Bruneiko sultanak adulterioa eta homosexualitatea harrika hiltzearekin zigortuko ditu

Bolkiah sultanak zigor kodea erreformatu eta xaria lege islamikoa ezarri du. Nazio Batuen Erakundeak eta hainbat eragilek gogor kritikatu dute neurria

Bruneiko sultanak adulterioa eta homosexualitatea harrika hiltzearekin zigortuko ditu.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Erdi Aroko estatu idiliko bezainankerra da Brunei. Asia Pazifikoko sultanerrian harrika hiltzearekin zigortuko dituzte aurrerantzean homosexualitatea eta adulterioa. Hassanal Bolkiah sultanak zigor kodea erreformatu eta xaria lege islamikoa ezarriko du nazioartearen kritikei eta boikotei entzungor eginez. Ez dira, baina, zigortuko diren ekintza edo jarrera bakarrak izango. Lapurretak esku bat edo hanka bat mutilatuz zigortuko dira; Mahoma profetaren izena difamatzen edo blasfematzen dutenei heriotza zigorra ezarriko zaie, baita apostatei ere, eta abortatzen dutenak leku publiko batean jipoituko dituzte. Adingabeak islama ez den beste erlijio batean heztea kartzelarekin edo isunarekin zigortuko dute. Zigorrak aintzat hartuko dira norberak aitortzen dituenean edo zuzeneko lekuko batek salatzen dituenean.

Bolkiah sultanak joan den larunbatean iragarri zuen erreforma, komunikatu labur baten bidez. Haren esanetan, xaria lagungarria izango da «ordena eta bakea» mantentzeko, erreformen helburua baita «fede edo arraza guztietako pertsonen eskubide zilegiak babestea eta errespetatzea».

Nazioarteko kritikak

Nazioarteak gogor kritikatu du zigor kodearen aldaketa. NBE Nazio Batuen Erakundeak berak araudi berria indarrean ez jartzeko eskatu zion astelehenean agintariari. Michelle Bachelet Giza Eskubideen NBEren goi mandatariak ohartarazi zuen neurriek nazioarteko zuzenbidea urratzea zekartela, «zigor krudelak eta gizagabeak» direlako: «Giza eskubideei dagokienez atzera egingo dute Brunein».

Ez da kritika bakarra izan. Phil Robertson HRW Human Rights Watch-eko Asiarako zuzendariordeak salatu du zigor kode berria «basatia» dela, «krimentzat jo beharko ez liratekeen ekintzak modu arkaikoan zigortuko direlako».

Etxe barruan ere gogor gaitzetsi dute sultanaren erabakia. Bruneiko LGTBI komunitatea kezkatuta eta beldurtuta agertu da: «Erdi Aroko zigorrak dira». Homosexual askok herrialdea utzi dute azkenaldian. Matthew Woolfe The Brunei Project giza eskubideen erakundeko sortzaileak berretsi du herritarrak «ikaraz eta antsietatez» bizi direla, eta ez direla hitz egitera ausartzen anonimotasunean ez bada. Nabarmendu du sultanerriak sekretismoarekin ezarri dituela legeak, eta uste du asaldagarria dela erreformaren inguruan ezarri den zentsura.

Brunein homosexualitatea ez zegoen legeztatuta. Zigor kodeak heriotza zigorra jasotzen zuen, eta, azken sententzia 2017koa bada ere —droga delitu batengatik—, 1957tik ez dute inor exekutatu. Sultanerria 2014an hasi zen xarian oinarritutako zigorrak ezartzen, baina hain gogorrak ez ziren kondenei eragiten zieten. Ordea, bertan behera geratu ziren behin-behinean, nazioarteak boikoterako egindako deiarengatik. Hala ere, sultanerriak gero eta neurri kontserbadoreagoak hartu ditu; arropa lizuna eramateak sei hilabeteko kartzela dakar, eta publikoki alkohola edateak, bi urtekoa.

Oparotasuna

Brunei Borneo uhartearen iparraldean dago, eta 420.000 biztanle ditu —%80 inguru dira musulmanak—. Sultanerria Erresuma Batuko protektoratu izan zen ehun bat urtez, eta 1984an lortu zuen independentzia. Bolkiah sultana zazpi mendeko errege leinu baten ondorengoa da, eta haren aitak abdikatu ostean izendatu zuten sultan, 1967an. Bolkiah estatu burua da, eta munduko pertsona aberatsenen zerrendan dago. Forbes aldizkariaren arabera, 20.000 milioi dolarren ondasunak ditu. Bizimodu oparoa eta arranditsua darama; besteak beste, 7.000 autoko bilduma dauka, tartean luxuzko autoak eta urrezko Rolls Roycea. Munduko jauregirik handienean bizi da, eta haren hegazkin pribatuko logelak ere urrezko piezak dauzka.

Sultanerriak dituen gas eta petrolio erreserbak dira aberastasun horren jatorria; egunean 140.000 upel erauzten dira, eta erdiak sultanaren sendiarentzat izaten dira. Herrialdean ere badu eragina; izan ere, herritarrek bermatuta dituzte doako osasuna eta hezkuntza, eta munduko per capita errenta handienetakoa dute han. Giza eskubideen alorrean, hala ere, oso atzean dago; emakumeek, esaterako, ezin dute bozkatu. Sultanaren arabera, herrialde «justua eta zoriontsua» da.

Brunei, baina, ez da homosexualitatea heriotzarekin zigortzen duen herrialde bakarra. Iranen, Saudi Arabian, Yemenen, Sudanen, Somalian eta Nigerian ere heriotza zigorra ezartzen diete gay eta lesbianei. ILGA elkartearen arabera, 70 herrialdetan daude kriminalizatuta sexu berekoen arteko harremanak, eta beste askotan modu batera edo bestera zigortzen dute legez, askotan kartzelarekin. Badira, ordea, azken urteetan sexu berekoen arteko harremanak legeztatu dituzten herrialdeak: India izan da azkenekoa, 2018an, eta Kenya, Botswana eta Jamaika bide horretan ari dira. Sexu berekoen arteko ezkontzak, berriz, 26 herrialdetan daude legeztatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.