AEBek auzitara eraman dute Venezuelako presidentea, narkotrafikoa egotzita

Washingtonek 15 milioiko saria eskaini du Maduro atxilotzeko modua emango lukeen informazioaren truke. Guaido ikertuko du fiskaltzak, estatu kolpeagatik

William Barr AEBetako fiskal nagusia, artxiboko irudi batean, Donald Trump presidentea aldamenean duela. CHRIS KLEPONIS / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Inoiz ikusi gabeko urrats bat egin du AEBetako Gobernuak. Salaketa bat jarri du, narkotrafikoa dela-eta, Venezuelako presidente Nicolas Maduroren eta haren gobernuko hainbat kideren aurka. William Barr fiskal nagusiak eman du erabakiaren berri, eta iragarri du hamabost milioi dolarreko saria emango dutela estatuburua atxilotzeko informazioaren truke. Horrez gain, hamar milioi arteko sariak eskaini dituzte Cabello, Carvajal, Cliver Alcala Cordones militar ohiak atxilotzearen truke.

Narkotrafikatzaileentzako «eremu seguru bat» ahalbidetzea leporatu dio Donald Trumpen gobernuak Venezuelako estatuburuari. Barren esanetan, «Maduroren zuzendaritzapean» haren ofizialek «droga tratuak» itxi zituzten FARCeko kideekin; «ez dugu ahaztu behar horiek direla munduko kokaina ekoizlerik handienak». Fiskal nagusiak «narkoterrorismoa», dirua zuritzea eta ustelkeria egozten dizkie estatuburuari, Batzar Konstituziogileko buru Diosdado Cabellori, Defentsa ministro Vladimir Padrinori eta Hugo Armando Carvajal armadaburu ohiari, besteak beste. «Kokaina erabili dute arma gisa AEBen aurka egiteko. Kokainaz bete dute herrialdea».

AEBetako Justizia Departamentuaren arabera, Maduro Atzerri ministro zela hasi zen «narkotrafikatzaileekin harremanetan»; garai hartan, Venezuelaren eta Kolonbiaren arteko mugei zabalik eutsi zien, «droga trafikoa errazteko». Barren esanetan, FARCeko gerrillariei armak eta lehergailuak ere eman zizkieten, Kolonbiako Gobernuaren aurka egiteko. Gerrillariei «babes politiko eta militarra» ematea egotzi diote Madurori. FARCekin elkarlanean, Venezuelako aireportuetatik Latinoamerikara eta Karibera droga banatu zutela dio salaketak: «Uste dugu 200 eta 250 tona inguru kokaina banatu zituztela horrela. 30 milioi dosi hilgarri lirateke horiek».

Akusazioaren arabera, Eguzkien kartela deritzonaren buru litzateke Maduro. Ez da lehen aldia AEBetako Gobernuak Venezuelakoaren aurka jotzen duela ustelkeria eta narkotrafikoan aritzea leporatuz, baina orain arte ez zuen auzitegietara jo. Barrek azaldu duenez, fiskaltzak New York, Miami eta Washingtongo auzitegietan aurkeztu ditu salaketak.

Guaidoren «odol isuria»

Maduroren aurkako salaketen berri jakin orduko, Tarek Wiiliam Saab Venezuelako fiskal nagusiak jakinarazi du ikerketa bat hasi duela Juan Guaidoren aurka. Iazko apiril bukaeran estatu kolpe bat antolatzea leporatzen diote Guaidori; Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidente zenean bere burua herrialdeko presidente izendatu zuen Guaidok. Fiskalak akusazioa egin dio orain, ia urtebete geroago: Kolonbiako Errepublikaren eta aholkulari estatubatuar zenbaiten laguntzarekin estatu kolpea antolatzea. Cliver Alcala general erretiratua ere ikertuko dute. «Odol isuria» eragin nahi izatea leporatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.