Azenarioaren ordez, makila

Kataluniaren inguruko saioa izan dute Espainiako Kongresuan, baina ezer gutxi argitu du Sanchezek. Adierazi du erantzun «irmoa eta sendoa» emango dutela Kataluniak legea «errespetatzen» ez badu

Pedro Sanchez, kongresuan, atzoko osoko bilkuran. J.J.GUILLEN / EFE.
2018ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Kataluniako egoera aztertzeko eguna zuten atzo Espainiako Kongresuan. Duela hilabete iragarri zuen Pedro Sanchez presidenteak Kataluniaren inguruko osoko bilkura bat egingo zutela, testuinguru politikoa aztertzeko. Zenbait proposamen egingo zituela esan zuen, autogobernua handitzeko. Katalanei azenarioa erakutsiko ziela espero zen, aurrerapauso bat emateko asmoa, baina, azkenean, makila besterik ez zien erakutsi independentistei atzo. «Konstituziotik eta estatututik kanpo dagoen ekintza ororen aurrean, erantzun irmoa, proportziozkoa eta sendoa emango dugu». Ez zien neurri zehatzik aurkeztu, baina, hala ere, aurrekontuak onartzeko ere eskatu die alderdi independentistei.

Azken egunotan, Espainian, gogor erreakzionatu dute Quim Torra Generalitateko presidentearen kontra, independentziarako «Esloveniako bidea» goraipatu zuelako. Aurreko egunetako mehatxuak Kongresuan errepikatu ditu Sanchezek, eta «manipulazio onartezina» egitea leporatu dio Torrari.

Hasieran atzoko saioak Kataluniarentzakoa izan behar bazuen ere, brexit-a gai zerrendan sartu zuten, PSOEk eta PPk eskatuta. Bi gaiak nahasteko baliatu zuen hori Sanchezek. Besteak beste, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa zena kritikatu zuen, Eskoziaren independentzia erreferenduma onartzeagatik modu «arduragabean» jokatu zuelakoan, eta esan zuen horren ondorioz gertatu zela brexit-a.

Hala ere, Sanchezen adierazpenek ez dute Torra kikildu. Generalitateko presidenteak erantzun du ez dituela zertan errespetatu behar Espainiako Konstituzioa eta Estatutua: «Kataluniako Parlamentuarekin bakarrik izan behar dut leiala, hor baitago katalanen subiranotasuna». Joan Tarda Espainiako Kongresuko ERCko bozeramaileak, berriz, esan dio Sanchezi «negoziazio eza» haren «hobi politikoa» izango dela. Hala ere, adierazi du oraindik ere «garaiz» dabilela negoziazioa bideratzeko. Alderdi horien arabera, Sanchezek haiekiko jarrera gogortu du Andaluziako hauteskundeetan PSOEk indarragaldu duelako, eta eskuina hazi delako.

Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak eta Pablo Casado PPko presidenteak berriz eskatu diote Sanchezi Konstituzioko 155. artikulua aplikatzeko. Gobernuko presidenteak, ordea, baztertu egin du artikulua, eta azaldu du ez duela ikusten horretarako «arrazoirik».

Barealdirik ez, oraingoz

Datozen asteetan ere mugimendu asko espero dira Katalunian. Espainiako Gobernuak atzo berretsi zuen Bartzelonan egingo dutela Ministroen Kontseiluaren bilera. Hilaren 21ean izango da. Erabaki horren kontra, egun horretan bertan, errepublikaren defentsaren batzordeak mobilizazioak egingo ditu.

Bestalde, Kataluniako buruzagi independentisten kontrako epaiketa prozesua datorren asteazkenean hasiko da. Katalunian epaitzeko eskatu dute Carme Forcadell, Anna Gabriel Mireia Boya eta Anna Simok, baina Konstituzio Auzitegiak baztertu egin du eskaera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.