Hogei lagun epaituko dituzte Bataclan antzokiko atentatuengatik

Fiskaltzak bizi guztiko espetxe zigorrak eskatu ditu auzipetutako 11 kiderentzat. Epaiketa gaur hasiko dute, eta maiatzean amaitu. Hollandek, Vallsek eta Cazeneuvek lekuko gisa deklaratuko dute

Parisko Bataclan antzokiaren kanpoaldean jarritako oroigarria. MOHAMMED BADRA / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Parisek sekula jasan duen atentaturik bortitzena izan zen 2015eko azaroaren 13koa. Hamar lagunek ia une berean egin zuten eraso Frantziako hiriburuko 10. eta 11. barrutietan, Bataclan antzokian eta Saint Denisko futbol zelaiaren inguruan zeuden herritarren aurka. Emaitza, 130 hildako eta 400 zauritu baino gehiago, EI Estatu Islamikoak bere gain hartutako ekintzan. Gertaera hartatik ia sei urte igaro direnean hasiko da ustezko egileen aurkako epaiketa. Hogei lagun auzipetu dituzte; tartean, Salah Abdeslam, bizirik dagoen zuzeneko erasotzaile bakarra. Frantziako eta Belgikako poliziek atentatuaren aurretik eta ondoren eginiko balizko akatsak ere azaleratzeko balioko du auziak.

Epaiketa «historikoa» izango da, Frantziako Justizia ministro Eric Dupont-Morettiren arabera. Denera, 330 abokatu baino gehiago arituko dira akusazio gisa, maiatzaren 25era arte iraungo duen auzian. Espresuki muntatutako sala batean egingo da, eta, besteak beste, François Hollande orduko presidenteak, Manuel Valls lehen ministroak eta Bernard Cazeneuve Barne ministroak deklaratuko dute testigu gisa.

Akusatuen artean, Abdeslam da zuzeneko egiletzat jotzen den bakarra —gau hartan eta ondorengo polizia operazioetan hil zituzten gainerako erasotzaileak—. Halere, atentatuen planifikazioan parte hartu izanaz akusatutako beste hemeretzi lagun ere epaituko dituzte; horietatik sei, auzi iheslari gisa. Poliziak uste du bost Siriako eta Irakeko gerretan hil zirela —ez dago heriotzak frogatzeko modurik—, eta seigarrena Turkian dago preso. Fiskaltzak, besteak beste, bizi guztiko espetxe zigorrak eskatu ditu 11 kiderentzat.

Frantziako Poliziaren arabera, hiru taldetan banatutako hamar gizon izan ziren hilketen egileak. 21:20 aldera, lehen talde bat Stade de France futbol zelaian sartzen saiatu zen, Frantziako eta Alemaniako selekzioen arteko partidara. Baina, halakorik lortu ezinda, gorputzean itsatsiak zituzten lehergaiak zartarazi zituzten kanpoaldean: hiru erasotzaileez gain, beste bat ere hil zen, laugarrena, eta 60 inguru zauritu.

Une berean, beste talde batek, bigarrenak, Parisko 10. eta 11. barrutietako tabernak eta jatetxeak izan zituen jomuga. Abdelhamid Abaaud, Brahim Abdeslam eta Txakib Akrouh erasotzaileek Le Carillon eta Le Petit Cambodge establezimenduetako terrazetan zeudenen aurka tiro egin zuten lehenik —10. barrutian—, eta Casa Nostra, A la Bonne Biere eta La Belle Equipeko bezeroen kontra gero —11. barrutian—. Denera, 39 lagun hil zituzten, eta dozenaka zauritu. Abdeslamek lotuta zeraman bonba bat ere leherrarazi zuen Le Comptoir Voltaire tabernan, baina bera soilik hil zen han.

Hirugarren taldea Bataclan antzokian sartu zen 21:40 aldera. Eagles of Death Metal taldearen kontzertua ikusten ari ziren 1.500 lagunen aurka tiro egin zuten erasotzaileek. Hiru ordu inguru igaro zuten antzokian, eta 90 herritar hil zituzten. Poliziak Samy Amimour, ustezko erasotzaileetako bat, hil zuen.

Bost egun geroago, azaroaren 18an, Abaaud eta Akrouh hil zituen Frantziako Poliziak Saint Denisen, haiekin zegoen ustezko konplize batekin batera. Poliziaren arabera, Parisko La Defense auzoaren aurkako eraso bat prestatzen ari ziren haiek. Salah Abdeslamen atxiloketa, ordea, ez zen 2016ko martxoaren 18ra arte iritsi. Hura Bruselan atzeman zuten, ustez lau egun geroago Belgikako hiriburuan gauzatuko zuten atentatua prestatzen ari zela; 35 lagun hil zituzten, eta 340 zauritu.

Komunikazio falta

Nahiz eta hori ez izan epaituko dena, Poliziak atentatuen aurreko hilabeteetan izaniko rola aztertzeko ere balioko du auziak; batez ere, Frantziako eta Belgikako poliziena. Gerora jakin zenez, Abaaud —erasotzaileen ustezko burua—, eta Brahim eta Salah Abdeslam anaiak zaintzapean zituzten, baina ikerketek huts egin zuten. Brahim Abdeslamek Siriara bidaiatu zuen 2014an —EIren prestaketa militarra jaso zuen han—, baina, Bruselara itzultzean, Belgikako Poliziak ondorioztatu zuen ez zegoela hura ikertzeko «froga nahiko». Gauza bera egin zuten Salah anaiarekin ere. Hark hainbat bidaia egin zituen Europan, gerora Parisen eta Bruselan erasoak egingo zituzten kideen bila; tartean, Poliziaren ustez, Saint Denisko erasoa egin zutenak.

Abaaudek, berriz, Greziatik Siriara ihes egitea lortu zuen 2015 hasieran, Poliziak atentatu saiakera batekin lotura izan zezakeela uste zuen arren. Gerora, Frantziako inteligentzia zerbitzuek Belgikako Poliziari jakinarazi zioten hura Parisen atentatu bat prestatzeko asmotan egon zitekeela. Haiek, baina, ez zuten Abdeslam anaiekin lotu.

Erasoen ostean ere huts egin zuen polizien arteko komunikazioak. Goizaldean, auto batek Parisen jaso zuen Salah Abdeslam, eta Belgikaraino eraman, larrialdi egoera eta mugen itxiera indarrean egon arren. Kontrol batean gelditu zuten, baina hura identifikatzea lortu aurretik pasatzen utzi zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.