Gerra Ukrainan

Xi eta Lula presidenteak munduko ordenan duten rolez mintzatu dira

Brasil eta Txina «ezinbestekoak» dira «bakerako eta egonkortasunerako», Xiren arabera. Pekinek nabarmendu du ez diela armarik salduko Ukrainako gatazkan inplikatutako aldeei

Xi Jinping Txinako presidentea eta Lula Brasilgoa, atzo, Pekinen, armadaren aurrean ibilian. KEN ISHII / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Ukrainako auzia konponbidean jartzeko plan bat proposatu duenez, Txina bere eragile rola aldarrikatzen ari da azken asteetan. Brasilek nazioarteko aliantza bat osatu nahi du horretarako. Hori adierazi izan du Luiz Inacio da Silva Lula presidenteak. Xi Jinping Txinako bere homologoarekin bildu zen atzo Pekinen, eta biek ala biek ez zuten aparteko iragarpenik egin gerraren harira, baina, hori bai, Mendebaldeari adierazi nahi izan zioten bien rola «ezinbestekoa» izango dela «munduko ordenaren bakerako eta egonkortasunerako». Hori adierazi zuen Txinako estatuburuak, bilera hasi aurretik.

Txina da munduko bigarren potentzia ekonomikoa, eta Brasil da Hego Amerikako lehendabizikoa. Gainera, munduan biztanle gehien dituzten herrialdeen artean, lehena eta zazpigarrena dira, hurrenez hurren. Hori guztia eta bi estatuen arteko harreman komertzial eta diplomatiko sendoa aintzat hartuta —hamalau hitzarmen sinatu zituzten atzo—, Lulak adierazi zuen, txio batean, Brasilen asmoa dela bi herrialdeen artean «munduko geopolitika orekatzea». Agerraldi bat egitekoa zen bileraren ondoren, baina bertan behera utzi zuen azken unean; Brasilek Txinan duen enbaxadoren hitzetan, bidaiak «berez» hitz egin duelako.

Lula joan den urtarrilaren 1ean presidentetzara itzuli zenetik, profil propioa erakusten ari da atzerri politikan. Esaterako, ez du armarik bidali Ukrainara; Nikaraguako Gobernuarekin hitz egitea defendatu du; eta baimendu du Irango itsasontziak Brasilen porturatzea. Eta Mendebaldetik kanpoko herrialdeak ere inplikatu nahi ditu Ukrainako auziari irtenbidea emateko elkarrizketetan.

Mendebaldeak jarraitzen du, baina, Txinari eskatzen baliatu dezala Errusiarengan duen eragina, Ukrainako auzia konponbidean jartze aldera. Horregatik, Josep Borrell EB Europako Batasunaren diplomaziaburuak eskatu dio Pekini «arduraz» jokatu dezala. Atzo, berez, Txinan mintzatzekoa zen, baina, duela egun batzuk COVID-19an positibo eman zuenez, bidaia bertan behera utzi zuen. Bere blogean argitaratu du eman behar zuen diskurtsoa, eta horretan ohartarazi du Pekinentzat«oso zaila» izango dela, «ezinezkoa ez esateagatik», Bruselarekin «konfiantzazko harreman bat» edukitzea, ez baldin badu bultzatzen Errusiak Ukrainatik tropak erretiratzea ekarriko duen irtenbide bat.

Horren harira, Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroa Qin Gang Txinako bere homologoarekin batzartu zen atzo, Pekinen, eta galdetu zion, «zintzoki», ea Txinak zergatik ez dion Errusiari eskatzen gerra eten dezala. Qinek ez zion zuzenean erantzun, baina azpimarratu zuen ez diela armarik salduko gatazkan inplikatutako aldeei.

AEBek azkeneko asteetan adierazi dute, ordea, Pekinek ez duela baztertzen Moskuri armak ematea, eta hori baieztatzeko frogak dituztela. Hain zuzen, filtratutako AEBetako Gobernuaren dokumentu batek adierazten du, The Washington Post egunkariak atzo kaleratu zuenez, Txinak onartu zuela Moskuri armak ematea, pixkanaka —otsailaren 23koa da filtratutako txosten hori—, eta horiek zibilentzako objektu gisa kamuflatuko zituela. Txinako Defentsa ministro Li Shangfuk bidaia ofiziala egingo du Errusiara, bihartik asteazkenera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.