Atzerritarrek bete dezakete langile falta, EHUren ikerketa baten ustez

Sara de la Ricak uste du etorkinei formakuntza egokia eman beharko litzaiekeela demografia arazoari aurre egiteko. Esan du, ordea, lan baldintzak hobetu behar direla pertsona horiek erakartzeko
Sara de la Rica, erdian, Lan Txostena egin duen lan taldearekin batera, atzo, EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan.
Sara de la Rica, erdian, Lan Txostena egin duen lan taldearekin batera, atzo, EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko maiatzak 17
«Gaur egun 30 eta 45 urte arteko langileen falta daukagu». Ohartarazpen argia egin zuen atzo Sara de la Rica EHUko ekonomia katedradunak. Eta esan zuenak badu oinarririk: 2017 hasieran 30 eta 45 urtekoak ziren langileen %41, eta apirilean kopurua %38ra jaitsi zen. Kontrara, 45 urte baino gehiago zituztenen kopuruak gora egin du denbora tarte berean: %48 ziren lehen eta %50 dira orain. Alegia, langileak zahartzen ari direla erakusten dute Iseak fundazioaren datuek.

Joera demografikoei begiratuz gero, gainera, «ez dirudi arazoa konponduko denik». Areago, jaiotza tasak bat-batean gora egingo balu ere, horiek lan merkatura sartzeko 25 urte itxaron beharko lirateke. Horregatik, galdera egin zuen De la Ricak: «Zer egingo dugu denbora tarte horretan?».

Berak eman zion erantzuna berak egindako galderari. Asteazkenean Cebek Bizkaiko patronalak egindako proposamena bere eginez, esan zuen hutsune hori «atzerritarrek bete» dezaketela. Etorkinak beso zabalik hartzeko deia egin zuen horregatik, eta esan laneratzeko formatu egin beharko liratekeela. Hala ere, pertsona horiek lanera etor daitezen, lan baldintzak hobetzeko eskaria ere egin zuen. «Euskadi leku atsegina da bizi ahal izateko, familiak etor daitezke hona, baina horretarako lan baldintzak hobetu beharko lirateke».

Alde horretatik, Bizkaiko enpresariei gogoeta egiteko gonbita egin zien De la Ricak: «Industriari lotutako kontratuak ezin dira behin-behinekoak izan; oporrak eta gaixoaldiak ordezkatzeko, ados; baina hortik aparte, ez». Gogoetarako deia egin zien, Bizkaian ugaritu direlako gehien behin-behineko kontratuak azkeneko urtean. Iseak fundazioak webgunean bildu dituen zenbakietatik atera daiteke baieztapen horren datua: 2018 hasieratik eta 2019 apirilera arte Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian %4,5 ugaritu dira mugagabeko kontratuak, eta %1,8 behin-behinekoak. Zenbakiak okerragoak dira Bizkaian: lan kontratu mugagabeek %3,5 egin dute gora, eta %2,6 behin-behinekoek. Gipuzkoan kontratazio mota horiek %5,1 eta %1,4 egin dute gora hurrenez hurren, eta %4,8 eta %0,5 Araban. Hau da, Gipuzkoako eta Arabako joeratik aparte doaz Bizkaiko enpresariak.

Kontratu mugagabe gehiago egitea bere horretan albiste ona dela zioen De la Ricak, «baina horrek ez du esan nahi epe batera kontratuak eteten ez direnik». Berak gidatzen duen lantaldea ikerketa egiten ari da, jakiteko ea mugagabeko kontratu horiek ez ote diren ezkutuko behin-behineko bihurtzen ari. «Kontratu mugagabea egiteagatik ordain sari bat jasotzen dute enpresek, eta, kasu askotan, epe hori amaitzen denean, eten egiten dituzte; behin-behineko kontratu luzeak izaten amaitzen dute askotan». Alegia, kontratu mugagabeen kopuruak gora egiteak ez duela esan nahi lan baldintzak hobetu direnik. Hori jakiteko, ikerketa bat egin behar dela uste du.

Luzarokoak, behera

Iseak fundazioak hiru hilean behin argitaratzen duen Lan Txostena aurkeztu zuen atzo. Hemendik aurrera LanLab izena izango du, eta lan merkatuaren inguruko datuak hilero eguneratuko dituzte webgunea baten bidez. Enplegu zerbitzuetako zenbakiekin osatuko dute, «egoeraren analisirako datuak eskuragarri izateko».

Agerraldian, ordea, egoeraren erradiografia orokorra egin zuen De la Ricak, eta langabeen artean joera aldaketa bat egon dela nabarmendu zuen. «Krisialdian orokortu zen joera bat izan zen, hau da, luzaroko langabeak gehiago ziren epe laburrekoak baino». Baina azken hiruhilekoko datuak biltzen dituen txostenean, lehen aldiz, luzaroko eta epe laburreko langabeen kopurua parekatu egin da. «Horrek elementu oso positibo bat adierazten du, erlazio negatibo oso handia dagoelako langabeziaren iraupenaren eta lan bat aurkitzeko posibilitatearen artean». Hau da, zenbat eta denbora gehiagoz egon langabezian, orduan eta zailagoa dela lana topatu ahal izatea.

Aurreko agerraldietan behin eta berriro errepikatu izan zuen arrisku hori De la Ricak: luzaroko langabeen egoera kronifikatzearena. Gaur-gaurkoz, arrisku hori Bizkaian legoke argien, langabeen %53 egoera horretan daudelako.

«Gainera, 45 urtetik gorakoak izaten dira luzaroko langabe hauetako asko; horregatik, oraindik lan handia dago egiteko pertsona hauek lan merkatuan sartu daitezen». Alde horretatik, lan egiteko eskatu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna