Eskubide Sozialen Gutunak debatea piztuko du berriro DSBEari buruz

Herri ekinaldi legegileak 51.000 sinadura bildu ditu gizarte laguntza nagusiaren baldintzak aldatzeko eskaera Eusko Legebiltzarrera eramateko. Sustatzaileek ez dute «onartuko» tramitea ukatzea

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko ordezkariak, bildutako sinadurak legebiltzarrera sartzen, atzo Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2018ko urriaren 17a
00:00
Entzun
DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren etorkizunari buruzko eztabaida Eusko Legebiltzarrera itzuliko da. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunean dauden sindikatuek eta gizarte erakundeek lortu dute herri ekinaldi legegile bat aurkezteko behar zuten babesa. 51.000 sinadura aurkeztu eta erroldatu zituzten atzo Eusko Legebiltzarrean, Gasteizen.

Ekainean hasi zuten bilketa, eta azken lau hilabeteotan gizarte atxikimendua hedatzen saiatu dira. 2016an indarrean sartu zen erreformari jarraituz, 10.000 sinadura behar dituzte sustatzaileek ekinaldi legegile bat aurrera ateratzeko, eta kopuru hori aise gainditu dute. «Ezetz esaten zaio pobreziari, eta baietz sistema sozial duin bati», argudiatu zuen LABeko Bea Martxuetak, sinadurak erroldan sartu baino lehen.

Bi lege eguneratzea proposatu dute sustatzaileek. Alde batetik, 18/2008 diru sarrerak bermatzeko eta bazterketaren aurkako legea. Bestetik, 3/2015 Etxebizitza Legea. Aldaketa horien bidez gizarte babesaren sarea «handitzea» eta «hobetzea» defendatu nahi dute.

Ez da legealdi honetan DSBEari buruz egongo den lehenbiziko eztabaida. Eusko Jaurlaritza babesten duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, araua erreformatzeko lege proposamena eraman zuten parlamentura. Haatik, tramitera onartua izateko babes nahikorik ez zutela ikusita, eguneko gai zerrendarik atera, eta eztabaida beste baterako utzi zuten. Beste alderdiren batekin negoziatzeko denbora behar zutela argudiatu zuten jeltzaleek eta sozialistek, baina lau hilabete geroago, geldirik jarraitzen du.

Patxi Lopez lehendakari zela eta PPren babesarekin 2008an diru sarrerak bermatzeko legeari egin zitzaizkion murrizketetan atzera egitea da Eskubide Sozialen Gutunak lortu nahi duena. Horrekin batera, eskubidea zabaltzeko hainbat neurri ditu legegaiak. Horietako batzuk bat datoz oposiziotik ezkerreko alderdiek—EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek— defendatu dituztenekin. Hala nola, DSBEaren ordaina kobratzeko gutxieneko adina 23 urtetik 18 urtera jaistea, eta gutxieneko errolda urteak hirutik batera murriztea. Etxebizitza bakoitzean elkarbizitza unitateak adina errenta egoteko ere eskatuko dute.

DSBEaren kopuru ekonomikoak handitzeko eskaera badakar ekinbideak, halaber, eta lanbide arteko gutxieneko soldatarekin duten lotura ez haustea. Hain zuzen ere, pertsona bakarreko elkarbizitza unitate batek hilero lanbide arteko gutxieneko soldataren %100 eskuratuko luke. Bi pertsona badira, %150, eta %200 hiru lagun edo gehiago badira.

Indarrean dagoen legearen arabera, %88 izan beharko litzateke kopuru hori pertsona bakar batentzako. Praktikan, azken urteotan egindako murrizketek eta erabaki politikoek gutxieneko soldataren erreferentzia ezabatu dute. Uneotan, soldata horren %75 da DSBEa, hilero 644,5 euro.

Etxebizitzaren alorrean, proposamenak alokairu sozialeko etxebizitza bat izateko eskubidea modu «eraginkorrean» bermatzea defendatu dute bultzatzaileek. Hori lortzeko, eskatu dute eskubide hori ezin ordezkatzea laguntza ekonomiko batekin. Alokairu sozialetan dauden pertsonak DSBEaren adinako diru sarrerak edo txikiagoak badituzte, asko jota, errentaren %15 ordaintzea jasotzen du proposamenak.

Pilota, ganberan

Sinadura bilketa egiaztatuta, herri ekinaldia osoko bilkuran aurkeztu, eztabaidatu eta tramiterako onartu edo ez bozkatuko dute. Aurretik, Eusko Jaurlaritzak proposatutakoari buruz duen iritzia plazaratuko du. Sustatzaileek ohartarazi dute ez dutela besterik gabe onartuko alderdiek tramitea ukatzea, eztabaidan sartzeko aukerarik eman gabe.

Orain dela bi aste, beste herri ekinaldi legegile bati legebiltzarreko ateak itxi zizkioten EAJk, PSE-EEk, eta PPk. Halakorik berriro ez gertatzea exijitu du Mikel Noval ELAko ordezkariak: «Erakundeetako arduradunek asko hitz egiten dute parte hartzeari buruz, demokraziari buruz, eta orain badaukate praktikara eramateko aukera bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.