Eskoziako justiziak eman dio lehen kolpea Johnsoni 'brexit'-era bidean

Eskoziako Apelazio Auzitegiak legez kontrakotzat jo du Johnsonek parlamentuaren jarduna etetea. Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak datorren astean ebatziko du ganbera ixtea legezkoa ote den

Brexit-aren aurkako protesta egin zuten atzo Erresuma Batuko parlamentuaren kanpoan, Londresen. WILL OLIVER / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Eskoziako Apelazio Auzitegiak, hango auzitegi gorenak, ebatzi du legez kontrakoa dela Erresuma Batuko parlamentuaren jarduna eteteko erabakia. Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren erabakia konstituzioaren aurkakoa dela adierazi dute epaileek, Ingalaterra eta Galesko Auzitegi Nagusiaren eta Eskoziako Auzitegi Zibilaren epaiek esan zutenaren kontra. Gobernuak helegitea jarriko dio epaiari, eta Erresuma Batuko Auzitegi Gorena urgentziaz elkartuko da auzia aztertzeko, hilaren 17an. Asteartetik itxita dago Komunen Ganbera, eta urriaren 14an itzultzekoak dira diputatuak; urriaren 31 da brexit-erako ezarritako eguna.

Johnsonek esan izan du ohikoa dela gobernu batek parlamentuaren jarduna etetea, eta «zentzugabekeriatzat» jo zuen horrek demokraziari eragiten diola esatea, haren aurkakoek esan zuten moduan. Hala ere, Eskoziako hiru epailek aho batez erabaki dute lehen ministroak «parlamentua oztopatzeko asmo desegokiak» bultzatuta itxi zuela Komunen Ganbera, eta oker jokatu zuela Elizabeth II.a erreginari parlamentuaren jarduna bertan behera uzteko eskatu zionean.

Brexit-aren aurkako 70 diputatuk baino gehiagok babestu dute auzibidea. SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko diputatuak adierazi du «erabat justifikatuta» ikusi dutela orain euren burua.

Atzoko epaiak aukera berri bat zabaldu du, egoera aurrez auzitegiek egin izan ez duten moduan baloratu baitu. Epaileek esan dute Komunen Ganberaren jarduna etetea «parlamentua zapuzteko» erabaki «taktikoa» izan dela, eta ez lehenagoko epaiek adierazi izan duten boterearen erabilera legitimoa.

Philip Brodie epaileak, Johnsonen erabakia legez kontrakotzat jo duten hiruretako batek, esan du auziak agintari publikoen jokaera «amorragarria» erakusten duela: «Oztopatzeko helburua du, parlamentuaren jarduna etetearen arrazoi nagusia parlamentuari brexit-aren inguruko legeak ez egiten uztea delako, gobernuak akordiorik gabeko brexit-arekin aurrera egin dezan, beste inoren esku hartzerik gabe».

Ingalaterrako eta Galesko Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzi zuen lehen ministroak erreginari egindako eskaera «politikoa» zela funtsean, eta ez zegokiela auzitegiei haren inguruan aritzea, ezin baitzaio legeekin kontra egin. Eskoziako Akusazio Auzitegia ez dator bat. Haren hitzetan, parlamentuaren jarduna oztopatzea legez kanpokoa izan daiteke, «konstituzioaren oinarrietako bat» baita parlamentuak gobernuaren jarduna zaintzea. Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak ebatzi beharko du kontraesana. Gainera, bihar, Ipar Irlandako auzitegi batek akordiorik gabeko brexit-aren auzibideko epaia emango du.

Gobernuaren desengainua

Erresuma Batuko Gobernuak atzo adierazi zuen epaileen erabakiarekin «desengainua» hartu zuela, eta nabarmendu zuen parlamentuaren jarduna etetea «beharrezko bidea» izan dela gobernuaren «agenda legegile zorrotzarekin» aurrera egin ahal izateko. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroarentzat, berriz, epaiak «berebiziko esanahi konstituzionala» dauka, eta parlamentuak berehala hasi beharko luke martxan atzera, «benetako jarraipen lana» egiteko.

Tom Brake liberal-demokraten brexit-erako bozeramaileari iruditu zaio Johnsonentzat «oso lotsagarria» dela atzoko epaia, eta uste du parlamentua itxi izana «boterekeria» besterik ez dela izan. Keir Starmer laboristen brexit-erako arduradunak uste du atzo bertan ireki behar zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.