IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak Libiaren egungo errealitatea nola dagoen azaldu du, mezu argi eta zehatz batekin: «Herrialdeko egoera humanitarioa inoiz baino larriagoa da». Hala, erakundeak azaldu duenez, duela urtebeteKhalifa Haftarrek Tripoliren aurkako «azken erasoaldia» hasi zuenetik 200.000 pertsonak baino gehiagok utzi behar izan dute bizitokia, gerratik eta miseriatik ihesi.
«Beharrak inoizko handienak dira, eta baldintzak desafioz josita daude», ohartarazi du Federico Soda IOM Libian egiten ari den misioaren buruak. Haren arabera, herritar gehienek Tripolitik egin dute ihes, baina ez guztiek: «Desplazatu berrietatik 150.000 inguru Tripolikoak dira. Ordea, horiez gain, etxea uztera behartuak izan dira gatazkak erasandako beste eremu batzuetan bizi zirenak ere: adibidez, Murzuq, Sirt eta Abu Grayn hirietan».
Hain justu, azken asteetan gogortu egin du Haftarrek hiriburuaren aurkako setioa. Koronabirusaren krisiari lotuta su-etena eskatu zien NBE Nazio Batuen Erakundeak bi aldeei: Haftarri eta Fayez al-Serraj Tripoliko gobernuko buruari. Hasiera batean, menia onartzeko prest agertu zen buruzagi militarra, betiere «bi aldeek errespetatzen» bazuten. Egun gutxiren buruan, ordea, erasoari ekin zioten Haftarren indarrek. Egoerarekin kezkatuta agertu da Soda: «Su-eten humanitarioaren aldeko deiak egon arren, borrokak jarraitu egiten du COVID-19aren agerraldi baten kezka dagoen bitartean».
Modu horretan, azken hamabost egunetako erasoek 200 miliziano ingururen heriotza eragin dute, eta zibilentzat ezinbestekoak diren hainbat azpiegitura suntsitu. Tartean, hirian funtzionamenduan dagoen osasun zentro bakarrenetarikoa kaltetu da: Al Khadra ospitalea. Abum Salim auzoan dago, eta bertan ari dira tratatzen koronabirusa dekektatu dieten pazienteak. «2019ko apiriletik gatazkak kalte orokortuak eragin ditu osasun zentroetan, baita hiriburuko beste azpiegituretan ere. Horrek milaka familiaren desplazamendua ekarri du», azaldu du IOMeko kideak. Bestetik, salatu duenez, horietako gehienak «gainpopulatuta» dauden establezimenduetan bizi dira, osasun zerbitzuetarako irismen mugatuarekin, eta bonbardatuak izateko «arrisku etengabean».
Nahiz eta oraindik ez dituzten kasu asko atzeman, Libiara ere iritsi da birusa. Azken datuei erreparatuz, 21 gaixo hauteman dituzte, eta pertsona bat hil da. Alerta guztiak piztu ditu horrek.
Laguntzeko oztopoak
Nazioarteko Migrazio Erakundeak jakinarazi duenez, egungo krisi sanitarioak arriskuan jarri ditu hainbat talde zaurgarri, eta langile humanitarioek are zailtasun gehiago dituzte kolektibo batzuetara iristeko. Atxilo zentroak ekarri dituzte gogora, eta, aditzera eman dutenez, gutxienez 1.500 pertsona daude atxilo Libian. Beste asko, berriz, mafien eta trafikatzaileen esku daude, «oraindik egoera latzagoetan», eta laguntza humanitariorik jaso gabe.
Zibilen bizitza «babesteko» premia azpimarratu dute, eta Libiako gatazkatik ihesi doazenei bide seguru bat bermatzekoa. Horretarako, laguntza humanitarioa beharrezkoa dela iritzi diote.
Libiako krisi politikoak 2014an du jatorria. NBE Nazio Batuen Erakundeak Al-Serraji aitortzen dio zilegitasuna, baina Haftarrek du indar militarra. Horrela, Libiako Armada Nazionaleko buruak iazko apirilean hasi zuen Tripoliren aurkako erasoa, herrialde osoa bereganatzeko asmoarekin. Geroztik, 1.700 pertsona hil dira, eta beste 17.000 zauritu. Gatazka dela eta, desplazatuez gain, milaka migratzailek egin behar izan dute ihes herrialdetik.
Libia, kinka larrian
Nazioarteko Migrazio Erakundeak ohartarazi du Libiako egoera humanitarioa «inoiz baino okerragoa» dela. Iazko apiriletik beste 200.000 desplazatu daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu