Eroskik baieztatu du bazkide bila ari dela bere negozio batzuetarako

Irabaziak 1,6 milioira jaitsi zaizkio, finantza gastuengatik eta kontabilitatean izandako aldaketengatik. Salmentak %2 gutxitu zaizkio, dendak gainetik kentzen jarraitu duelako, zorra ordaindu ahal izateko

Eroskiren supermerkatu bateko irudia, Leioan. Joan den urtean 61 salmenta gune berritu zituen banaketa kooperatibak. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Duela hiru hilabete aukera bat zela zioten, baina orain baieztatu egin du Agustin Markaide Eroskiko presidenteak: «Kooperatibak dituen negozio adar guztietan sartu ahal izango litzateke bazkide berriren bat». Ñabardura bat egin zuen gero, ez baitu bazkiderik bilatzen taldeko bihotzean, Eroski kooperatiban, ezta bidaia agentzietan ere. Hau da, prest dagoela Capraboren, Forum Sporten, optika denden, gasolindegien edo beste negozio batzuen zatiak saltzeko, industria sektoreko bazkideei edo finantza arlokoei. Salmenta errazteko, holding batean sartuko ditu 40 filialak, eta negozioen eta eremuen arabera sailkatu.

Oraindik inork ez die informazio eske deitu, baina aukera hori zabalik dago, bankuekin duen zorra txikitzeko moduetako bat baita. Besteak dira taldearen mozkinak eta «estrategikoak ez diren» zenbait hipermerkatu saltzea. Gaur egun, bazkide bakar bat du Eroski taldeak.

Martxoan, bost banku hartzekodun nagusiekin 1.538 milioi euroren zorra birfinantzatzeko akordioa lortu zuen Eroskik. Itun horrek behartzen du 2024ko uztailerako 455 milioi euroren zorra amortizatzera.

Orain, zorraren laurdena duten beste hamalau bankurekin negoziatzen ari da Eroski, hartzekodun handiekin sinatutakoarekin bat egin dezaten. Negoziazioa uztailerako itxiko dela uste du Markaidek, eta hari esker taldea gai izango dela bere negozio plana garatzeko. 2010etik 1.800 milioi euroko zorra kitatu du bankuekin, horietatik 187 milioi euro joan den urtean.

Irabaziak, bigarren urtez

Iazko datuekin gustura azaldu da Eroskiko presidentea. 2007-2016 epean urtea joan urtea etorri galerak izan ondoren, bigarren urtez jarraian Eroskiren kontuak positiboan amaitzea lortu dute: 1,59 milioi euro irabazi zituen. 2017an baino %94 gutxiago da —33 milioi euroko mozkina izan zuen—, baina Markaidek ziurtatu du bi datuak ez direla «konparagarriak», kontabilitatean aldaketak izan direlako —lokalen alokairua pasibo gisa zenbatzen da orain—, eta finantza gastuak «nabarmen» handitu direlako.

Azken emaitzari bainoago, etekin operatiboari begiratu dio Markaidek, hau da, salmentek emandako irabaziari. Zortzigarren urtez jarraian hobetu du Eroskik, eta 163,6 milioira iritsi zen: 2017an baino %19 gehiago. Ebitda 250 milioira heldu da (+%3,8).

Salmentetan, ordea, %2 egin zuen behera Eroskik,5.393 milioi euroraino. Baina beherakada horrek badu bere arrazoia, salmenta postuetan 60.000 metro koadro gutxiago izan baitzituen iaz. Hau da, era guztietako amortizazioak egin ditu taldeak zorra ordainduz joateko, eta, horregatik, Eroskik 2017an zuen salmenta eremua baino %4,3 txikiagoa izan zuen iaz. Kontrara, sektoreko beste supermerkatuei %4 hazi zitzaizkien euren salmenta eremuak.

Eroskik Espainia erdialde eta hegoaldean saldu ditu supermerkatu horietako gehienak, eta penintsula iparraldean bildu du bere negozioa. Eta hor indartsua da taldea. Hego Euskal Herrian, Galizian, Katalunian eta Balearretan merkatu kuotaren %14 dauka. Etxean, are handiagoa da: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan merkatuaren %29 du, eta Nafarroan, %15. Mercadonaren eta Amazonen lehiari garrantzia kendu dio Markaidek.

Eroskik 61 denda berritu zituen iaz —45 Eroskikoak eta 16 Capraborenak—, eta aurten Kataluniako saltokiak berrituko dituztela aurreratu du Markaidek. Izan ere, «zenbakiek erakusten digute behin dendak berritu ostean salmentak hobetu egiten direla». 2019. urtean negozio eredua hobetzeko 90 eta 100 milioi euro artean inbertituko ditu Eroskik.

Diru gutxiago joango da denda berriak irekitzera. Iaz 21 saltoki ireki zituen, eta 37 frankizia. Aurten antzeko kopuruak espero ditu Markaidek.

Zurekin eredua, indartzen

Azken urteetan, lekuan lekuko produktuei lehentasuna eman die banaketa kooperatibak. Eroskik tokiko 21.000 produktu kudeatu zituen iaz, eta 2.500 ekoizle txikirekin egin zuen lan. «Lan handia dakar horrek berarekin, baina horrek balioa ematen dio gure eskaintzari». Elikagai freskoen %12 lekuan lekuko ekoizleenak izan ziren joan den urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.