Guantanamoko preso batek AEBak salatuko ditu NBEren aurrean

Abu Zubaydahk hemeretzi urte daramatza preso, kargurik gabe. CIAk munduan dituen hainbat kartzela sekretutan torturatu zutela azaldu du. Egun, 40 lagun inguru daude han espetxeratuta

Guantanamoko espetxeko bi preso, artxiboko irudi batean. J. SCOTT APPLEWHITE / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Abu Zubaydah presoak AEBen eta beste sei estaturen aurkako salaketa aurkeztuko du NBE Nazio Batuen Erakundearen Atxiloketa Arbitrarioen inguruko taldearen aurrean. Zubaydahk hemeretzi urte daramatza preso, horietako gehienak Guantanamoko kartzelan, Al-Qaedako kide garrantzitsu bat izan eta erakunde hark 2001eko irailaren 11n eginiko erasoekin lotura izan zuelakoan. Adierazi duenez, hainbat aldiz torturatu dute atxiloaldian zehar.

Zubaydah 2002an atzeman zuten, Pakistanen, eta lau urte igaro zituen CIA Inteligentzia Agentzia Zentralaren menpeko atxilotze zentro sekretuetan, Guantanamora lekualdatu zuten arte. Lehen urte haietan AEBetako agentziak «galdeketa teknika hobetuak» deritzenak egin izana salatu du, hau da, torturak; besteak beste, 83 aldiz egin zioten «urpekoa» —hanketatik zintzilik jarri eta burua ur azpian sartzea—, eta harenak dira CIAk 2005ean ezabatu zituen galdeketa bideoetako batzuk, Thailandian eginak. Gainera, hura galdekatu zuen FBI Ikerketa Bulego Federaleko agenteetako batek adierazi zuenez, «galdeketa teknika horien» ostean, atxilotuak ez zuen informazio berririk eman, aurrez ere «kooperatzen» ari baitzen.

Presoaren abokatu Helen Duffyk gogor salatu du haren egoera: «Haren atxiloaldiak ez du oinarririk nazioarteko legedian, eta prozesu batek jarraitu beharreko printzipio guztien aurka doa». Izan ere, AEBek ez dute sekula formalki ezertaz akusatu, ezta epaile baten aurretik pasarazi ere. Zerbait ohikoa Guantanamotik igaro diren ia 800 atxilotuen artean —egun, 40 inguru daude—. Duffyk gehitu du, gainera, AEBetako hainbat funtzionariok aitortu dutela Zubaydah ez zela inoiz Al-Qaedako kide izan. Halere, haren atxiloaldia mugagabea da.

Salaketak NBEri exijituko dio Washington behartu dezala presoa askatzera, eta beste sei estatuak —Erresuma Batua, Thailandia, Afganistan, Lituania, Polonia eta Maroko—, Zubaydahren desagerpen behartuarekin eta atxiloketarekin lotzen dituztenak, hura «aske uztera eta beste nonbait kokatuko dutela ziurtatzera». Izan ere, abokatuaren arabera, «presoa askatzea eta gizarteratzeko laguntza ematea» dira egoerari amaiera legal bat emateko aukera bakarrak.

Ez da, ordea, NBEren aurrean aurkeztuko duena Zubaydahk jarritako lehen salaketa izango.AEBetako Auzitegi Gorenari eskatu zion CIAko bi aholkulari deklaratzera dei zitzala, agentzia hark 2001etik aurrera Poloniako atxilotze zentro batean eginiko ustezko torturen harira. Han bete zuen hark atxiloaldiaren zati bat, eta, orduan, galdeketa saioak gainbegiratzeaz arduratzen ziren bi agente horiek. Auzitegiak astelehenean erabaki zuen gaia aztertuko zuela, baina informazio gehiago eman gabe.

AEBetako auzitegiak beste bi kasu ere ari dira aztertzen. Asadullah Haroon Gul eta Khalid Qassim presoen abokatuek euren bezeroak askatzeko eskaera egin zuten aurreko astean, adierazita AEBetako tropak Afganistandik ateratzeko Joe Bidenen erabakiak Washington argudiorik gabe utzi duela horiek preso mantentzeko:«AEBetako tropek Afganistango gatazkan duten parte hartze aktiboaren amaiera adieraztearekin, ez dago oinarri legalik [horiek preso jarraitzeko]».

Izan ere, Afganistango inbasioarekin batera ireki zuten Guantanamo, 2002an, orduko presidente George W. Bushek «terrorismoaren aurka hasitako gudan». Gatazka hura amaitzearekin batera, beraz, espetxea ere amaitu beharko litzatekeela uste dute abokatuek. Aurkako ahotsek, ordea, adierazi dute egungo «jihadismoaren aurkako gerra» Afganistango gatazkatik haratago doala.

Obamatik Bidenera

Espetxea ireki zutenetik, asko izan dira giza eskubideen aldeko erakundeek eginiko kritikak, eta, besteak beste, NBEk eta Europako Parlamentuak espetxea ixteko eskatu diote Washingtoni.

AEBetako Askatasun Zibilen Batasunaren arabera, gutxienez bederatzi preso hil dira han: horietako zazpi, ustez bere buruaz beste eginda; bat, bihotzekoak jota; eta beste bat, minbiziaz. Gainera, 21 adingabe espetxeratu dituzte, tartean, 13 urteko haur bat.

Barack Obama presidente ohiak hura itxiko zuela agindu zuen boterera iritsi aurretik. Zortzi urteko agintaldian, baina, ez zuen halakorik egin, Kongresuaren aurkako jarrera zela medio. Donald Trumpen agintaldiaren ostean, Obamaren presidenteorde izaniko Biden dago Etxe Zurian. Hark ere adierazi du espetxea ixteko asmoa, baina oraindik ez du erabakirik hartu bide horretan. Gauzak hala, Duffyk adierazi du presidenteak Zubaydahren kasuan duen jokamoldeak «nazioarteko legediarekin eta giza eskubideekin duen konpromisoa» neurtuko duela.

Bidenen agintaldian, ordea, egin da aldaketaren bat. Hilabete hasieran, Guantanamoko zazpigarren eremua itxi zuten. 2006an ireki zuten hura, «maila handiko» presoak giltzapetzeko; tartean, ustez 2001eko erasoekin lotutako hamalau lagun —horietako bat zen Zubaydah—. Zentroko segurtasun neurririk handienak zituen leku hark, eta hainbat urtez sekretupean gorde zuten haren existentzia bera ere. Han preso zeuden kideei, lekualdatzean, aurpegia estaltzen zieten zaku beltz batekin, eta haien abokatuek ere ezin izaten zuten ikusi eremua zehazki non zegoen .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.