Kataluniako hauteskundeak (VI). Ferran Pedret.

«Ziklo politiko baten azkenetan gaude»

PSCk bozak irabaziz gero Salvador Illa inbestidurara aurkeztuko dela ziurtatu du Pedretek, eta Voxen babesa jaso ala ez erabakitzea ez dela egongo beren esku. Dioenez, elkarrizketa mahaian autodeterminazioaz hitz egin daiteke, baina hitz egin bakarrik.

ORIOL CLAVERA.
Julen Aperribai.
Bartzelona
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Kataluniaren erronkak asko direla dio PSC Kataluniako Alderdi Sozialistako hautagai Ferran Pedretek (Bartzelona, 1979), eta alderdi independentistek denak ardatz bakarraren inguruan kokatu dituztela. Gatazkaren erro politikoa aitortzen du, baina erdibideko konponbideak proposatu ditu.

[youtube]https://youtu.be/KnX7upcm0OM[/youtube]

Salvador Illaren PCR probarena bolo-bolo dabil. Kanpainako azken egunak aldrebestu dizkizue horrek?

Inondik inora ere ez. Aitzitik, TV3ko eztabaidan izan ziren gainerakoek egindako probak ez daude jasota inongo osasun protokolotan. [Kataluniako] Osasun Kontseilaritzak dioena bete: horixe besterik ez du egin. Modu interesatuan, polemika sortu nahi izan du norbaitek horren inguruan.

Nolabait, Katalunian ordena jartzeko asmoz aurkeztu da PSC hauteskundeetara. Zer egon da orain arte, zuen ustez?

Azken hamarkadan ez da egin inolako aurrerapenik autogobernuari dagokionez, eta zerbitzu publikoetan egindako murrizketei buelta emateko ahalegin txikiena egin duten autonomia erkidegoetako bat gara. Inbertsio sozialean oso atzean gaude, eta pertsona askoren bizi proiektuak ezin izan dira garatu, inbertsio publiko hori ez delako egin. Etapa hori gainditu nahi dugu, auzi ukigarrietan eta materialetan arreta jarriz, herrialdearen inguruan modu abstraktuan hitz egin beharrean. Milioi eta erdi lagun baino gehiago ditugu bazterketa soziala izateko arriskuan. Hortaz, eraikuntza sozialak lehentasuna izan behar du. Bestalde, batzuek Kataluniako gizartea zatitu dute auzi baten inguruan, eta guk nahi dugu horri ematen diogun irtenbidea kataluniarren gehiengoak onartzeko modukoa izatea.

Illaren gidaritzapean egin nahi duzue hori. On egin dio ministro moduan izan duen rolak?

Proiekzio publiko handia izan du, eta iritzia asko zatitu da haren inguruan. Hautagai izan aurretik kudeatzaile txartzat zeukaten batzuek, eta beste batzuek uste dute egoerak ondo kudeatzen dituela, edo, behinik behin, bere posizioa modu arrazoituan azaltzen duela. Uste dut azken hori izan dela haren bertuterik handiena. Entzuten eta argudiatzen dakien pertsona bat da, besteei eraso egin gabe, eta horren behar handia genuen Katalunian.

Haren izendapena estatu operazio moduan ulertu behar da?

Ez, alderdi barruko operazio bat da. Alderdi guztiek jartzen dituzte buru bere babesa handitzen lagundu dezaketenak. Independentismoak horren inguruan hitz egiten du, baina ni ikusten ari naizena da Generalitatearen engranaje guztiak ari direla, hedabideak barne, Illa higatu nahian. Hura izendatzearen atzean [Espainiako] estatuaren boteregune guztiak eta beste alderdien interesak egongo balira, gure lehiakideek ez lituzkete esango esaten ari diren gauzak.

Botere judizialaren laguntzarik ere ez duzue izan?

Ez. [Quim] Torraren inhabilitazioa gauzatu zenean, independentismoak gehiengoa zuen, eta jar zezakeen beste norbait haren ordez. Ez zuten jarri, eta politikoki arrazoitu zuten. Horrek ezinbesteko hauteskunde batzuetara eraman gintuen, bi hilabetez presidenterik ez zelako egon. Hortaz, data jarrita zegoen. Egoera epidemiologikoa arrazoi gisa jarrita, lege dekretu bat egin zuten bozak atzeratzeko, baina independentismotik hurbil dauden zenbaitek ere esan zuten lege dekretu hori oso gaizki eginda zegoela. Atzera botatzeko orduan auzitegiak egindako arrazoiketa juridikoa argia da.

Baliteke boto emaileen batez besteko adina jaistea, pandemiaren eraginez. Horrek kalte egingo dizue alderdi konstituzionalistei?

Nik ez ditut neure egiten horrelako etiketak. Beste espazio politiko batzuek jarritakoak dira. Ni kode zibilaren aldekoa naiz, konstituzionalista bezainbeste. Sozialistak, federalistak eta katalanistak gara, eta alde guztietakoekin ditugu desadostasunak. Blokeetan oinarritzen den politika hau gainditu nahi dugu.

Edonola ere, uste duzu Espainiaren batasuna babesten duzuen alderdiei kalte egingo dizuela esandako faktoreak?

Azterketa demoskopikoek ez dute erakusten adin nagusikoen artean abstentzioa handiagoa izango denik. Gainera, azterketa horiek erakusten dute lehenengoz bozkatzera joango direnen artean PSC aukera hobetsienetako bat dela. Egia da garai batean gure hautesle gehienak 55 urtetik gorakoak zirela, baina uste dut orain adin talde gehiagotara iristen garela. Adinarena baino faktore garrantzitsuagoa izaten da klasearena. Alderdi independentistak errotuago daude erdi mailako klasean, eta guk babes handiagoa dugu klase herritarrekoen artean. Errenta baxuko auzoetan izaten dugu babes handiena, nahiz eta abstentzioa ere handiagoa izaten den halakoetan.

Alderdi independentistek betoa jarri dizuete, eta ez dute zuekin ezer adostuko. Nola hartu duzue mezu hori?

Harritu nauena izan da hain esplizituki eta akordio baten bidez egiteak. Eta deigarria da egiteko modua ere: osoki independentista izango den gobernu bat osatuko dutela esan beharrean, adierazi dute alderdi jakin batekin ez dutela ezer adostuko. Aldaketa posible delako baieztapena da; ziklo politiko baten azkenetan gaude. Horren beldur dira, eta sozialistekin identifikatzen dute, nabarmen. Hautesleei bidali dieten mezua da bozkatzea beharrezkoa dela, aldaketa gerta daitekeelako, eta hori sozialiston esku dagoela.

Mesede egin dizue?

Inongo dudarik gabe. Junts Per Catalunyari ere ondo datorkio, eta deigarria da ERCren hauteskundeetako estrategiaren barruan, ez baitie lagunduko En Comuren ingurutik eta Juntsenetik erakarri nahi duten boto hori lortzen.

Unionisten babesa soilik jaso ahalko duzue orduan. Zeinena?

En Comu Podemengana joango gara lehenik, eta Espainiako Gobernuan dugunaren antzeko akordio bat egiten saiatuko gara. Antzekotasunak ditugu programetan, eta, beraz, ez luke arazo handirik egon behar. Hortik aurrera, alternatiba bat gidatzeko moduan bagaude, gainerako alderdi demokratikoei eskatuko diegu hori ez galarazteko.

Voxi ere bai?

Ematen dizuten babesa ezin da onartu edo ez onartu. Hauteskundeak irabazten baditugu, zilegitasuna izango dugu gehiengo bat osatzen saiatzeko. Guk gure hautagaia aurkeztuko dugu, eta alderdi bakoitzak erabakiko du babesa eman nahi dion edo ez. Gehiengoa osatzeko moduan bagara, inbestidurara aurkeztuko gara, eta beste alderdi demokratiko batzuen esku egongo da erabakitzea zer garrantzi izango duen Voxek egingo duenak.

ERCk Madrilen eman dizuen babesak zenbateraino baldintzatuko du sortua duzuen elkarrizketa mahaia?

Kataluniako auzia elkarrizketa politikoaren, negoziazioaren eta, azkenik, akordio baten bidez konponduko da. Akordio horrek estatutuan edo konstituzioan aldaketak egitea eskatuko balu, herritarren borondatearen menpe jarriko genuke. Hitz egitea bera traizio bat da batzuentzat, eta ez gatoz bat. Horrez gain, uste dugu elkarrizketa mahai batean inork ez diela uko egin behar bere helburu gorenei, baina ez dugu uste arerioaren helburu behinenak bere egitea izan daitekeenik esertzeko baldintza. Kontua da alde bakoitzak mahai gainean jartzea hark eztabaidagai izan daitekeela uste duena, eta bideragarria izango den irtenbide politiko bat lortzen saiatzea.

Amnistiaz eta autodeterminazioaz hitz egin daiteke?

Hitz egin daiteke, bai noski. Batari zein besteari zer erantzun emango diogun esan dugu, eta gure argudioak eman ditzakegu horren inguruan, baina ez diegu esango zer gai ekar ditzaketen mahai horretara.

Eta zein da aterabidea?

Gatazka politiko, instituzional eta konstituzional bat dago, dimentsio askotakoa. Guk proposatzen duguna da arazo handi hori deskonposatzea, eta lantzeko errazagoak diren arazo bihurtzea: estatuaren pluraltasuna behar beste kontuan hartzen ez dela uste badu jendeak, egin ditzagun aitortza hori egiteko politikak; azpiegiturak baldin badira arazoa, egin ditzagun inbertsioak; finantzaketa autonomikoak haserretzen badu jendea, egin dezagun hitzarmen berri bat... Deskonposatu egin behar dira arazoak, irtenbideak adosteko errazagoak izan daitezen.

Bihar: ERCren hauteskunde kanpaina amaierako ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.