ELAk nagusitasuna indartu du, Hegoaldeko ordezkarien %36 lortuta

2014tik 2018ra puntu bana irabazi dute ELAk eta LABek, eta ordezkarien %54,5 dituzte jada. ELAk Jaurlaritzaren elkarrizketa sozialerako mahaia kritikatu du, «gutxiengoarekin osatuta» dagoelako

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Nagusitasunari eutsi bakarrik ez, indartu egin da ELA hauteskunde sindikalen epe trinkoaren lehen zatia itxi berritan. Lurralde eta federazio guztietan lortu ditu sindikatuak ordezkari gehiago —industria eta eraikuntza, zerbitzuak eta Gizalan—; eta, 2018 amaierako datu ofizialen arabera, Hego Euskal Herrian dauden 23.191 ordezkarietatik 8.413 ELAren izenean doaz. Hau da, ordezkaritzaren %36,28 dauka sindikatuak, 2014an zuena baino 1,2 puntu handiagoa. Lau urte horietan gora egin duen beste sindikatua LAB da: ordezkarien %18,35 dauzka, 1,2 puntu gehiago. Bi sindikatu abertzaleen artean, Hego Euskal Herriko ordezkarien %54,5 zituzten urtearen amaieran; lau urte lehenago, %52,21 zituzten.

Kontrara, gainerako sindikatuek beheranzko joerari eutsi diote. CCOO Hegoaldeko bigarren sindikatua da oraindik, ordezkarien %19,9rekin, eta 0,7 puntu egin du behera. UGTk %14,4ko ordezkaritza du, orain lau urte zuena baino 1,4 puntu txikiagoa. Esan daiteke, beraz, sindikatu abertzaleek irabazi duten esparrua estatuko bi sindikatu nagusiek galdu dutela.

Amaia Muñoak, ELAko idazkari nagusiaren ondokoak, ontzat jo zituen datu horiek atzoko aurkezpenean. «Uste dugu datu horiek erakusten dutela langileek gauzak aldatzeko bozkatu dutela». Kontraboterean kokatu zuen sindikatua, eta nabarmendu zuen euren aurkako «testuinguru zail» batean hazten jarraitzea lortu dutela. «Gobernua eta patronala gure aurkako mezuak zabaltzen ari dira behin eta berriro, eta, hala ere, aurrera egitea lortu dugu». Eta hori horrela baldin bada, «langileek eskubideen galerari aurre egin nahi diotelako da», Muñoaren esanetan. Horregatik, Hego Euskal Herriko langileek «prekaritatearen aurkako eta gizarte justuago baten aldeko botoa» eman dutela azaldu zuen. Baina baita subiranotasuna ezkerretik indartzearen aldekoa ere.

Maiz aipatzen da ELA ezohikoa dela sindikalismoaren esparruan, argudiatuz ez dela ohikoena kontrabotereko sindikatu batek halako ordezkaritza handia lortzea. Bada, Muñoak baieztapen horri erantzun zion: «Anomalia bat al da hemengo langileria? Azken batean, haiek erabaki dute zer estrategiarekin egin nahi izan duten bat. Beraz, ELA anomalia bat dela diotenek langileei eurei esaten diete hori».

Alde horretatik, erakunde publikoei ere egin zien kritika Muñoak: «Enpleguaz eta haren kalitateaz arduratzen direla esaten ari dira azken boladan behin eta berriz, baina haien mendeko beharginen kasuan ez da halakorik gertatzen. Ez dugu halakorik ikusten». Azpikontratatutako langileen baldintzak eta funtzio publikoan dabiltzan langile askorenak gogoan zituela egin zuen kritika hori Muñoak. «Erakundeen euren ardura- peko enpleguetan, prekaritateak gora egiten du». Eta, horregatik, dagokien ardura bere egin dezaten eskatu zien arduradun publikoei. Berretsi zuen sindikatuak baldintza duinen aldeko borrokari eutsiko diola bitartean.

Mahai sozialaren aurka

Bide horretan, Muñoak gogora ekarri zuen aste honetan osatu den elkarrizketa sozialaren mahaiaren argazkia: «Jaurlaritzak emaitzarik kaskarrenak lortu dituzten sindikatuen babesa bilatu du». 2018ko datu ofizialen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkarien %29,2 ordezkatzen dute CCOOk eta UGTk, eta %60,1 ELAk eta LABek. Ordezkaritza txiki horren harira Jaurlaritzaren eta langileen artean distantzia handitzen ari dela esan zuen. «Mahai horretan, langileak ez daude ordezkatuta, eta, hala ere, aurrera egitea erabaki dute».

Mahai horretan hartuko diren neurriak ere kritikatu zituen Muñoak: «Jaurlaritzaren erabaki neoliberalei oniritzia emateko mahaia izango da hori, baita patronalaren irudia zuritzekoa ere». Horregatik guztiagatik, langileei errespeturik ez erakustea aurpegiratu zien mahaiko ordezkari guztiei. «Bada garaia Jaurlaritzak behar bezalako errespetuarekin tratatu ditzan langileak eta haien ordezkariak». Hala egiten ez den bitartean, agerian geratuko da Jaurlaritzaren «kalitate demokratiko eskasa».

Nafarroan antzeman da gehien sindikatu abertzaleen gorakada:%22,76 du jada ELAk (+1,23), eta LABek izan du gorakadarik handiena (+2,52). Lehen aldiz, %50etik behera daude CCOO eta UGT.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.