Eskuineko estatuen sostengurik gabe onartu dute Migrazioen Mundu Ituna

AEBak, Australiak, Israelek, Txilek eta Europako hainbat estatuk uko egin diote migrazio segurua, ordenatua eta arautua bermatu asmo duen testua sinatzeari. Munduan 258 milioi iheslari daude

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia, atzo, gobernuen arteko konferentzian, Marrakexen, Marokon. JALAL MORDICHI/EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Mugarri izan behar zuena loteslea ez den testu lauso batean geratu da, praktikara eramango ez den dokumentu sinboliko bat. Migrazio Seguruaren, Ordenatuaren eta Arautuaren Mundu Ituna ez da izango munduak gaur egun duen arazo handienetako bati giza konponbide duin bat emateko tresna. Marrakexen, Marokon, atzo sinatutako itunak 23 helburu jasotzen ditu, horietako bakoitza konpromiso orokor batekin eta neurri sorta zehatz batekin, oro har, migrazioaren auziari ikuspuntu integral batetik erantzuteko, eta, zehatzago, immigrazioaren kausak arintzeko, zeharkaldi arriskutsuak saihesteko, iheslarien baldintzak eta eskubideak bermatzeko eta estatuen arteko elkarlana sustatzeko.

Neurri gehienak nazioarteko zuzenbidean jasota daude, baina egun estatuek indarrean dituzten mekanismoetatik eta politiketatik urrun daude. Hori aldatzea zen asmoa, arreta mugen kontrolean jarri beharrean giza eskubideengan jarriz, baina eskuin muturraren jarrerak erabat baldintzatu du hasierako intentzioa. Iheslarien kontrako diskurtsoa estatuen kolore politikoa eraldatzen ari denean, eskuin muturrak, adostasuna zartatu, eta testua aho batez onartzeko ahalegina dinamitatu du.

NBE Nazio Batuen Erakundeak sustatutako dokumentuak 164 estaturen sinadura jaso du. Nazioarteko erakundea osatzen duten 193 estatuetatik 180 estaturen babesa espero zen, nahiz eta berez hamar batek azaleratu duten itunaren kontrako jarrera irmoa.

Donald Trump izan zen aurrenekoa. AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak iazko abenduan jakinarazi zuen testua idazteko negoziazio prozesutik erretiratuko zela. Berez hemezortzi hilabeteko prozesuaren ondorio da ituna. Nazio Batuen Erakundeak joan den uztailaren 13an onartu zuen atzo sinatutako testuaren zirriborroa. OrduanAEBak izan ziren bozketatik kanpo geratu ziren bakarrak, baina ordutik etengabea izan da eskuineko estatuen boikota. Australia, Israel eta Txile dira nabarmenenak nazioartean. Europan, zerrenda luzeagoa da: Austria, Bulgaria, Eslovakia, Hungaria, Italia, Polonia, Suitza eta Txekia.

Eskuin muturrak argudio bera erabili du dokumentua baztertzeko: migrazio politikak estatuen eskuduntza direla eta itunak dei efektua eragiten duela; iheslari gehiago erakartzen dituela, alegia.

Giza eskubidea

Sebastian Kurz Austriako kantzilerrarenak izan dira adierazpen zorrotzenak. Haren hitzetan, itunak zehazten dituen neurri batzuek «subiranotasun nazionala urratzen dute», eta migratzeko eskubidea legezko sistematik at dago: «Itunak oinarriak ezartzen ditu migrazio eskubidea giza eskubide baten gisa aintzat hartua izateko».

Estatuen arteko desadostasunetatik haratago, baina, estatuen barruan ere zirrikituak eragin ditu itunak. Belgikak testua sinatu du, baina horrek koalizio gobernuaren haustura eragin du. Charles Michel Belgikako lehen ministro liberalak akordioa sinatuko zuela jakin zutenean, larunbat iluntzean, nazionalista flandriarrek gobernua uztea erabaki zuten. N-VA Flandriako Aliantza Berriak bost ministro zituen, eta azken bozetan boto gehien bildu zuen alderdia izan zen: botoen %20,3 eskuratu zuten. Michelen Mugimendu Erreformatzaileak, berriz, botoen %9,6 jaso zituen, baina, ideologikoki zeharo ezberdinak diren lau alderdien artean koalizio kamikazea eratzea lortu zuen —Belgikan maiatzaren 26an dira bozak egitekoak—.

Marrakexko Ituna Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak 70 urte bete zituen egun berean sinatu zuten munduko agintariek. Adierazpen horren 14.1 artikuluak dio edozein pertsonak duela asiloa bilatzeko eskubidea, jazarria bada, eta edozein herrialdetan egin dezakeela eskaera. Errealitatea, baina, krudela da. Migrazioen Mundu Erakundearen arabera, gaur egun 258 milioi iheslari daude munduan, eta 2000. urtetik 65.000 lagun hil dira zeharkaldietan, itsaso eta desertuetan. Aurten, 3.396 dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.