Beste bide baten beharra

Johnsonek adierazi du ez duela 'brexit'-aren atzerapenik eskatuko legeak hori egitera behartzen duen arren; hori betetzeko, hainbat aukera ditu mahai gainean

John Bercow Komunen Ganberako presidenteak atzo jakinarazi zuen kargua utziko duela urriaren 31n. DARREN STAPLES / EFE.
ander perez zala
2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Boris Johnsonek bere horretan jarraitzen du: «Brexit-a gauzatu behar dugu, Erresuma Batua urriaren 31n atera behar delako [EB Europako Batasunetik]», adierazi zuen atzo Dublinen, Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroarekin batzartu osteko agerraldian. Erresuma Batuko lehen ministroarentzat, berebizikoa da egun horretan gauzatzea bere herrialdearen irteera, auziarekin amaitze aldera, eta, batez ere, hauteskundeei begira. Brexit-a gauzatu duen lehen ministrotzat aurkeztu nahi du bere burua datozen bozen kanpainan, baina arazoa zera du: Komunen Ganberak legez debekatu diola itunik gabe ateratzea —atzo itxi zuten parlamentua—. Johnson, ordea, ez da kikildu, eta borroka politiko eta judizialerako prest dagoela iradoki du, xede bakarra betetzeko: hirugarren atzerapenik egon behar badu, ez dadila hura izan hori eskatuko duena.

Akordiorik gabeko irteera blokeatu diotela jakinik, Erresuma Batuko lehen ministroak iragan astean ziurtatu zuen nahiago zuela «lehenago zulo batean hilda egon luzapen bat eskatu baino». Eta, badirudienez, hori betetzeko asmoa du, hauteskundeetara jotzeko eta horietatik indartuta ateratzeko; beharrezkoa bada, itunik gabeko irteera gauzatzeko. Hori guztia, aste gogorra izan zuen arren: gehiengo osoa galdu zuen Komunen Ganberan; 21 diputatu tory talde parlamentariotik bota zituen; eta Jo Johnson —haren anaia— eta Amber Rudd ministroek dimisioa eman zuten, besteak beste. Atzo, gainera, bigarrenez ez zuen lortu bozak urriaren 15era aurreratzea.

Bada, oposizioko ordezkariek eta haren alderdiko zenbaitek oinarrizko planak zapuztu dizkioten arren, Johnsonek hainbat aukera ditu mahai gainean bere helburuei eusteko. Bidea luzeagoa izan daiteke, baina, harentzat, helmuga bera izango da.

Karguan dagoela dituen aukeren artean, Johnsonek legea ez errespetatzea erabaki lezake, eta, hortaz, atzerapenik ez eskatzea; ordea, Ken Macdonald fiskal ohiak herenegun adierazi bezala, Erresuma Batuko lehen ministroak prozesu judizial bati egin beharko lioke aurre, eta kartzelara joanen liteke hori egiteagatik.

Beste aukera bat litzateke, Komunen Ganberak onarturiko legeak behartzen dion bezala, EBri hirugarren atzerapena eskatzea eskutitz baten bidez, baina, testu horrekin batera, beste eskari bat bidaltzea: lehen eskutitzak dioenari jaramonik ez egiteko, hori ez delako gobernuaren nahia. Jonathan Sumption Erresuma Batuko Auzitegi Goreneko epaile ohia ere argi mintzatu zen aukera horretaz: «Finean, legea ez betetzea da».

Lehen ministro kargutik dimititzeko edo bere buruaren aurkako konfiantza mozio bat aurkezteko hautua ere egin lezake, baina, horretarako, urriaren 14ko astera arte itxaron beharko du, orduan zabalduko baititu berriz parlamentuak bere ateak. Dimisioa emanda, Jeremy Corbyn laborista buru duen behin-behineko gobernu batek eskatu beharko luke atzerapen hori, eta berehala deitu hauteskundeetara. Aukera hori begi onez ikusten dute oposizioko alderdiek, baina, bozetara joan nahi duten arren, hirugarren atzerapena lortu aurretik ez dute halakorik egingo. Legearen arabera, datorren urteko urtarrilaren 31n izan beharko litzateke brexit-a, urriaren 19a baino lehen ez badute akordiorik onartzen.

Testuinguru horretan, Johnson bozetara aurkeztuko litzateke biktima gisa, argudiatuta parlamentuak ez diola utzi irteera urriaren 31n gauzatzen, eta, herritarrek 2020ko urtarrilaren 31n atera nahi badute, gehiengo osoa beharko duela Komunen Ganberan.

Presidente berria ganberan

Balizko hauteskundeek ekarriko dituzten aldaketen artean egongo da ganberak presidente berria izango duela, hamar urteren ostean. John Bercowk —torya— atzo jakinarazi zuen kargua utziko duela urriaren 31n, edo horren aurretik hauteskundeetara deitzen badute.

Ondoren jaso zuen txalo zaparrada egungo egoera politikoaren erakusle izan zen: oposizioko diputatu guztiak eta gobernuaren aurka bozkatu zuten toryak altxatu egin ziren, hura txalotzeko. Ministroak, aldiz, eserita geratu ziren, eta gainontzeko diputatu toryak zalantzati izan ziren; batzuek txalo egin zuten, beste batzuek ez. «Utz iezadazue modurik esplizituenean esaten. [Lan] Hau nire bizitza profesionaleko ohorerik eta pribilegiorik handiena izan da», adierazi zuen Bercowk.

Jakinarazpen horren ostean, Dominic Grieve diputatuak aurkezturiko mozio bat bozkatu zuten, eta, horri baiezkoa emanda (311-302), Komunen Ganberak gobernua behartu du itunik gabeko irteerarako egin dituen prestakuntzak ezagutaraztera, baita administrazioko zenbaiten mezu pribatuak ere, parlamentuaren itxierari buruzkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.