Kurduen erresistentzia

Leyla Guven diputatu kurduak 72 egun daramatza gose greban; beste 226 preso politikok egin dute bat protestarekin. Ocalanen bakartze egoera salatu dute

Kurdu bat Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagiaren irudiarekin, Newroz egunean, Istanbulen (Turkia). ERDEM SAHIN / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Leyla Guven erresistentzian bizi den herri baten azken paradigma da. Diyarbakirko kartzelan darama urtebete, preso, kurduen kontrako jazarpena salatzeagatik, eta, joan den azaroaren 8tik, gose greba mugagabean dago. Gaur 72 egun dira jaten ez duela, eta jada ezin du urik edan, ezin da ibili eta ezin du hitz egin. Haren egoera larriaz ohartarazi dute, baina berak adierazi du hiltzeko prest dagoela. HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko diputatuak aldarrikapen bakar batekin ekin zion grebari: Turkiak Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagiari ezarritako bakartze egoera amaitzea.

Ocalanek hogei urte daramatza preso, segurtasun handiko presondegi batean, Imralin. Marmara itsasoko uharte horretako preso bakarra izan zen buruzagi kurdua, duela hamar bat urte preso gehiago eraman zituzten arte. Ocalan kurduen sinboloa zen ordurako, konfederalismo demokratikoaren aita, bakearen artisaua... 2013ko Newroz egunean armak isilarazteko deia egin zuen, baina urte hartatik izandako elkarrizketa saio guztiak hutsalak izan dira. Turkiako Gobernuak 2015ean eten zituen azken negoziazioak, eta ordutik kurduen kontrako jazarpena itzela da. Ocalanen bakartzea, halere, lehenago hasi zen: 2011ko uztailaren 27tik ezin izan da bere abokatuekin elkartu, eta 2016ko irailaren 11tik ezin izan da senideekin elkartu.

Guvenen protesta ekintzak zirrikitu bat zabaldu du: Ocalanek haren anaiaren bisita jaso zuen joan den larunbatean. Mehmet Ocalanek anaiarekin elkartu ahal izan zuela jakinarazi zuen alderdiak komunikatu baten bidez. Pervin Buldan HDPko bozeramaileak zehaztu zuen buruzagia osasunez ondo zegoela, baina bisitak ez zuela esan nahi bakartze egoera amaitu zenik: «Urrats inportantea izan da, baina ezin da horretan geratu».

Guveni elkartasuna adierazteko dozenaka presok pixkanaka-pixkanaka gose grebaekiteari ekin diote azken hilabeteetan. Orain, 226 dira gose greba egiten ari diren preso politikoak, kartzela ezberdinetan, baina, elkartasunak mugak ere zeharkatu ditu.

Elkartasuna

Kurdistango beste hiru estatutan ere gose grebak egiten ari dira: Bakurren ez ezik, Basurren, Rojavan eta Rojhelaten. Europako Parlamentuaren atarian, berriz, hamalau lagun ari dira gose greba egiten abenduaren 17tik. Europako hainbat hiritan manifestazioak eta elkarretaratzeak egin dituzte asteburuan; Lausanan, Bernan, Marseillan, Bruselan, Parisen, Londresen... Eta datorren astebururako ere protestak iragarri dituzte. Guvenek hainbat politikariren, kazetariren eta artistaren babesa jaso du egunotan. Otsailaren 10etik 16ra, berriz, hainbat herrialde zeharkatuko dituen martxa bat egingo da.

Kurduen kontrako jazarpenak, baina, ez du etenik. Buldanek salatu du duela lau urte bake prozesua eten zenetik, egoera urte beltzenetan bezain makurra dela: «Despotismoarekin, errepresioarekin eta faxismoarekin erantzun diete kurduen aldarrikapenei».

HDPk hauteskundeetan izan dituen emaitzei erreparatu behar zaie kurduen kontrako jazarpenaren jatorria ulertzeko. 2018ko bozetan botoen %11,7 jaso zituen, ordurako alderdiaren kontrako neurri hertsiak martxan bazeuden ere: Selahattin Demirtas eta Figen Yuksekdag HDPko bi buruzagiak 2016ko azarotik daude preso, eta beste bederatzi diputatu daude kartzeletan. Azken bi urteetan alderdiko 5.000 kide inguru atxilotu dituzte. Recep Tayyip Erdoganek sistema presidentzialista ezarri izanak errepresio politika gogortzea eragin du; izan ere, atxiloketetatik haratago, kurdueraz mintzatzeko eta ikasteko debekuak asimilazio politikaren parte bihurtu dira, egunkariak eta elkarteak itxiz.

Etxeratze aginduak daude ere jazarpen neurrien zerrenda luzean. TIVH Turkiako Giza Eskubideen Fundazioaren arabera, gobernuak 351 etxeratze agindu ezarri ditu 2015eko abuztuaren 16tik. Diyarbakir eskualdeko 23 herritan etxeratze agindua ezarri dute aste honetan. Diyarbakir hiriburuan, berriz, 204 etxeratze agindu ezarri dituzte urteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.