Ukrainako Parlamentua desegin du Zelenskik presidentetza hartu ostean

Lehen ministroak eta gobernuko kide gehiagok dimisioa eman dute presidente berriak hala eskatu ondoren. Urrian egitekoak ziren legebiltzarrerako bozak uztailean egin nahi ditu estatuburuak

Volodimir Zelenski parlamentura bidean presidente kargua hartzeko ekitaldia egiteko, atzo, Kieven. STEPAN FRANKO / EFE.
mikel rodriguez
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Presidente edo politikari batek izan ohi duen harreraren antz handirik ez zuen izan Volodimir Zelenskik Ukrainako Parlamentuaren kanpoaldean atzo jaso zuenak. Estatuko ekitaldi solemne bat baino gehiago, zinema jaialdi baten antz handiagoa izan zuen, Zelenski alfonbra gorri eta guzti sartu baitzen parlamentura, hesien gibelean zeuden jarraitzaileei bortzekoak eman, haiekin argazkiak atera, eta keinu informal anitz egin ondoren. Funtsean, bere mundua, zinemarena eta telebistarena, politikara eraman zuen bertze behin. Baina erabakiak hartzeko ez du batere itxaron. Presidente kargua hartzeko hitzaldian bertan parlamentua desegin zuen, eta jakinarazi zuen bi hilabetean legebiltzarrerako hauteskundeetara deituko duela. Gobernuari dimisioa emateko ere eskatu zion, eta lehen ministroak, Defentsakoak eta zerbitzu sekretuetako buruak berehalakoan iragarri zuten kargua utziko dutela. Zelenskiri leporatu diote kanpainan zehaztasun gutxiko neurriak proposatu dituela, baina atzoko hitzaldian argi markatu zuen lehentasuna: hego-ekialdeko Donbass eskualdean gerra bukatzea.

«Prest nago dena alboratzeko gure heroiak ez daitezen hil», erran zuen Rada Gorenean (parlamentuko behe ganberan). «Ez dut erabaki zailak hartzeko beldurrik. Prest nago nire ospea galtzeko, eta, beharrezkoa balitz, baita nire kargua ere, bakea ezar dadin». Petro Poroxenko aitzineko presidente eta hauteskundeen galtzaileak agindu zuen operazio militarrak piztu zuen gerra 2014an, Kieven gertatu zen kolpea onartu ez zuten Donbassko taldeek Donetsk eta Luhansk probintzien independentzia aldarrikatu ondoren. 10.000 pertsona baino gehiago hil dituzte ordutik.

Zelenskik kanpainan ere adierazi du Errusiarekin elkarrizketa nahi duela. Kremlinek, oraingoz, harrera hotza egin dio. «Putin presidenteak Zelenski zorionduko du Ukraina hego-ekialdeko barne gatazkaren konponbidean, eta Errusiaren eta Ukrainaren arteko harremanen normalizazioan lehen arrakastak lortzen dituenean», adierazi zuen atzo Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak.

Lehen erabakiak, ordea, Kieven bertan duen erronka politikoarekin hartu ditu Zelenskik. Urtebete baino ez duen fenomeno politiko bat izan da umoristaren presidentetzarako hautagaitza. Hori dela eta, haren alderdiak ez du ordezkaritzarik parlamentuan. Poroxenkoren koalizioak zuen gehiengo osoa, eta urrian egitekoak ziren hauteskundeak.

NDFren mailegua

Baina presidente berria ez da hauteskundeak aitzinatzera mugatu. Poroxenkoren koalizioak osatzen duen gobernuko kideei dimisioa emateko eskatu baitzien. Volodimir Groisman lehen ministroak bihar utziko du kargua, hain zuzen, NDF Nazioarteko Diru Funtsaren delegazio bat Kievera joatekoa denean hark negoziatu zuen mailegu bati buruz solas egitera. NDFk nahi du maileguaren truke Ukrainak etxeetan kontsumitzen den energiaren zergak igotzea, baina hori onartzeak Zelenskik herritarren bizi baldintzak hobetzearen alde erabili duen diskurtsoa deseginen luke. Oleg Ustenko presidente berriaren aholkulariak erran du espero dutela parlamenturako bozen ondoren negoziatzea NDFrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.