Casadok fronte bat nahi du Saenz de Santamariari PPren burutza kentzeko

Primarioetako lehen itzuliko garaileak iradokitako hautagaitza bateratuari uko egin dio bigarren sailkatuak, eta buruz burukoa hauspotu du. Cospedali bozkatu ziotenak erakartzea du helburu

Pablo Casado PPko presidente izateko hautagaia, atzo, kazetarien galderei erantzuten. JAVIER LIZON / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
PPren presidente berria aukeratzeko barne hauteskundeen lehen itzulia egin zuten herenegun, etaafiliatuak artean bozkatzen ari zirenean, hautagaitza bateratuaren alde egin zuten alderdiko hainbat buruzagik. Mariano Rajoyren lekukoa hartuko duena hilaren 20an eta 21ean egitekoak diren ezohiko kongresu batean aukeratuko dute alderdiaren ordezkari hautesleek, eta ondorengo bi asteetan ez dute barne borrokarik elikatu nahi, ez dute irudi hori eman nahi agintariek.

Gutxigatik, baina Soraya Saenz de Santamaria hautagaiak, azkeneko zazpi urteotan Espainiako presidenteorde izan denak lortu zuen babes handien herenegun (%36,9). Bigarren izan zen Pablo Casado alderdiaren Komunikazio idazkariordea (%34,3), eta, horrenbestez, bietako bat izango da PPren hurrengo presidentea.

Lehen itzulian garaile atera zela jakin eta berehala, Saenz de Santamariak hautagaitza bateratu baterako eskaintza iradoki zion Casadori. «Gure militanteek integrazio ahalegin bat merezi dute», adierazi zuen azken zazpi urteotan Rajoyren alboan egondakoak. Nabarmendu nahi izan zuen, hori bai, bere «aukerak» zuela bozkatuena izatearen «bermea».

Baina Casadok aukera hori baztertu zuen bai herenegun, baita atzo ere, berriro komunikabideen aurrean mintzatu zenean. Horri buruz galdetu ziotenean, erantzun zuen PPren joera guztiak integratzen ahaleginduko dela, bai, «baina kongresuaren ondoren». Orain, primarioetan aurkeztu ziren beste lau hautagaien botoak erakartzen saiatuko da. Hau da, Saenz de Santamariari PPren burutza kentzeko asmoarekin, fronte bateratu bat osatu asmo du. Maria Dolores de Cospedal (%25,9), Jose Manuel Garcia Margallo (%1,17), Jose Ramon Garcia Hernandez (%1,15) eta Elio Cabanes (%0,32) izan ziren beste hautagaiak. «Hitz egin dut haiekin, eta esan diet nahi dudana dela nire proiektua haiena ere izatea», azpimarratu zuen Casadok, atzo.

Eta beste arrazoi bat ere eman zuen hautagaitza bateratuaren aukerari muzin egiteko. «Militanteen %63k ere erabaki egin nahi dute». Saenz de Santamariari gogorarazi nahi izan dio, beraz, ez duela, inondik ere, erabateko babesa. Casadok ziurtatuta dauka Cospedalen eta Garcia-Margalloren babesa. Casadok ez du lortu buruz burukora igarotzea, eta, herenegun zenbait hedabidek argitaratu zutenez, hauteskundeetako emaitza inpugnatzeko asmoa zuen, Casadoren taldekoek zenbait hauteslekutan izan zuten jarrera zela eta. Azkenean, ordea, ez du halakorik egin.

Primarioetan bigarren geratu denak atzo esan zuenez, Cospedal «laguna» du. «Bai printzipioak, baita alderdiaren ideia argi bat ere partekatzen ditugu». Gainera, Cospedalek eta Garcia-Margallok argi dute ez dutela Saenz de Santamaria PPren presidentetzan ikusi nahi.

EAEko PP

Ezezkoa jaso arren, Saenz de Santamariak ez dio uko egin nahi hautagaitza bateratuari. Hautagaiaren ahotik hitz egin zuen atzo Jose Luis Ayllon haren kanpainaburuak, eta, balizko bat egite horretarako «denbora» eskatzeaz gain, azpimarratu zuen hautesleek esandakoari erreparatu behar zaiola. Ayllonen ustez, afiliatuen eta ordezkari hautesleen botoak «bat etortzen» dira. 3.134 ordezkari hauteslek bozkatuko dute bi aste barru, eta horietako gehienak kargudun publikoak dira; alderdiaren zuzendaritzarekin bat egiten dutenak, alegia. Eta hori Casadorekin dago.

Borja Senper PPren Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen esanetan, «ikuspegi zabala» eduki beharko luke Casadok, eta Saenz de Santamariarekin bat egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.