Lulak presidente karguaren zina egin bezperan, tentsio handia dago Brasilen

Bolsonaroren jarraitzaile talde batek estatu kolpe bat eskatzen du, eta agintari ultrak esan die segitzeko «oposizioa» egiten «konstituzioaren barruan». Estatuburu berria bihar da kargua hartzekoa

Brasilgo armadako soldadu bat Brasilian, atzean Bolsonaroren jarraitzaileak dituela. ANDRE BORGES / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Tentsioa handia da Brasilian. Jair Bolsonaro Brasilgo behin-behineko presidentearen ehunka jarraitzaile armadaren egoitza nagusiaren aurrean kanpatuta daude oraindik ere. Nahi dute herrialdeko behin-behineko presidenteak, azken lau urteotako estatuburu ultraeskuindarrak, mobilizatu ditzala militarrak «hauteskunde iruzurraren» kontra. Bolsonaro sare sozialetan emandako zuzeneko batean mintzatu zen atzo, eta ez zituen akuilatu ez militarrak, ez Brasilgo hiriburuan kuartelaren aurrean daudenak. Azken horiez, adierazi zuen «bakezaleak» direla, eta eskatu zien amore ez emateko, jarraitzeko «oposizioa» egiten «konstituzioaren barruan». Hau da, ez zituen estatu kolpe bat ematera deitu, baina ez zien eskatu etxera joateko.

Horiek ez dute aitortzen Luiz Inacio da Silva Lula-k joan den urriaren 30ean, hauteskundeen bigarren itzulian, lortutako garaipena. Hain zuzen ere, Lula bihar da hirugarrenez karguaren zina egitekoa Brasilian —2003tik 2011ra ere presidente izan zen—. Testuingurua zein den aintzat hartuta, zeremoniarako neurriak indartuko dituzte, eta agintarien asmoa da Brasiliako Poliziaren agente guztiak mobilizatzea. Esaterako, beharbada ezingo du, 1950eko hamarkadatik Brasilgo presidenteek karguaren zina egiten duten egunean ohitura den bezala, Rolls Royce etxearen kabriolet batean iritsi Planaltoko jauregira. Horren ordez, planteatzen ari dira blindatutako auto bat erabiltzea.

Lularen kabinetea kezkatuta dago Bolsonaroren aldekoek jarraitzen dutelako Brasilian eta herrialdeko beste toki batzuetan kuartelen kanpoaldean, estatu kolpe bat sustatu nahian. Flavio Dino Justizia ministroa izango denak ohartarazi du neurriak hartuko dituztela eskuin muturreko militanteek ez badituzte beren kabuz mobilizazioak bertan behera uzten.

Presidente hautatuak badaki, esaterako, Brasiliako protestetan parte hartzen ari zenetako baten asmoa zela hiriburuko aireportutik gertu erregaiz beteta zegoen kamioi bat leherraraztea, «kaosa» eragiteko asmoarekin. Hala aitortu zuen, Polizia iturriek zenbait hedabideri jakinarazi diotenez. Abenduaren 24an atxilotu zuten. Para estatukoa da atxilotua, eta arma batzuk atzeman dizkiote Brasilian alokatuta zeukan etxebizitza batean. Bolsonarok atzo esan zuen ezerk ez duela justifikatzen atxilotuak «ekintza terrorista bat» egiteko zuen intentzioa.

Eta joan den abenduaren 12an Brasilian Polizia indarrekin izandako istiluekin lotuta, beste hiru pertsona atxilotu zituzten ostegunean. Agintarien arabera, atxilotutakoak armadaren egoitza nagusiaren aurreko mobilizazioan parte hartzen ari ziren. Atxiloketa gehiago egingo dituztela aurreikus daiteke, gainera, Polizia Federalak iragarri baitzuen susmagarrien etxebizitzetan eta bulegoetan 32 miaketa egitekoa zela.

Horiek horrela, eta aintzat hartuta aurreikusten dela 300.000 bat pertsona direla zeremonia ikustera joatekoak, Brasilgo Auzitegi Goreneko epaile batek debekatu egin du Brasilian armak aldean eramatea urtarrilaren 2ra bitartean, Lularen ingurukoek egindako eskaera bat ontzat emanez.

Botoen %50,9 bildu zituen Lulak hauteskundeetan, eta, horien ondoren, Bolsonarok 44 ordu behar izan zituen emaitzez hitz egiteko. Adierazi zuen, besteak beste, konstituzioari «leial» izango zitzaiola, baina ez zuen Lularen garaipena aitortu. Berdin jarraitzen du ia bi hilabete geroago. Azaro bukaeran, gainera, helegite bat jarri zuen hauteskunde batzordean, eskatuz emaitzak partzialki indargabetzeko. Dena den, ez zuten helegitea onartu.

Madurori debekua kenduta

Bitartean, ez dago argi Lulari nork emango dion presidentearen xingola, baina ematen du Bolsonaro ez dela izango. Zenbait hedabidek agintari ultraren inguruko iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, herrialdetik alde egitekoa da zeremoniaren aurretik, eta datozen hilabeteetan AEBetan bizitzekotan da.

Bestalde, Brasilgo Gobernuak bertan behera utzi du Nicolas Maduro Venezuelako presidenteari herrialdean sartzeko ezarri zioten debekua, eta baliteke bihar zeremoniara joatea. Hogei bat estatuburu dira horretan parte hartzekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.