Hong Kongerako Segurtasun Legea onartu du Txinako Parlamentuak, aho batez

Alde bozkatu dute 2.878 diputatuk, eta bakarrak egin du aurka; sei abstenitu egin dira. Batzorde berezi batek garatuko du orain lege proposamena

Xi Jinping, Txinako presidentea, parlamentuan, txaloka ari diren diputatuen aurretik igarotzen, atzoko osoko bilkuran. ROMAN PILIPEY / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Aldeko 2.878 botorekin, kontrako bakarrarekin eta sei abstentziorekin onartu zuten atzo goizaldean Hong Kongerako Segurtasun Legea. Egitasmoak Txinako Parlamentuaren onespena behar zuen aurrera egin ahal izateko, eta, hori lortuta, batzorde berezi baten esku geratuko da. Ekain hasieran da hura biltzekoa —bi hilabetetik behin egiten dituzte lan saioak—, eta orduan egingo du hurrengo urratsa proiektuak.

Pekinen ez bezala, zalantza eta kezka asko eragin ditu arauak Hong Kongen. Demokraziaren aldeko mugimenduen bultzatzaileek iritzi diote «askatasunen eta eskubideen aurkako neurri bat» dela, eta haren aurka egitera deitu dituzte herritarrak, hori bai, modu baketsuan.

Legeak, besteak beste, sedizioa, sezesioa eta atzerriko esku hartzea zigortzea du helburu, baina eztabaida gehien eragin duen puntua zera izan da, Txinako segurtasun indarrek hainbat eskumen izango lituzketela Hong Kongen, eta askeago jokatu ahal izango luketela. Pekinek ez du argitu, ordea, horrek zehazki zer esan nahi duen.

Normalean Hong Kongi eragiten dioten legeak bertako legebiltzarrak berretsi behar dituen arren, badira alor batzuk —defentsa eta atzerri gaiei dagozkienak, esaterako— zuzenean Pekindik arautu daitezkeenak, eskualde autonomoaren onespenik gabe. «Gustuko izan ala ez, legezkoa da egin dutena. Baina zalantza asko daude argitzeko. Txinako Poliziak izango du eskumena Hong Kongeko herritarrak atxilotzeko? Edo edonoren etxeak eta bulegoak miatzeko? Iruditzen zait Hong Kongeko herritarrek ez luketela halakorik onartuko», nabarmendu du Albert Chenek, Hong Kongeko Unibertsitateko Zuzenbide irakasleak.

Proposamenaren 4. artikuluan zehazten denez, «beharrezkoa denean» Txinako Gobernuak segurtasun bulegoak zabaldu ahal izango ditu Hong Kongen, «segurtasun nazionala bermatzeko». Arauak, ordea, ez du zehazten zer eskumen izango dituzten bulego horiek, ez eta Hong Kongeko Polizia haien esanetara egongo ote den ere.

Herri bat, bi sistema eredua da Hong Kongekoa, baina hura ere kolokan ikusten dute eskualde autonomoko herritarrek. Hong Kong Erresuma Batuaren kolonia izan zen garai batean, eta Txinaren menpe dago egun, nahiz eta beste lurralde batzuek baino autonomia gehiago izan. Haren estatus berezia 2047an amaituko da, eta askok uste dute egun dituzten askatasunak amaitu egingo direla orduan.

Egonkortasuna

Hong Kong eta Txinaren arteko harremanen oinarri da egun indarrean den bi sistemen eredua, eta horri eutsi nahi dio Pekinek berak ere. Baina, aldi berean, protestak bultzatzen dituztenen babesa ere bada eredu hori bera. Hala, egonkortasunari eusteko argudioarekin, azken hitza izan nahi du Pekinek, protestei aurre egiteko eskumena bere gain hartuz.

Li Keqiang lehen ministroak egindako agerraldian nabarmendu du «herri bat, bi sistema» eredua «bermatzea» duela helburu Segurtasun Legeak. «Eredu honek autonomia handia ematen dio Hong Kongi, eta Txinaren politiken oinarrietako bat ere bada. Hasieratik egin dugu eredu horren alde. Lege proiektu hau onartu dugu Hong Kongen egonkortasuna eta garapen ekonomikoa bultzatu asmo dugulako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.