da Kutxabank, %17,1eko kapital ratioa baitu azken datuen arabera. Funtsari dagokionez, BBK da poltsa hori bete behar duena, hura baita akziodun nagusia (%57). Kutxarenak dira akzioen %32, eta Vitalenak, berriz, %11.

BBK-k 238 milioi euroko poltsa bat batu behar du, eta aurki 200 milioi eurora iritsiko da, besteak beste bankuak bere irabazien %60 bere hiru akziodunei banatu ahal izan dizkielako.

Aurten ere mozkin oparoak banatuko ditu Kutxabankek. Urteko lehen bederatzi hilabeteetan 250 milioi euro irabazi ditu, iaz epe horretan baino 74 milioi gehiago (+%42), eta 300 milioi euroren muga gainditzeko moduan dagoela dirudi, lehen aldiz 2019az geroztik.

Interes tasen igoerak mesede egiten dio bankuen ohiko negozioari —aurrezkia biltzea eta hari ordaintzen diotenaren gaineko interesa kobratzea bere maileguetan—, baina bada irabazien kontua apalduko duen faktore bat: bankuen gaineko zerga berezia. Interesek eta komisioek ematen dizkioten irabazien %4,8 ordaindu beharko ditu 2022an eta 2023an. Kutxabankek kalkulatu du 110 milioi euro inguru ordaindu beharko dituela.

Akzioen salmenta

Azken urteetan, Kutxabankek saldu egin ditu euskal enpresetan zituen akzioetako asko (Euskaltel, Ibermatica, Neinor...), bere irabaziak handitzeko, baina baita EBZk horien truke eskatzen dituen hornidurek kapital asko kontsumitzen dutelako ere. Bide hori nahiko agortuta dago, eta espero da Kutxabankek jarraitu egingo duela Iberdrolaren (%1,7), CAFen (%14) eta Petronorren (%14) akziodun izaten. Salmenta horiek kritika ugari eragin dizkiote Kutxabanki, euskal enpresen deserrotzea eragiten dutelakoan.

Kritikak ez zaizkio falta izan mailegu sortak putre funtsei saltzeagatik. Horietako bat izan zen uztailean egindakoa: kobratzeko arazoak dituzten 2.500 mailegu hipotekario Irlandako Zima Finances funtsari saldu zizkion. Stop Kaleratzeak taldeak urrian salatu zuenez, salmenta horren ondorioz, zazpi familia etxebizitza galtzeko arriskuan zeuden.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Langile bat Fagor Ederlanek Bergaran duen lantegian ©Andoni Canellada / FOKU

Kontratu mugagabeak igo egin dira iaz, baina lanaldirik prekarioenetan

Olatz Silva Rodrigo

ELA sindikatuaren arabera, lan erreformaren lehen urtean Hego Euskal Herrian sinatutako kontratuen %76 aldi baterakoak izan dira. Aldizkako kontratu finkoak, berriz, 5.545 ziren hasieran, eta 59.220 dira orain.

Onkologikoko garbitzaileak, lehen greba egunean. ©ELA Sindikatua

Hogei eguneko grebari ekin diote Gipuzkoako Onkologikoko garbitzaileek

Iñaut Matauko Rada

Onkologikoaren ondoko errepidea ordu erdiz moztu dute protesta batean. Kaleko garbitzaileek baino %25 gutxiago irabazten dutela salatu dute.

Gasteizko Eroski supermerkatuko irudi bat. ©Jaizki Fontaneda / FOKU

Inflazioak %5,8ra egin du gora urtarrilean

Iñaut Matauko Rada

Erregaiak garestitu izanak handitu du batez ere inflazioa, nahiz eta oinarrizko elikagaien prezioek behera egin duten, BEZaren jaitsieragatik.

Nissan eta Renaulten logoak, Bruselan, autoen erakuketa batean ©STEPHANIE  LECOCQ

Nissanek eta Renaultek euren arteko aliantza berritu dute

Maddi Iztueta Olano

Akordioan jasotakoaren arabera, aurrerantzean Nissanen kapitalaren %15 izango du Renaultek. Orain arte, horren %43 zuen.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...