Albistea entzun

IRITZIA

BERRIA, gaztetxeak, UEU, Ikastolak eta beste anomalia zenbait

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Edu Apodaka - EHUko irakaslea

2018ko azaroak 15

BERRIAk finantzaketarako itun berezi bat izango du Eusko Jaurlaritzarekin. Lagun batek euskararen lobbyaren gehiegikeriaz aski kontentu dagoela esan dit, ez dagoela hori onartzerik, gainerako prentsak ez duela halako traturik izango. Nire lagunaren bidetik, UGT kexu ageri da EHUk akordio bat sinatu duelako UEUrekin. Bere jarrera azaltzeko oharrean dioenez, UEU «entitate pribatu» bat da eta ondorioz akordio hori izango da «el primer intento serio de privatizar una parte de nuestra Universidad Pública». Uler dezagun beldur hori: gaztetxe batzuen kasuan salatu den bezala, «entitate pribatu» batek beretzat hartuko du denona den zerbait eta, bere helburuak lortzeko, erabilera partikular eta pribatua eginez, guztion baliabideak lapurtuko ditu. Ikastolei ere maiz jantzi diete «entitate pribatu» etiketa. Eta etiketatzeko modukoekin zerrenda luzea osatu daiteke: nonahiko elkar sostengu taldeak, Bilboko Konpartsak, ekimen sozialeko hedabideak, nire herriko euskara taldea, ez dakit nongo gune autogestionatua, auzolaneko ez dakit zein ekimen...

Ontologia politikoen kontuak. Hainbatek bi esparru baino ez dituzte onartzen jende arteko harremanetan: publikoa bide dena, estatua, eta pribatuen artekoa, merkatua. Estatuak publikotasunaren monopolioa izatea komeni zaio publikoaren izenean bere nazio-estatua defendatzen duen espainiar edo frantses nazionalistari, edota besterik gabe, estatu aparatua gizartea eratzeko bide bakarra dela uste duenari. Horrela bada, estatuak baimentzen, legeztatzen edo bermatzen ez duenak ez du existitzerik. Euskal Herria, esaterako, ez da ezer, ez delako estatu bat eta ez duelako ezein estatuk errealitate hori onartzen. Edo bai, badu izate mehar eta zatikatua, espainiar estatuaren lege organiko batean agertzen delako, bejondeigula.

Estatuak beretzat hartzen du errealitate sozialek existitzerik duten, eta nola, erabakitzeko eskumena. Publikoa bakar-bakarrik izan daiteke estatu-ondarea dena, zehazkiago: estatuaren jabegoa dena. Publikoa, hots, herria, estatuarena da. Halakoa ez dena, pribatua. Eta horrela desagertu dena, hain zuzen, herria bera da. Herri izaterik ez duen jende pribatizatu eta pribatuak baino ez gara. Pribatua: besteei debekatua omen zena, azkenean guztioi debekatua bilakatu da ezinbestez, dena jabegoa, pribatua edo publikoa, baina jabegoa, nahi duen sisteman.

Eragile edo entitate edo pertsona edo banako pribatuek harremanak dituzte, nola uka, baina harreman horietatik sortzen diren egiturak ez dira publikoak, eta ez dira interes edo onura orokorrekoak estatuak hala onartu ezean. Kapitalismoaren altzoan pribatu bakoitzak bere interesen alde egiten duela ulertu behar da. Trukean liberalismoa zaharrean, lehian liberalismo berrian. Hala edo honela, Savater jakintsuak esan bezala, komertzioa edo gerra ditugu aukeran: bata ala bestea, historian biak argi bereizterik balego bezala. Jakina, jarrera horrek argi uzten du zerk ez duen izaterik jende artean: norberaren interesetan eta etekinetan oinarritzen ez den ekimen ez-estatala. Hori anomalia ontologikoa da.

Oso urruti dute horrela pentsatzen eta sentitzen dutenek komun eta herri izaera, erabilera, egoera... Oso urrun ireki eta komun diren ekimenak, oso urrun auzo eta herrigintza. Gure herrian, aldiz, estatu modernorik ez duen honetan, mendeko erakunde publikoak dituen herri honetan, herri izateko beste aukerarik ez dugu: ekimen komunitarioa, edo lehengo erara esan, herri-ekimena. Ez dakit langintza horretan gure herria oso anomaloa den ala ez, ez dakit benetan ekonomia sozialean, edo auto-antolakuntzan, edo lagunartean, edo ekimen sozialeko edozein dinamikatan... oso bereziak diren hemengo jendeak. Badakit, ostera, publiko eta pribatu arteko banaketa motz eta zahar hori gaindituz bizi izan dela herri hau, besterik ez duela izan. Eta banaketa hura inposatzea, eta komun eta komunitarioa definitzen eta erabakitzen ez uztea, herri honen beregaintasuna eta bizitasuna oztopatzeko tresna izan direla, eta direla.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Adineko egoitza bat ©Gorka Rubio/ Foku

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zahar etxeetako neurri batzuk arindu dituzte

Edurne Begiristain

Positibo ematen duten egoiliarren bakartze aldia zazpi egunera murriztu dute, eta txertatutako kontaktu estuak eguneko zentroetara joan ahalko dira.

Korrikaren lekukoak badu nondik nora ibili

Korrikaren lekukoak badu nondik nora ibili

Julen Aperribai

Korrikaren ibilbidearen berri eman dute: Mendebaldean hasiko da, eta Gasteiz izango da igaroko duen lehen hiriburua. 2.180 kilometro eginda, Donostiara iritsiko da lasterketa. Ikusi egunez eguneko ibilbidea eta ordutegia albiste barruan.

Autodiagnostikorako gune bat Gurutzetako ospitalean ©Aritz Loiola/ Foku

Egun bakarrean 122 pertsona ospitaleratu dituzte Hego Euskal Herrian

Edurne Begiristain

Guztira, 1.110 gaixo daude ospitaleratuta gaitzarekin, horietako 155 ZIUetan. Nafarroan, gutxienez 6.000 lagun berrinfektatu dira izurri hasieratik.

Iruñeko kartzela ©Idoia Zabaleta/ Foku

Iruñeko espetxean berrogei preso kutsatu dira, eta ziegan bakartu dituzte

Berria

Bisitak bertan behera utzi dituzte agerraldia izan den moduluan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.