Ruandako genozidioko hobi komun handiena ikertzen hasi dira

Orotara 30.000 pertsonaren gorpuak daudela uste dute agintariek. Hilketetan parte hartu zutenek emandako informazioari esker topatu dute hobia. Duela 26 urte 800.000 tutsi hil zituzten Ruandan

Emakume bat genozidioan hildakoen omenez Kigalin jarritako monumentuari begira. AHMED JALLANZO / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Atzo 26 urte bete ziren hutuek Ruandan 800.000 tutsi hil zituztenetik. Genozidioan parte hartzeagatik zigortutakoetako asko aske daude gaur egun, zigorrak bete dituztelako edota gertatutakoa argitzen lagundu dutelako, informazioa emanez. Hain zuzen ere, hainbat preso ohik eta lekukok emandako informazioari esker topatu dute Ruandako hobi komunik handiena izan litekeena. Kigali hiriburuaren kanpoaldean dago, eta 30.000 gorpu daudela uste dute agintariek.

Naphtal Ahishakiyek, genozidioaren biktimen elkarteak batzen dituen Ibuka erakundeko idazkariak, azaldu du gorpuak urtegi zahar batean daudela lurperatuta. «Dagoeneko 50 hilotz inguru atera ditugu. Baina orain arazo nagusia da urpean daudela, eta lanean jarraitu aurretik ura atera behar dugu», azaldu du. Urtegia genozidioa baino lehen eraiki zuten, inguruko arroz eremuetara ura eraman ahal izateko.

Ateratako gorpuak identifikatzeko lanetan hasiak dira dagoeneko, baina, beste hainbat hiritan bezala, Kigalin ere berrogeialdia ezarri dute agintariek, koronabirusa dela eta, eta horrek lanak zailduko dizkie ikerlariei. «Gure esku dagoen guztia egingo dugu hilak behar bezala hobiratzeko», iragarri du Ahishakiyek.

Ruandako genozidioan hildakoen lehen hilotzak sarraskia egin eta urtebetera aurkitu zituen arkeologo talde batek, Kibuyeko elizaren inguruan. Eliza hartan 4.000 eta 5.000 pertsona artean zeuden 1994ko apirilean, hainbat zibil, polizia eta jendarmek eraso zietenean. Bizirik irten zirenak aurkitu eta hil egin zituzten hurrengo egunetan. Gorpuak lau hobitan lurperatu zituzten, tartean elizaren inguruan zulatutakoan.

Eraso antolatua

Ruandan gertatutakoa «gorrotoa sustatzearen ondorioa» izan zela ohartarazi zuen atzo Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak. «Ehun egunean ia milioi bat pertsona hil zituzten gaurko egunez [atzo] Ruandan. Gertatutakoa gogoratzeko balio du egun honek, baina baita halakoetan ere adiskidetzea posible dela frogatzeko ere», nabarmendu zuen Guterresek.

Ruandan gertatutako sarraskia gogoan izan zuten Afrikako Batasunean ere, nahiz eta urteroko ekitaldirik egin ez, koronabirusaren krisia dela eta. «Ez dugu ahaztu behar genozidioa ondo antolatutako ekintza bat izan ohi dela, zigorgabetasunak ematen duen segurtasunarekin egiten dena, eta askotan egileek eta beren ingurukoek ukatzen dutena», salatu du Moussa Faki Mahamatek.

1994ko apiriletik ekainera bitartean, 800.000 tutsi eta hutu moderatu hil zituzten muturreko hutuek. Juvenal Habyarimana presidentearen hilketarekin hasi zen sarraskia. Hutua zen bera, eta apirilaren 6an tiroz bota zuten haren hegazkina, Kigaliko aireportutik igarotzen ari zenean. Gerora Ruandako presidente izango zenari egotzi zioten erasoa, Paul Kagameri. Ordu hartan, milizia tutsi bateko burua zen Kagame. Hark, ordea, ukatu egin du beti halakorik, eta muturreko hutuei leporatu die erantzukizuna. Kagameren esanetan, aspaldian antolatutako genozidio bat hasteko aitzakia izan zen hilketa.

Era batera edo bestera, presidentearen hilketak hiru hilabete iraun zuen sarraski bat abiatu zuen. Hiriburuan hasi ziren hilketak, eta handik herri eta nekazaritza eremuetara zabaldu ziren.

Hala ere, hutuen eta tutsien arteko ezinikusia lehendik zetorren. Belgikako lehen kolonoak Ruandara heldu zirenean, etnien araberako nortasun agiriak banatu zituzten herritarren artean. 1916. urtea zen, eta kolono zuriek tutsiak hobetsi zituzten hutuen gainetik. Hala, hurrengo hogei urteetan etnia horretako kideek lanpostu eta heziketa hobeak eskuratu ahal izan zituzten. Hutuen haserrea 1959an lehertu zen. Urte hartan, hainbat matxinada piztu ziren, eta 20.000 tutsi hil zituzten. Beste askok Burundi, Tanzania eta Ugandara ihes egin zuten. Herrialdeak independentzia lortu zuenean boterera heldu ziren hutuak, eta tutsiak bilakatu zituzten krisi guztien erantzule, 1994ko genozidioari bidea zabalduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.