Kolonbiako Gobernuak ELN egin du erasoaren erantzule, eta elkarrizketak hautsi ditu

Duquek «batasunerako» deia egin du 21 hildako eragin dituen erasoaren ostean. Gerrillak ez du adierazpenik egin. Negoziazioak abuztutik etenda zeuden

Ivan Duque Kolonbiako presidentea, atzo emandako prentsaurrekoan, Bogotan. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Kolonbian artean zauria ez da orbain, eta indarkeriaren urte beltzenen garaiak gertuegi daude. Herenegun Bogota hiriburuan izandako atentatuak parez pare zabaldu du berriz ere zauri gordina. Francisco de Paula Santander polizia eskolan zartatutako bonba-autoak 21 hildako eta 68 zauritu eragin ditu. Gobernuak ELN Nazioa Askatzeko Armada egin du atentatuaren erantzule, eta gerrillarekiko elkarrizketak hautsitzat eman ditu, abuztutik etenda bazeuden ere.

Herrialdean 09:30 inguru zirenean zartarazi zuten 80 kilo pentonita zeramatzan kamioneta. Segurtasun kontrolak gainditu zituen gidariak, eta polizia eskolako patioan leherrarazi zuen, zeremonia bat ospatzen ari zirela. Polizia eskolan formakuntza saioetan zeuden kadeteak dira biktimak.

Ivan Duque presidenteak berak jakinarazi du erasotzailea identifikatu dutela. Fiskaltzak eman ditu izen-abizenak: Jose Aldemar Rojas ELNko kidea. Mocho edo Kiko goitizenak erabiltzen zituen gerrillan. Guillermo Botero Defentsa ministroak eman ditu zehaztasunak: «Argitu ahal izan dugu 2008 eta 2010 artean esku bat galdu zuela lehergailuekin ari zela. Domingo Lain Saenz Fronteko burua izan zen». Arauca eskualdekoa zen, eta 1994an egin omen zuen bat gerrillarekin. 2003an, gerrillariei lehergailuak erabiltzeko trebakuntza ematen aritu zen.

ELNk ez du oraindik adierazpenik egin, eta hainbat iturrik zalantzan jarri dute gerrilla izan dela; izan ere, gidaria barruan zela leherrarazi zuten ibilgailua, eta gerrillak inoiz ez du atentatu suizidarik egin.

FARCek, berriz, erasoa gaitzetsi du. Pastor Alape buruzagiak, hala ere, «irtenbide politikorako probokaziotzat» jo du: «ELNrekin akordio bat lortzeko aukera bertan behera uztea eta gizarte mobilizazioak deslegitimatzea du xede».

Duquerekin, eskuinera

Juan Manuel Santosen gobernuak 2017ko otsailaren 7an ekin zituen elkarrizketak gerrillarekin, baina, bi urteren ostean, apenas eman den aurrerapausorik, eta, gobernu berriak presidentetza hartu zuenetik, iazko abuztuan, elkarrizketak etenda zeuden. Santosek FARCekin 2016ko azaroan sinatu zuen bakea, eta horrek bidea zabaldu zuen gerrilla handienetan bigarrenarekin hitz egiten hasteko. Gobernuak eskuinera egin ostean, baina, norabidea aldatu zen. Duque iazko ekaineko hauteskundeen ostean iritsi zen presidentetzara, eskuinera egin duten herrialdeen zerrendara batuz —Ivan Petro ezkertiarra garaitu zuen—.

Erasoaren ostean irmo mintzatu da Duque. Hiru eguneko dolu eguna ezarri, eta batasunerako deia egin du: «Kolonbiar guztiok gaitzesten dugu terrorismoa, eta batuta gaude hari aurre egiteko. Kolonbia penatuta dago indarkeria ekintza honekin, baina ez da haren aurrean makurtuko». Agintariak nabarmendu du ez dutela etsiko «gainerako terroristak harrapatu eta justiziaren aurrera eraman arte», eta «zigor zentzagarria» jasoko dutela ziurtatu du. Poliziak, ildo horretan, erasoarekin lotutako pertsona bat atxilotu du: Ricardo Andres Carvajal. Elkarrizketa batean atentatuan parte hartu zuela aitortu omen du Carvajalek.

Miguel Ceballos Kolonbiako Bakerako goi mandatariak zehaztu du gerrillak ez duela elkarrizketarako «espazio bakar bat ere» izango. Aurretik «premiazko erabaki etiko eta politikoa» hartzeko baldintza ezarri zizkion gerrillari negoziazioak berriz abiatzeko: «Zehaztu beharra du ea benetan armak utzi nahi dituen eta eraldaketa sozialak indarkeriarik gabe nahi dituen talde bat den». Ceballosen hitzetan, «indarkeria politikatik atera» behar da, eta, gobernuak «gerrillaren izaera politikoa» ukatzen badu, negoziazioek ez dute ibilbiderik izango.

Pablo Beltran ELNko negoziazioburuak urte hasieran adierazi zuen bost hilabete daramatzatela gobernuko ordezkarien zain negoziazioak berriz hasteko: «Bake prozesua arta trinkoan dagoela esan dezakegu, eta guri eskatu digutena da mahaitik ez altxatzeko eta zain egoteko». Alvaro Uribe presidentearen «keinu batekin» bake prozesua berriz aktibatu daitekeela ohartarazi zuen Beltranek.

Ultimatuma

Duquek bahituak askatzeko eta armak entregatzeko eskatu izan dio gerrillari negoziazioak abiatzeko baldintza gisa. Ostegunean bertan eman zion ultimatuma gerrillari, hiriburuko atentatua izan baino ordu batzuk lehenago. ELNk urtarrilaren 11n egindako bahiketaren testuinguruan egin zituen adierazpenak presidenteak. Gerrillak helikoptero bat suntsitu eta eskifaiako hiru kideak bahitu zituen Hacarin, Catacumbon. Eskualdearen militarizazioa ere salatu ELNk: «Giza eskubideen urraketak ugaritu egin dira, eta hilketa sistematikoak egiten dira, giza ekintzaileak intimidatzen eta nekazariak estigmatizatzen».

ELNk alde bakarreko baldintzak ezartzea egotzi izan dio Gobernuari. Ekintzaileen hilketak ere ez direla eten salatu du gerrillak. Deimer Usuga nekazaria asteazkenean bertan hil zutela salatu dute giza eskubideen aldeko elkarteek, eta estatua egin dute erantzule, paramilitarren erasoa izan zelakoan. Aurten, bederatzi ekintzaile hil dituzte jada. 2018an, 164 baino gehiago hil zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.