Batez ere mamua uxatzeko

'Brexit'-a ekainaren 30era atzeratzeko proposatu dio EBri May Erresuma Batuko lehen ministroak. Tusk Europar Kontseiluko presidenteak luzapen «malgua» eskaini dio, gehienez urtebetekoa

Theresa May eta Donald Tusk hitz egiten, joan den urriaren 18an, Bruselan. JULIEN WARNAND / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Oraingoz, datorren ostirala da brexit-aren eguna: apirilaren 12a. Baina Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak badaki ez duela denborarik ez laboristak ez dibortzio gogorraren aldeko tory-ak konbentzitzeko irteera akordioarekin bat egin dezaten; horrenbestez, dibortzioaren data datorren ekainaren 30era arte atzeratzeko eskatu dio Donald Tusk Europar Kontseiluaren presidenteari. Gutun bat bidali zion atzo goizean, eta segituan erantzun zioten Bruselatik. Tusken ahotik mintzatu ziren zenbait funtzionario hainbat hedabiderekin, eta jakinarazi zuten kontseiluaren presidenteak luzapen «malgu bat» eskaintzen duela, beste urtebetekoa gehienez. Laburragoa izan daiteke, betiere Komunen Ganberak ontzat ematen badu Londresek eta Bruselak joan den azaroan adostutako irteerarako akordioa. Hori bai, EB Europako Batasunak ez du aldiro ibili nahi dibortzioaren eguna aldatzen eta atzeratzen. Batez ere horregatik, baina, brexit gogorraren mamua —inongo akordiorik gabekoa— gero eta handiagoa delako egin du atzerapen luzeago baten aldeko hautua.

Komunen Ganberan ados jartzen ez diren bitartean, Bruselak du azken hitza auzian. Eta Mayk ondo gogoan dauka zer gertatu zitzaion duela bi aste pasa, ekainaren 30era arteko atzerapena eskatu zionean EBri: gehienez maiatzaren 22ra artekoa eskaini ziotela. Baina baldintza bat jarri zioten: parlamentuak apirileko lehen asterako onartu beharko zuen irteerarako akordioa. Ez da hori gertatu: joan den ostiralean ere, hirugarrenez, diputatuek uko egin zioten.

Mayk, beraz, Alderdi Laboristarekin hitz egiten hastea erabaki zuen. Aste honetan hainbatetan bildu dira Alderdi Laboristakoak eta Alderdi Kontserbadorekoak, eta azpimarratu dute negoziazioak «eraikitzaileak» direla. Jeremy Corbyn laboristen liderrak atzo adierazi zuenez, ordea, ez du «gobernuaren iritzietan» aldaketa «handirik» nabaritu. Tuski bidalitako gutunean elkarrizketa horiek aipatu ditu Mayk, eta nabarmendu «ikuspegi bateraturik» lortzen ez badute brexit-a gauzatzeko alternatibak proposatzeko eskatuko diela diputatuei. Dena dela, azkeneko hamar egunetan bi aldiz egin dira bozketa adierazgarriak deitutakoak, brexit-ari hainbat alternatiba ematen zizkiotenak, eta proposamen bakar batek ere ez zuen gehiengorik lortu Komunen Ganberan. Mayrentzat «etsigarria» da prozesua amaiera «ordenatu eta arrakastatsu batera» bideratu ez izana.

Bestalde, gutunean bada kontuan hartu beharreko beste aldagai bat. Ekainaren 30era arteko atzerapena eskatu du Mayk, eta tartean, maiatzaren 23tik 26ra, Europako Parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte. Maiatzaren 23an Erresuma Batua ez bada oraindik EBtik banandu, Mayk onartzen du « legezko obligazioa» dutela hauteskundeetan parte hartzeko, eta gobernua horretarako «prestatzen» ari dela.

Dibortzioaren prozesua aurreikusi baino gehiago atzeratzen ari da. Dena den, tory-en artean badira jendaurrean itxaropentsu azaltzen direnak. Jeremy Hunt Atzerri ministroak atzo esan zuenez, brexit-a «hurrengo hilabeteetan» gauzatzea espero du.

Brexiter gogorrenek, bestalde, ez dute bat egiten Tuskek proposatutakoarekin. Horien liderretako bat da Jacob Rees-Mogg, eta adierazi zuen EBren egitekoak «ahal bezainbeste zailtzen» ahaleginduko direla baldin eta azkenean kontseiluko presidentearen planteamendua gailentzen bada.

Desadostasunak klubean

Europar Kontseiluak brexit-ari buruzko goi bilera egingo du asteazkenean Bruselan, eta, dirudienez, 27 estatu kideak ez datoz bat luzapen bat ematearekin —aho batez hartu beharra daukate erabakia—. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen inguruko iturriek atzo adierazi zutenez, «goizegi» da luzapenaz hitz egiteko. Mark Rutte Herbereheetako lehen ministroaren esanetan, Mayren gutunak «galdera asko» eragiten ditu. «Argitasun» gehiago eskatu dio Londresi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.