Akordiorik gabe amaitu da Libian su-eten iraunkorra adosteko bilera

Errusiak eta Turkiak babestutako menia berretsi du Tripoliko gobernuko lehen ministroak, baina ez ekialdeko buruzagi militarrak. Bi aldeek behin-behineko su-etena urratzea egotzi diote elkarri

Akordiorik gabe amaitu da Libian su-eten iraunkorra adosteko bilera.
arantxa elizegi egilegor
2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Badira zortzi urte NATOren hegazkinek Muammar Gaddafiren konboiari eraso ziotela. Urte luzez Libiako estatuburu izandakoa ihes egiten saiatu zen, baina matxinoek atzeman eta hil egin zuten. Ordurako baziren bi hilabete hiriburuaren gaineko kontrola galdua zuela. Geroztik bi administraziopean dago herrialdea; Tripoli hiriburua eta kostaldeko Khoms eta Misrata hiriak kontrolpean ditu Fayez al-Sarrajek, Batasuneko Gobernu Nazionaleko buruak. Horrez gain, nazioartearen babesa ere badu al-Sarrajen exekutiboak.

Lurraldearen zati handiena, hala ere, Khalifa Haftar buruzagi militarraren menpe dago, eta kontrolpean ditu hegoaldeko petrolio putzu gehienak ere. Gainera, urtarril hasieran bere egin zuen kostaldeko Sirte hiria. Apirilean, Haftarren indarrek erasoaldi gogorra hasi zuten, Tripoli hartzeko helburuarekin, baina, helburua lortuko zutela zirudienean, Errusiak eta Turkiak proposatutako su-etena onartu zuten bi aldeek asteburuan.

Oraingoz, menia behin-behineko akordioa besterik ez da. Hura berresteko eta bake elkarrizketak hastea hitzartzeko asmoz, atzo Moskun bildu ziren bi aldeak. Bilerak, ordea, ez zuen izan esperotako arrakasta. Izan ere. Batasun Nazionaleko Gobernuak su-etena sinatu bazuen ere, «denbora gehiago» eskatu zuten Haftarrek eta Tobruken egoitza duen Libiako Parlamentuak.

Paperean bakarrik

Menia sinatu duten arren, nazioarteak babestutako gobernuaren buruak, Al-Sarrajek, uko egin zion Haftarrekin biltzeari. «Ez gara harekin bilduko, ez eta harekin batera mahaiaren bueltan eseriko ere. Libiako gatazkari buruz hitz egiteko prest gaude, baina Turkiarekin eta Errusiarekin», ohartarazi zuen Khaled al-Mixri bozeramaileak.

Haftarrek, aldiz, gaur goizera arteko tartea eskatu zuen «testua aztertzeko». Buruzagi militarrak Arabiar Emirerri Batuen, Saudi Arabiaren, Egiptoren eta Errusiaren babesa izan du Al-Sarrajen aurkako erasoaldian, nahiz eta azken horrek ofizialki halakorik onartu ez. Horrez gain, Al-Sarrajek Frantziari ere egotzi dio miliziei laguntzen aritzea, Parisek ukatu arren.

Aldiz, Turkiak hasieratik argi erakutsi du Batasun Nazionaleko Gobernuaren aldeko jarrera, iazko abenduan tropak bidaltzeko prest agertzeraino —Tripolik atzera bota zuen eskaintza, argudiatuz behar izanez gero eskatuko zuela laguntza—.

Hala ere, Errusiak eta Turkiak, ahalegina egin dute orain arte kontrajarriak egon diren bi indarrak gerturatzeko, su-etena bultzatuz. Bi bitartekarien asmoa zen behin-behineko menia hori behin betiko bilakatzea, eta bake elkarrizketa hastea. Horretarako data ere jarria zuten, datorren igandea, hilaren 19a, baita tokia ere, Berlin. Han zituzten hastekoak bake akordio baterako negoziazioak, Nazio Batuen Erakundearen babesean, eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen parte hartzearekin.

Aurrera egiteko garaia

«Iragana atzean uzteko garaia da, eztabaidak amaitzeko, eta bakerako eta egonkortasunerako bidea hasteko», adierazi zuen Batasun Nazionaleko Gobernuko buruak goi bilera hasi aurreko agerraldian. Nabarmendu zuen «odol gehiago isur ez dadin» onartu zutela su-etena, baina «bizia estatuaren alde eman duten martiriak eta semeak ahaztu gabe».

Al-Sarraj hitz egitearen alde agertu zen, baina ohartarazi zuen operazio militarrak berriz hasiko zituztela Haftarren indarrek su-etena urratuz gero. Horrek ez du esan nahi orain arte bi aldeek bete dituztenik meniaren baldintzak. Igande gauerdiaz geroztik hainbat eraso izan dira, eta haietako batean pertsona bat ere hil da, militar bat. Bi aldeek elkarri egotzi diote hitzarmena urratu izana

Bien bitartean, Europako Batzordeak txalotu egin du su-etena lortu izana. «Norabide egokian emandako lehen pausoa da menia, baina benetan behar dena zera da, adiskidetze prozesu bat, herrialdea berreraikitzeko eta batasuneko gobernu bat osatzeko prozesu bat», adierazi du Ursula Von der Leyen presidenteak. Haftarrek menia sinatu ez arren, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov ere itxaropentsu agertu da. «Baikor agertu da [Haftar] proposamenarekin, eta bihar [gaur] goizera arteko tartea eskatu du hura hobeto aztertzeko. Espero dut erantzuna baiezkoa izango dela, guk horretarako lanean jarraituko dugu».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.