Albistea entzun

NBE: Ekialde Hurbileko sismoek hilak orain halako bi izango dira

Jada 25.000 baino gehiago dira Turkia, Siria eta Kurdistango sismoetan hildakoak. Turkiako Poliziak hamabi pertsona atxilotu ditu behera eroritako eraikinen harira; horietako batzuk etxegileak dira
Pertsona batzuk elkar kontsolatzen, atzo, hondakinen artean, Kurdistango Adiyaman hirian.
Pertsona batzuk elkar kontsolatzen, atzo, hondakinen artean, Kurdistango Adiyaman hirian. SEDAT SUNA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2023ko otsailak 12

Jada 25.000 baino gehiago dira joan den astelehenean Turkian, Kurdistanen eta Sirian gertatutako bi lurrikaren ondorioz hildakoak. Ankarak atzo jakinarazi zuenez, 21.800 bat dira bere menpeko lurretan hilak, eta France-Press berri agentziak eman zuen Sirian zendutakoei buruzko datua: 3.500 inguru. Nolanahi ere, NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazpen bat egin zuen: baliteke sismoek hilak orain halako bi izatea; hau da, 50.000tik gora.

«Zaila da kalkulua zehaztasunez egitea, hondakinen artean bilatzen segitu behar dugulako. Baina ziur nago kopurua [hildakoena] bikoiztu egingo dela, gutxienez», nabarmendu zuen atzo Martin Griffiths NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Gaietarako idazkariordeak eta Larrialdi Laguntzako koordinatzaileak, Adanan (Turkia), biktimentzako arreta zentro batera joan eta gero. Gaineratu zuen, bide batez, sismoak gertatu ondorengo 72 orduetan egoten direla «aukera gehien» erreskatatutakoak bizirik ateratzeko. Griffithsen esanetan, astelehenekoa izan da eskualdean azkeneko 100 urteetan izandako «gertaera okerrena». Konparazio batera, 1999ko abuztuan Izmit hirian (Turkia) gertatutako lurrikararengatik, 17.000 bat lagun hil ziren.

Eta Turkiako Poliziak hamabi pertsona atxilotu zituen atzo, Gaziantep eta Sanliurfa (Kurdistan) eskualdeetan lurrikaren ondorioz behera eroritako eraikinen harira. Hango komunikabideek argitaratutakoaren arabera, atxilotuen artean etxegileak daude. 6.000 bat eraikin erori ziren sismoengatik. Atxiloketa gehiago aurreikusten dira, zeren Diyarbakirreko Fiskaltzak (Kurdistan) 29 pertsona atxilotzeko agindu zuen atzo. Turkiako Justizia Ministerioak eskatu du lurrikarak hondatutako eskualdeetan ezar ditzatela sismoekin lotura duten delituak ikertzeko bulego bereziak.

Hondamendiak Kudeatzeko Turkiako Agentziako bozeramaile Sinem Koseoglu elkarrizketatu du Al Jazeera telebista kateak, eta, haren esanetan, iraupen luzekoak izan zirelako eragin zuten lurrikarek horrenbesteko txikizioa. Richter eskalako 7,8 gradukoa izan zen aurreneko dardara, eta 65 segundo iraun zuen. Bigarrena ordu batzuk geroago gertatu zen —Richter eskalako 7,5 gradukoa —, eta 45 segundo iraun zuen. «Bi minututik gorako iraupenaz hitz egiten ari gara. Horregatik izan da hondamendia hainbesterainokoa 110 kilometro koadroko eremu batean». 13,5 milioi biztanle bizi ziren han.

Bestalde, Alemaniako Gobernuaren menpeko bi erakundek atzo jakinarazi zutenez, bertan behera utzi dituzte Turkian egiten ari diren erreskate lanak, argudiatuta arazoak dituztela beren lana modu seguruan aurrera eramateko, «taldeen arteko borrokak eta tiroketak» direla eta. «Turkiako Gobernuak babesa eman bezain laster helduko diogu berriro lanari». Hala kaleratu zuen Reuters berri agentziak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ione Belarra, Yolanda Diaz eta Irene Montero, duela urtebete Madrilen egindako ekitaldi batean. ©FERNANDO ALVARADO / EFE

Podemos ere batu da Sumarrera, listan Montero egongo den bermatu gabe

Igor Susaeta - Mikel P. Ansa

Ione Belarrak adierazi du Montero «sakrifikatzeko» eskatu diela Yolanda Diazek, eta «bidezko itun bat» galdegin du. Sumarren arabera, zerrendetan «bermatuta» egongo da Podemosen «presentzia»
Gerhard Kraner Austriako Barne ministroa eta Gerald Darmanin Frantziakoa, atzoko bilkuran, Luxenburgon ©JULIEN WARNAND / EFE

EBko estatu kideek 30.000 asilo eskatzaile banatzea adostu dute

Ander Perez Zala

Barne ministroek migrazio eta asilo legeak erreformatzea lortu dute. Zigorrak gogorragoak dira: ukaturiko iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu beharko dituzte.

Donald Trump, duela hiru asteko argazki batean ©EFE

Trump inputatu dute, Mar-a-Lagoko sekretupeko dokumentuengatik

Igor Susaeta

AEBetako presidente ohiaren defentsaren arabera, zazpi delitu federal egozten dizkiote; besteak beste, justiziari traba egitea, konspirazioa, eta segurtasun nazionalerako dokumentuak atxikitzea

Gustavo Petro Kolonbiako presidentea, Miguel Diaz-Canel Kubakoa eta Antonio Garcia ELNren lehen komandantea, gaur, Habanako agerraldian ©Kolonbiako Presidentetza

ELNk eta Kolonbiako Gobernuak aldebiko su etena adostu dute

Ander Perez Zala - Arantxa Elizegi Egilegor

Menia abuztuaren 3an sartuko da indarrean, eta urte erdi iraun beharko luke. Akordioak gizarte zibilaren parte hartzea jasotzen du negoziaturikoak arrakasta izateko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.