Gerra Ukrainan

Errusiak «mendekuz» bonbardatu du Ukraina, eta bederatzi zibil hil ditu

Kievi leporatutako «ekintza terroristen» erantzun modura, dozenaka misil jaurti ditu Kremlinek. Erasoaldiak energia azpiegiturak hondatu ditu. Nord Streamekoa ez ikertzea egotzi dio Moskuk EBri

Pertsona batzuk, atzo, Lviv inguruan (Ukraina), Errusiaren indarrek jaurtitako misiletako batek txikitutako eraikin baten hondakinen artean. MIKOLA TIS / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Errusiako armadak erasoaldi masibo bat egin zuen atzo goizaldean Ukrainako hamar eskualderen aurka, eta, iturri ofizialek nabarmendu zutenez, bederatzi zibil hil zituen: bost Lviv eskualdean, hiru Khersonen, eta bat Dnipropetrovsken. «Gau zaila izan da», aitortu zuen Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, Telegramen idatzitako mezu batean. Energia azpiegiturak izan zituzten helburu, berriro, Errusiak jaurtitako misilek eta droneek, baina etxebizitza bloke batzuk ere jo zituzten.

Errusiako Defentsa Ministerioak «mendeku» gisa justifikatu zuen erasoa. Igor Konaxenkov jeneralak, bozeramaileak, egunero argitaratzen duten iragarpenean adierazi zuenez, «Kievek joan den martxoaren 2an Briansk eskualdean [Errusia] antolatutako ekintza terroristen erantzun modura» agindu zuten erasoaldia. Moskuk orduan zabaldu zuenez, «sabotatzaile ukrainarrek» auto batean zihoazen bi zibil hil zituzten tiroz. Kievek, ordea, ukatu egin zuen.

Ukrainako armadak plazaratutako datuen arabera, Errusiako indarrek 81 misil jaurti zituzten atzo Itsaso Beltzetik, baita zortzi drone ere, eta Mendebaldeko herrialdeek emandako aireko defentsa sistemek 34 misil eta lau drone erorarazi zituzten.

Oinarrizko azpiegiturak hondatu zituzten erasoek, eta herrialdeko argindar konpainiak jakinarazi zuen programatutako etenak egingo zituztela, «prebentzioz». Zelenskiren esanetan, energia sistema konpontzeko ahaleginean ari dira. Urritik hona ohikoak izan dira bai energia azpiegituren kontra Errusiak egindako erasoak, baita, horrenbestez, argindar etenak ere.

Dena den, Ukrainako armadaren buruzagitzak azaldu zuen «etsaia» Donbassen ari dela egiten ahaleginik handienak, herrialdearen ekialdean. Donetsk eskualdeko Bakhmut hiriko bataila aipatu zuen, zehazki. Azkeneko hilabeteetan Wagnerreko mertzenarioekin ari da Errusia han erasoa egiten, eta talde paramilitarreko buru Jevgeni Prigozhinek azpimarratu zuen, herenegun, jada kontrolpean dutela hiri haren ekialdea. Herenegun, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek ohartarazi zuen, bide batez, Bakhmut «datozen asteetan» gera daitekeela Errusiaren menpe. Ukrainako armadak ez du, ordea, amore emateko asmorik. Oleksandr Sirski lurreko indarren komandanteak atzo azpimarratu zuen hiriaren defentsa gero eta garrantzitsuagoa dela. «Horrek modua ematen digu erreserbak eta etorkizuneko erasorako operazioak prestatzeko. Gainera, gotorleku hau konkistatzeko borrokan, gaituen dagoen armadaren zatia galtzen ari da etsaia: Wagnerren unitateak».

Leku estrategikoa da Bakhmut Errusiarentzat, hura konkistatuta Kramatorsk eta Sloviansk hirietara hedatu ahal izango lukeelako erasoaldia, eta Donetsk eskualdea osorik konkistatzeko moduan egongo litzatekeelako. Stoltenbergek nabarmendu zuen, halere, Ukrainak hiria galtzeak ez duela zertan «inflexio puntu bat» izan gerraren garapenean.

Errusia ez da fio

Zaporizhiako zentral nuklearra, Europako handiena, elektrizitaterik gabe egon zen goizaldean gertatutako bonbardaketaren ondorioz. Orduan, diesel sorgailuen bidez aritu zen funtzionatzen, eta hamar bat ordu geroago hasi zen atzera elektrizitatea erabiltzen. Iazko otsailean inbasioa hasi eta gutxira okupatu zuten instalazioa Errusiako indarrek. Energoatom elektrizitate konpainiak zehaztu zuen, atzo, azkeneko urtean sei aldiz «itzali» dutela zentrala, bonbardaketengatik. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak baieztatu zuen diesel sorgailuen menpe egon zela instalazioa.

Bestalde, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek atzo esan zuen, egunero egiten duen prentsa agerraldian, zalantzak dituela Nord Stream gasbidean gertatutako eztandak estatu baten laguntzarik gabe gerta ote zitezkeen. The New York Times egunkariak eta Alemaniako Die Zeit astekariak asteartean argitaratu zuten «talde ukrainazale batek» lehertu zituela hodiak joan den irail amaieran. Informazio horien arabera, Ukrainako Gobernuak ez zuen zerikusirik izan operazio horrekin, ez Errusiakoak ere. Alemaniako Fiskaltzak jakinarazi zuen, herenegun, leherketekin lotuta ontzi bat miatu zutela. Horren guztiaren harira, Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioaren bozeramaileak atzo EB Europako Batasunarileporatu zion ez duela hitz egin nahi gertatutakoa ikertzeari buruz.

Eta zerealen esportazioen akordioan neutraltasunez ez jokatzea egotzi zion, atzo, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.