Funtsak onartu du hazkundea ahultzen ari dela mundu osoan

Aurten munduko ekonomia %3 haziko dela iragarri du, apirilean esandako %3,3aren azpitik. NDFk uste du diru politikak txikitu duela merkataritza gatazkek eragindako kaltea

Gita Gopinath Nazioarteko Diru Funtseko ekonomisten burua, atzo, Washingtonen. SHAWN THEW / EFE.
Irune Lasa.
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Ahula eta prekarioa. Ezin esan Nazioarteko Diru Funtsa baikorra denik munduko ekonomiak izango duen bilakaeraz. Zuhurtziaz betetako txostenean, 2019an munduko ekonomiaren hazkundea «ahula» izango dela dio, eta apirileko %3,3ko hazkunde iragarpenak orain %3ra apaldu ditu, hots, 2008az geroztiko mailarik txikienera. Datorren urteari buruz, berriz, perspektiba «prekarioa» dela esan du NDFk; 2020an barne produktu gordin globala soilik %3,4 handituko dela uste du, apirilean %3,6ko hazkundea iragarri ostean.

Munduko ekonomia «moteltze sinkronizatuan» dago, Gina Gopinath NDFko ekonomisten buruaren arabera; finantza krisi globalaz geroztik ikusitako erritmorik geldoenean hazten. 2019an eta 2020an hazkunde hori txikiagoa izango da herrialde garatuetan (%1,7), eta handiagoa garabidean diren herrialdeetan (hurrenez hurren, %3,9 eta %4,6).

Aurrerago begira, 2021-2024koaldirako, NDFk uste du ekonomia globala erritmo biziagoan haziko dela, baina batez ere garabideko herrialdeen hazkundean oinarrituta; uste baitu beste zenbait ekonomietan goraldiak neurritsuagoak izango direla, hain zuzen, AEBetan, eurogunean, Txinan eta Japonian. Dena den, Txinak eta Japoniak hartzen dute mundu barne produktu gordinaren ia erdia.

AEB-Txina

Hazkunde apalen eta perspektiba pattalen arrazoien artean, funtsak merkataritza gatazkak nabarmendu ditu, batez ere AEBen eta Txinaren artean piztutako gerra komertziala. Tentsio horien eragina zenbatu ere egin dute fbere ekonomistek: munduko BPGa %0,8 murriztuko dute 2020an. Gatazka komertzialek eta geopolitikoek merkataritza globalari soilik ez, kalte egin diote baita negozioetarako konfiantzari eta inbertsio erabakiei ere.

Ahultasun horretan, tentsio eta gatazkak areagotuko balira perspektiba askoz ilunagoetarako arriskua ikusten du NDFk. Ziurgabetasun handiagoak, besteak beste, okertu egin lezake finantza merkatuen inguruko sentimendua, eta horren ondorioz, finantzaketa baldintzak asko gogortuko lirateke, batez ere ekonomia zaurgarrienentzako. Ziurgabetasuna gehiago luzatuko balitz, egoera larriagoa litzateke, produktibitatea murriztuko litzateke, hornidura kateak eten, eta finantza zaurgarritasunak areagotu.

Merkataritza gatazkekin zuzenean lotu du NDFk industrianantzematen den motelaldia. «Muga zerga handiagoek eta ziurgabetasun luzeak murriztu egin dituzte inbertsioak eta ondasun kapitalen eskariak». Horrez gain, berezko ezaugarriengatik—CO2 isurien mugetarako egokitzapena— autogintza industria ere shock modukoan dago, bai eurogunean, bai eta Txinan ere.

Gauzak horrela, industria, eta oro har, fabrikazioa da batez ere motelaldian dagoena. Aldiz, Diru Funtsak dio zerbitzuen alorra sasoi onean dagoela, enplegu eta soldata hazkundeekin herrialde garatuetan. Edonola ere, industriaren eta zerbitzuen arteko dibergentzia ohikoa ez den moduan ari da luzatzen, eta horrek kezka piztu dio NDFri, industriaren ahulezia ez ote den kutsatuko zerbitzuetara.

Diru politika leungarria

Gopinathen iritziz, inportantea da kontuan izatea %3ko hazkunde motela diru politika aringarriak nagusi diren testuinguru batean jazoko dela. Bai garabidean diren herrialdeetan bai ekonomia aurreratuetan inflazio txikiak banku zentralei politika leunagoetarako bidea erraztu die, dagoeneko hazkundea pattaltzen ari zela antzematen zenean.NDFren arabera, diru merkeago hori gabe, hazkunde ekonomiko globala %0,5 puntu txikiagoa izango zen, bai 2019an baina baita 2020an ere. Beraz, neurri batean, diru politikek leundu egin dute gatazka komertzialen kaltea

Hala ere, NDFko ekonomista buruaren arabera, diru politika ezin da izan hazkunde ekonomikoa bultzagarri bakarra, haien ahalmena ere mugatua delako. Gopinathek beharrezko ikusten du zerga politikak ere jokoan jartzea, horretarako ahalmena duten herrialdeetan. Dei zuzena egin dio Berlini: «Alemania bezalako herrialde batek interes negatiboen abantaila baliatu beharko luke kapital sozialean eta azpiegituretan inbertsioak egiteko, kostu-mozkin ikuspegitik besterik ez bada ere». Ekonomiaren bilakaerak asko egingo balu okerrera, NDFren ustez, agian beharrezko izango litzateke nazioartean koordinatutako erantzun bat.

Lehentasun politikoen artean,beharrezkoena merkataritza gatazkak eta tentsio geopolitikoak baretzea dela uste du, fokua jarri ahal izateko merkataritza sistema globala hobetzeko irtenbide kooperatiboetan. Gainera, NDFren arabera, herrialdeek batera egin beharko liekete aurre munduaren arazo nagusiei, hala nolaklima larrialdiari, nazioarteko zerga sistemari, ustelkeriari eta zibersegurtasuneko arriskuei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.