Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

«Giro seguru eta egonkor bat» du lehentasun Haitiko lehen ministroak

Behin-behineko batasun gobernu bat osatu dute herrialdean, aurrekoak eta oposizioak irailean adostutakoaren ondorio. Presidente ohiak hasitako prozesu konstituziogilea bukatzea du helburu
Haitiko ministroak, herenegun, Port-au-Prince hiriburuan, gobernu berriaren aurkezpen ekitaldian. Erdikoa da Ariel Henry.
Haitiko ministroak, herenegun, Port-au-Prince hiriburuan, gobernu berriaren aurkezpen ekitaldian. Erdikoa da Ariel Henry. SABIN JOHNSON / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2021eko azaroak 26

Egoera nahiko kaotikoa da Haitin, eta horren jakitun dago Ariel Henry lehen ministroa. «Gure lehentasun nagusietako bat izango da giro seguru eta egonkor bat sortzea», adierazi zuen herenegun gauean, gobernu berria aurkezteko egindako ekitaldian. Batasun gobernu bat da, aurrekoak eta oposizioak irailean egindako akordioaren ondorio, eta aurre egin beharko dio krisi ekonomiko, politiko eta sozialari. «Baldintza zailetan onartu duzue», ohartarazi zien lehen ministroak beste ministroei.

Egiturazkoa da Karibeko herrialde horretako krisia, eta udaz geroztik areagotu egin da. Uztailaren 7an, Jovenel Moise presidentea tiroz hil zuten bere etxean. Henryk bi aste geroago hartu zuen kargua, eta, abuztuaren 14an, Richter eskalako 7,2 graduko lurrikara batek herrialdea astindu zuen, eta gutxienez 2.000 bat hildako utzi. Hori aski ez, eta egun horietan Grace ekaitz tropikala igaro zen Haititik, eta hondamendia handitu zuen. Egoera hori izanda ere, 11.000 bat haitiar bere herrialdera deportatuak izan ziren irailaren 19a eta urriaren 20a bitartean —horietako 8.000 bat, AEBetatik—, IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak emandako datuen arabera, eta gehiago ailegatzen ari dira. Testuingurua hori izanik, gora egin du gaizkile taldeen biolentziak eta haien botere nahiak, estatuaren egitekoa auzitan jartzeraino.

Horren harira, Henryk nabarmendu zuen administrazioa ahal dena egiten ari dela: «Eskura dauzkagun funtsekin ahal dugun guztia egiten ari gara estatuaren autoritatea berrezartzeko, eta kanporatuak izan behar dutenak kanporatzeko». Bandei eskatu zien armak alboratu ditzatela. «Bestela, indargabetuak izango dira, eta kartzelan bukatuko dute, edo hiltzeko arriskuan egongo dira».

Je Klere FJKL giza eskubideen aldeko Haitiko fundazioak egindako kontaketa aintzat hartuz, egun 150 bat gaizkile talde aktibo daude herrialdean. Eta botere handia dute. Egin kontu: abuztuan, lurrikararen ondoren, NBE Nazio Batuen Erakundeak pare bat bandarekin negoziatu behar izan zuen laguntza humanitarioa deskargatzeko modua. Gobernuaren esanetan, erregai gabezia dago herrialdean, gaizkile taldeek blokeatuta dauzkatelako haiek banatzeko azpiegiturak.

Bahiketak dira banden finantzaketa iturri nagusietako bat. Urri erdialdean, AEBetako kongregazio erlijioso bateko hamazazpi misiolari bahitu zituen gaizkile taldeetako batek, eta haiek aske uztearen truke 15 milioi euro eskatu zituzten. Joan den igandean, haietako bi libre utzi dituztela jakinarazi zuen kongregazioak, ohar batean.

Behin-behinekoa da krisi hori ere kudeatu beharko duen gobernua; izan ere, iraileko itunak jasotzen duenez, parlamenturako hauteskundeak 2022 amaierarako egin beharko dituzte, «beranduenez». 2019ko udazkenean ziren egitekoak, baina, urtebete lehenago gobernuaren aurkako protestak lehertu zirenez, Moisek atzeratu egin zituen. Hortaz, agintaldia bukatuta, presidenteak parlamentua desegin zuen 2020ko urtarrilean, eta dekretuz agintzen hasi zen. Duela lau hilabete pasa hil zuten, eta oraindik ez dute argitu zergatik.

Moise ahalegindu zen herrialdeko konstituzioa erreformatzen, eta bi erreferendumetara ere deitu zuen, aurtengo apirilerako eta ekainerako, baina azkenean biak atzeratu behar izan zituzten, COVID-19ak eragindako pandemiarengatik. Behin-behineko gobernua konstituzio berria egiteko prozesua gidatzekoa da, akordioak dioenez. 33 pertsonaz osatutako batzar konstituziogile bat eratzea du asmo —gizarte zibileko erakundeek aukeratuko dituzte horiek—, eta hiru hilabeteko epea izango du proposamen berri bat osatzeko; horretarako kontuan hartuta, gainera, Moiseren agintaldian presidenteak berak erabakitako aditu talde batek ondutako aurreproiektua. Oraingoz ez dute zehaztu noiz egingo den erreferenduma.

Claude Joseph gabe

Gobernu berrian bada aldaketa nabarmen bat aurrekoarekin alderatuta: Claude Joseph jada ez dago. Atzerri ministroa zen Moiserekin, eta hura hil ondoren lehen ministro jarri zen, behin-behinean, nahiz eta Moisek Henry izendatu zuen eraila izan baino egun bat lehenago, hain zuzen ere —ez zuen, ordea, karguaren zina egin—. Presidentearen hilketaren ondorengo egunetako botere borrokan, Josephek hartu zuen kargua, baina uztailaren 20an dimisioa eman zuen, «herrialdearen hobe beharrez». Orduan bai, Henryk hartu zuen ardura, eta Josephek Atzerri ministro jarraitu zuen; herenegun arte.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Haurrentzako justizia eskatzeko elkarretaratze bat, Buenos Airesen. ©ROMINA LEMA

Salatu dute Argentineko justiziak entzungor egiten diela haurren aurkako sexu abusu salaketei

Romina Lema

Argentinan ‘Nik sinesten zaitut’ mugimenduak eta Sare Bizia erakundeak salatu dute justiziak baztertu egiten dituela adin txikikoek eta hauen gurasoek aurkeztutako abusu salaketak, maiz, horiek egiaztatzen dituzten profesionalen aurka joz.

Carles Puigdemont, joan den irailean, Bruselan, bilera batean. ©STEPHANIE LECOCQ / EFE

Puigdemont ezin dela atxilotua izan berretsi du Europako justiziak

Igor Susaeta

Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrarentzat, indargabetuta daude Kataluniako presidente ohi, Comin eta Ponsatiren aurkako euroaginduak

Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Tegucigalpan, atzo. ©GUSTAVO AMADOR / EFE

Munduan hiru emakumetik batek jasan du noizbait indarkeria matxista

Arantxa Elizegi Egilegor

Pandemia garaian ugaritu egin dira erasoak, eta biktima izan diren hamar emakumetik batek soilik jo du Poliziara. NBEk neurriak hartzeko eskatu die gobernuei

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Mario Draghi Italiako lehen ministroa, gaur, Quirinale jauregian. ©PAOLO GIANDOTTI / EFE

Frantzia eta Italia, Europako Batasuneko botere balantza aldatu nahian

Ander Perez Zala

Merkelen agurrak utziko duen abagunea baliatzeko, Macronek eta Draghik beren herrialdeen arteko lankidetza sustatzeko akordioa sinatu dute. Quirinaleko Hitzarmena «historikotzat» jo dute bi agintariek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.