Kolonbiako sei militar ohi atxilotu dituzte Haitin, Moiseren hilketarekin lotuta

Haitiko Poliziak hemeretzi lagun atzeman ditu, eta beste zazpiren bila ari da. Behin-behineko lehen ministroak «oligarkekin» lotu du presidentearen hilketa

Haitiko Polizia, atxilotuetako bat herritarrengandik banandu nahian, atzo, Port-au-Princen. JEAN MARC HERVE ABELARD / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Lausoa eta nahasia da oraindik Haitiko presidente Jovenel Moiseren hilketaren inguruko informazioa, baina hasi da zabaltzen, tantaka. Haitiko Polizia operazio handi bat egiten ari da egileak atzemateko, eta hemeretzi lagun atxilotu ditu dagoeneko; «jatorriz Haitikoak diren hamabost kolonbiar eta bi estatubatuar», zehaztu zuen atzo Leon Charles Haitiko Poliziaren zuzendari nagusiak; geroago, beste bi kolonbiar atxilotu zituzten. 28 laguneko komando bat jotzen dute erasoaren egiletzat, eta argitu zuen kolonbiarrak direla horietatik 26.

Atxilotutakoez gain, Charlesek esan zuen hiru kolonbiar hil zituztela, eta beste sei ihes eginda daudela. Herenegun, berriz, Poliziaren iturriek zabaldu zuten lau lagun hil zituztela gertakari berarekin lotuta. Charlesek ez du argitu zergatik eman zuten atzo hildakoen kopuru handiagoa. Beranduago, Poliziak bere Twitter kontuan jakinarazi zuen «hilketa ankerrean parte hartu zuten» bederatzi lagunen bila ari zela oraindik.

Charlesen arabera, erasoa egin zutenak Poliziaren eskuetan daude dagoeneko, eta erasoaren «egile intelektualak» harrapatzea falta zaie. Horretarako, laguntza eskatu zien herritarrei, egun bat lehenago egin zuen gisan. Hain justu, modu horretan harrapatu zituzten susmagarrietako bi. Dozenaka lagunek sokekin lotu, eta komisariara eraman zituzten. Eskari hori berretsi zuen Claude Joseph behin-behineko lehen ministroak ere.

Zalantzak desagerrarazi baino gehiago, galdera gehiago azalarazi dituzte atxiloketek, halaber. Zenbait hedabidek zabaldu zuten atzemandako hemeretzi susmagarrietatik 11 Taiwanek Port-au-Princen duen enbaxadaren lurretan harrapatu zituztela. Joanne Ou Taiwango Atzerri ministroak AFP berri agentziari azaldu zion enbaxada itxi egin zutela herenegun, segurtasun neurri moduan, baina atzo ohartu zirela armatuta zeuden hainbat lagun eraikinaren patioan zeudela, eta horren berri eman ziotela Poliziari. Atzo goizaldean atxilotu zituzten. «Mertzenario» moduan identifikatu zituen Atzerri ministroak.

Gainera, Moiseren hilketan atzerriko esku hartzeren bat egon den susmoa indarra hartzen ari da, eta aukera hori are gehiago hauspotu du atxilotuetako sei gutxienez Kolonbiako armadako kide ohiak direla jakiteak. Diego Molano Kolonbiako Defentsa ministroak baieztatu zuen hori, Interpol nazioarteko Polizia erakundeak azalpenak eskatu ondoren egindako adierazpenean. «Egiaztapenak egiten ari gara Kolonbian, Haitiko agintariei txosten bat bidaltzeko», adierazi zuen lehenago Jorge Luis Vargas Kolonbiako Poliziaren zuzendariak. Momentu horretan Haitiko Poliziak zehaztu zuen hildako bi kolonbiarren inguruko informazioa zutela, eta baieztatu armadako ofizial ohiak zirela biak.

Talde armatuengan eta paramilitarrengan jarrita dago arreta, halakoren bat egon daitekeelakoan erasoaren atzean. Haitik New Yorken duen enbaxadore Bocchit Edonen esanetan, baliteke «bertako konplizeek lagundutako atzerritarrak» izatea egileak. Harago jo du Josephek, BBC telebista kateari emandako elkarrizketa batean iradoki baitu balitekeela herrialdeko «oligarkek» lotura izatea hilketarekin: «Moise herrialdeko zenbait oligarkaren kontra borrokan ari zen, eta ez dakigu loturarik egon ote daitekeen oligarka horien eta presidentea hil zuten atzerritarren artean».

Agintea, banatuta

Moiseren hilketak areagotu egin du aurrez ere handia zen krisi politikoa. Josephek setio egoera ezarri zuen, eta botere handiagoa eman zion armadari. Hura izan zen hedabideen aurrean lehen adierazpenak egin zituena ere. Hala ere, behin-behineko lehen ministroa da Joseph, eta Moisek astelehenean izendatu zuen hura karguan ordezkatuko duena: Ariel Henry. Moiserekiko kritikoena den sektoreak baretzeko egin zuen, hein batean. Hortaz, printzipioz, hari dagokio oraindik Josephena den kargua, baina behin-behineko lehen ministroak argi utzi du eutsi egingo diola, herrialdea jasaten ari den krisiak hala eskatzen duela argudiatuta. Auzitegi Gorenak auzia argitzeko eskumena dauka, baina deseginda dago, eta auzitegiko presidentea joan den astean hil zen, COVID-19ak jota.

Josephek eta Henryk desadostasun agerikoak dituzte, eta horiei hitzak jarri zizkien bigarrenak, La Nouvelliste egunkariari emandako elkarrizketa batean: «Claude Joseph ez da nire gobernuaren parte». Adierazi zuen ez zela bere asmoa «suari gasolina gehiago botatzea», baina argi utzi zuen Josephek dagoeneko dimisioa emanda behar lukeela, berak gobernu berria eratu dezan.

Izan ere, gobernu baten faltak zaildu egiten du boterearen banaketan dauden zalantzak argitzea. Parlamentua deseginda dago, eta Moisek urtebete zeraman dekretuz gobernatzen. Herenegun, Helen La Lime Nazio Batuen Erakundeak Haitin duen ordezkari bereziak zilegitasuna aitortu zion Josephi herrialdea gidatu dezan. Azpimarratu zuen konpromisoa duela «elkarrizketarekin eta Moise presidenteak hauteskundeak egiteko aurreikusitako egutegia betetzearekin».

Hasieran, irailaren 26an egitekoak ziren presidentetzarako eta parlamenturako hauteskundeen lehen itzulia, eta egun berean egin asmo zuten konstituzioa berritzeko galdeketa ere. Presidentea hil ondoren, baina, legediak dio 90 eguneko epearen barruan egin behar direla bozak. Horrek aukera emango luke orain arteko datan baino beranduago egiteko, eta, krisiaren tamaina ikusita, baliteke horretarako beharra egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.