Gerra Ukrainan

Tentsioa areagotu da Polonian, haren mugan izandako leherketa batengatik

Zenbait hedabidek adierazi dute Errusiaren bi misil lehertu direla Ukrainatik gertu, AEBetako inteligentzia zerbitzuen ofizial bat iturri gisa aipatuta. Moskuk ukatu egin du hori, eta «probokazioa» salatu du

Tentsioa areagotu da Polonian, haren mugan izandako leherketa batengatik.
Mikel O. Iribar - Ander Perez Zala
2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Poloniaren lurretan atzo gertatu zen leherketa batek harrabotsa eragin du, Europako ekialdean bereziki. Ukrainako mugatik gertu gertatu ziren, Prezewodow herriko etxalde batean, eta Poloniako bi herritar hil ziren. Associated Press albiste agentziaren esanetan, AEBetako inteligentzia zerbitzuetako ofizial batek adierazi zion leherketak Errusiako bi misilek eragin zituztela. Piotr Muller Poloniako Gobernuko bozeramaileak baieztatu zuen leherketa bat gertatu zela, eta Poloniak alerta militarreko egoera handituko zuela, baina ez zion inori egotzi leherketa. Hala ere, adierazi zuen aztertu egingo dutela NATOren 4. artikulua —defentsa kolektiboarena— aplikatzeko eskatzeko «motiboak» ote dituzten.

Informazio eta giro nahasia sortu zen bart iluntzean, tentsio handikoa. AEBetako Gobernua zuhur agertu zen, eta gertaera «izugarri kezkagarria» zela esan arren, ez zuen ezer baieztatu. Pentagonoak ere aitortu zuen ez zuela oinarririk eztanden jatorria konfirmatzeko. Errusiak, berriz, guztiz gezurtatu zuen bere misilek Polonia jo zutela, eta salatu zuen baieztapen horiek «nahita egindako probokazioak» zirela.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ziurtzat jo zuen Polonian lehertutakoak Moskuk jaurtitako misilak izan direla. «Segurtasun kolektiboaren kontrako Errusiaren misil eraso bat da. Gorakada oso esanguratsua da. Erantzun egin behar dugu».

Poloniako Gobernuak Segurtasun Nazionalerako Komitea ezohiko bilera batera deitu zuen, eta Andrzej Duda presidentea Joe Biden AEBetakoarekin mintzatu zen gauean. Hungariak, berriz, iragarri zuen Defentsa Kontseilua bilduko duela. Poloniaren gertuko beste herrialde batzuek, Lituaniak eta Estoniak, elkartasuna adierazi zioten, haien esanetan Errusiaren eraso bat izan den horren aurrean.

Hain justu, Errusiak dozenaka misil jaurti zituen atzo Ukrainako hainbat hiritara. Ehun inguru, Kieven esanetan. Besteak beste, hiriburuan, eta Lviv eta Kharkiv hirietan eragin zituzten leherketak, horietan guztietan argindar horniduraren gabeziak areagotuz. Ukrainako Gobernuak adierazi zuen bere energia sistemaren kontrako erasorik handiena izan dela gerra hasi denetik.

NBE Nazio Batuen Erakundeak Ukrainako eta Errusiako armadei leporatu die gerra gatibuak torturatzea. Giza eskubideen behatzaileen misio batek 334 lagun elkarrizketatu ditu, eta, horiek entzun ostean, ondorioztatu du Errusiako armadaren tortura «sistematikoa» dela; Ukrainakoarena, aldiz, ez, baina zehaztu du «salaketa sinesgarriak» jaso dituela ziurtatzeko ukrainarrek ere oinaze fisiko eta psikologiko larriak eragin dituztela.

OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariko kide eta Ukrainan izan den misioaren arduradun Matilda Bognerrek eman zuen ondorioen berri, atzo, eta adierazi zuen, besteak beste, armadek abusu psikologikoak egin eta shock elektrikoak erabili dituztela gerra gatibuen kontra. Hori bai, Bognerrek Errusiako armadan jarri zuen arretarik handiena, esan baitzuen elkarrizketaturiko «gehienek» adierazi dutela tortura sufritu dutela; besteak beste, zakurren erasoak, sexu indarkeria eta taser pistolen erabilera aipatu dituzte.

Ukrainakoei dagokienez, misioaren arduradunak azaldu zuen torturak «noizean behingoak» izan direla: kasurako, Errusiako soldaduen aurkako «ongietorri jipoiak» deiturikoak egitea atxilotze guneetara iristen zirenean, eta atxilotuak toki batetik bestera biluzik garraiatzea.

Afera horretaz, Errusiak esana du ez dituela torturatzen edo gaizki tratatzen gerran atxilotuak, eta Ukrainak adierazi izan du «informazio guztiak aztertzen» dituela; hau da, urraketa oro ikertzen duela, gero beharrezkoa balitz justiziara jotzeko. Bognerrek gaineratu zuen, ohartarazpen gisa, tortura eta tratu txarrak «erabat» debekatuta daudela, baita «gatazka armatuetan» ere.

Zelenski G20n

Arlo politikoan, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik bideokonferentzia bidez parte hartu zuen atzo G20 taldeak Balin hasi zuen goi bileran (Indonesia), eta esan zuen «ziur» dagoela «Errusiaren erasoaldi suntsitzailea gelditzeko garaia dela eta gelditu» daitekeela. Zelenskik bilera hori baliatu zuen Ukrainan bakea lortzeko helburua duen hamar puntuko dokumentu bat aurkezteko G20ko kideei. Zelenskik, besteren artean, galdegin du preso eta deportatu guztiak askatzea, Nazio Batuen Gutuna ezartzea, Ukrainako lurralde osotasuna berrezartzea eta Errusiako armada erretiratzea. Kremlinek atzo adierazi zuen Kievek ez duela Moskurekin bakea negoziatu nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.