Trumpek asiloa ukatuko die etorkin papergabeei, «interes nazionalagatik»

AEBetako legediaren arabera, legez kanpoko migratzaileen asilo eskaerak jasotzeko betebeharra dauka administrazioak. Giza eskubideen aldeko taldeek iragarri dute auzitara joko dutela

AEBetara bidean doan migratzaileen bigarren karabana Mexikoko Oaxaca estatuan, herenegun. LUIS VILLALOBOS / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
AEBetako legediak dioenez, herrialdera legez kanpo zein legearen barruan iritsitako migratzaileen asilo eskaerak ere jasotzeko betebeharra dauka administrazioak. Baina, «interes nazionalagatik» egiten duela argudiatuta, horren kontrako erabakia hartu du Donald Trump presidentearen administrazioak, eta muga paperik gabe zeharkatzen duten migratzaileei asiloa eskatzeko eskubidea kenduko die. Justizia Departamentuak eta Segurtasun Nazionalekoak atzo goizaldean egin zuten iragarpena, eta Etxe Zuriko maizterrak ordu batzuk geroago sinatu zuen dekretua. Giza eskubideen aldeko zenbait taldek neurria salatu dute, eta iragarri auzitara joko dutela erauzia izan dadin.

Kongresurako hauteskundeak egin eta ordu batzuk geroago eman du Washingtonek neurriaren berri. Trumpek, hain zuzen ere, legez kanpoko migrazioaren «arriskuak» jarri zituen bozetarako kanpainaren erdigunean. Senatuan gehiengoari eusteko balio izan dio estrategia horrek, baina diskurtso horrekin bozkatzaile demokratak mobilizatu ditu, eta Ordezkarien Ganberaren kontrola galdu dute errepublikanoek.

Lasaitua hartu zuten demokratek, baina Trumpen azken erabakiak aztoratu ditu. Presidenteak dekretua sinatu du, gainera, duela aste batzuk Erdialdeko Amerikatik abiatutako milaka migratzaileren karabana gutxinaka AEBen eta Mexikoren arteko mugara hurbiltzen ari denean. Halere, Pentagonoa orain egun batzuk hasi zen horren kontrako neurriak hartzen, eta urri amaieran 5.200 soldadu bidali zituen mugara. Bide batez, Karabanaren zati bat atzo atera zen Mexiko Hiritik.

Indarrean sartutako araudiaren ondorioz, AEBetara «gune baimenduetatik» sartzen diren migratzaileek soilik egin ahal izango dute asilo eskaera. Orain arte, legez kanpo iritsitakoek ere egin zezaketen eskaera. Kongresuak Errefuxiatuen Legea onartu zuen 1980an, eta sistema bat ezarri zuen asilo eskatzaileentzat. 2000. urtetik, urtero 70.000-80.000ri eman izan diete asiloa AEBek, baina Trumpen administrazioaren aurreneko urtean 50.000ra murriztu zuten kopuru hori.

Trumpen esanetan, «kanporatzea saihesteko» egiten dute migratzaileek asilo eskaera. Ohikoa izaten da asiloaz erabaki bitartean migratzaileek AEBetan jarraitzea; batik bat, guztiak kartzelatzeko tokirik ez dutelako atxilotze guneetan. Oraintxe bertan 750.000 bat asilo eskaera ebatzi zain daude migrazio auzitegietan. 2014tik gaurdaino laukoiztu egin da eskaera kopurua. «Gure asilo sistema kolapsatuta dago atzerritarren justifikatu gabeko eskaerekin, eta hori berebiziko zama da gure baliabideentzat», azpimarratu zuen Segurtasun Nazionalerako Departamentuak, atzo goizaldean.

Ez da, ordea, Trumpek migrazioaren aurka hartzen duen aurreneko erabaki esanguratsua. Iaz, atzo iragarritakoaren bidetik,betoa jarri zien gehiengo musulmana duten bost herrialdetako herritarrei —Libia, Iran, Somalia, Siria eta Yemen—. Giza eskubideen aldeko taldeek auzitara eraman zuten beto hori, eta bi epailek arrazoia eman zieten. AEBetako Auzitegi Gorenak, ordea, betoa babestu zuen joan den ekainean, iritzita ez duela konstituzioa urratzen.

ACLU Ameriketako Askatasun Zibilen Batasunak adierazi du «ilegala» dela Trumpen maniobra, eta nabarmendu du AEBetako legeak asilo eskaerak baimentzen dituela, «migratzaileak legez kanpo edo legez sartu gorabehera». AI Amnesty International-ek Trumpi aurpegiratu dio asilo eskaera ez dela «ihesbide bat», baizik eta «salbatzeko modu bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.