Espainiako alderdien pultsua

Inkestek PSOEri ematen diote garaipena, Andaluziako biharko bozetan. Madrilgo alderdi guztien neurgailu ere izango dira, Espainiako bozen zikloaren norabidea markatuko baitute emaitzek

Susana Diaz Andaluziako presidentea eta Pedro Sanchez Espainiakoa, kanpainako ekitaldi batean. DANIEL PEREZ / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Bideo bat da hau: burua zapi batez estalia daraman esatari bat hizketan ari da, esanez, Kordobako eta Sevillako meskitak desjabetu egin dituztela, eta kultu islamikoaren gune bilakatu direla. Baina hor ageri da Santiago Abascal Voxeko buru eta zalduna beste kapataz batzuekin, Andaluziako lur sailetan barna, kalifa herririk ez dutela onartuko erakusten. Vox eskuin muturreko alderdiko buruaren mezua ez da aldatu; egoera da aldatu dena, izan ere, oraintsu arte bitxitzat, barregarritzat edota iraingarritzat jo zitezkeen diskurtsoak marginalak ziruditen; orain, berriz, Andaluziako kanpainako mezua baldintzatu du, eskuineko alderdiena batez ere, Ciudadanos eta PP Abascalen argumentariora egokitzera iristeraino, nor baino nor eskuineragoeta xenofoboago. Hala ere, hori ez da Andaluziako hauteskundeotako elementu berri bakarra, Pedro Sanchezek zentsura mozioa irabaziz gero Espainiako lehen hauteskundeak izango baitira, eta dena dago irekita. Datorren urteko hauteskunde zikloa markatuko du bihar gertatzen denak.

Sanchez efektua

Susana Diaz Andaluziako presidenteak bertako azentua jarri nahi izan zien biharko hauteskundeei, agintzeko nahikoa babes ez, eta aurreratu egingo zituela iragarri zuenean, baina berak ere bazekien bozak egiteko une egokia dela, sozialistek beren gotorlekua mantentzeko, Sanchez efektua baliatuz, eta Andaluzian irabazita garaile gisara abiatzeko datozen maiatzeko bozetara, eta, balizko hauteskunde orokor aurreratu batzuetara.

Susana Diazek irabaziko ditu Andaluziako hauteskundeak, inkesta guztiek diotenaren arabera, baina ez du gehiengo osorik izango, Ciudadanos, PP, eta Podemosen artean banatuko den botoen aritmetikak ez baitu horretarako aukerarik emango —Vox ere legebiltzarrean sartuko dela dirudi—. Hainbat eserleku gal ditzake, baina ez dira emaitza batere txarrak izango, inkestek asmatzen badute, kontuan hartuta alderdi sozialista botoak etenik gabe galtzen ari zela, Sanchez egoera ezohikoan Moncloara iritsi aurretik.

Ez da argazki gehiegirik egon Sanchezen eta Diazen artean, eta beraz, haien arteko ezinikusiak oharkabean igaro dira, iraganekoak balira bezala. Sanchezek gobernuburu gisa egin du kanpaina Moncloatik, eta Diazek hartu du protagonismo osoa Andaluzian, irudikatuz, bera dela erkidegoangertatzen denaz kezkaturik dagoen politikari bakarra.

Izan ere, Espainiako etorkizun politikoa Andaluzian erabakitzen hasiko denez, Madrilgo eskuineko lider nazionalak buru-belarri aritu dira kanpainan, Espainiako zentro eskuinaren hegemonia eskuratzeko lehian. Pablo Casadok adibidez, 45 ekitaldi egin ditu.

Eskuinarekin zer?

Alderdi sozialistarentzat ez ezik, PPrentzat ere lehen hauteskundeak dira, Pablo Casadok gidaritza hartu zuenez gero. Gurtel auzia dela-eta Mariano Rajoyk gobernua eta alderdiaren gidaritza utzi zituenetik, norabide aldaketa egon da alderdi popularrean, diskurtsoa gogortuz eskuinetik eskuinerago joz, «esentzia, benetako PPa berreskuratzeko», alderdiko liderrak errepikatu ohi duenez. Ciudadanosekin erabateko lehian dabil, eta baita Voxera joandakoak berreskuratu nahian ere. Etsamina izango da Casadorentzat, eta, lortzen dituen emaitzak gorabehera, bere alderdiaren barnean lidergoa indartzeko edo ahultzeko balioko dute.

Ciudadanosek ere aukera izango du PPrekin indarrak neurtzeko. Sanchez gobernura iritsi aurretik, Albert Riveraren alderdia jotzen zuten inkesta guztiek Espainiako alderdi nagusitzat, eta, zentsura mozioaren ondoren indarrez hustu bazen ere, emaitza onak espero dituzte Andaluzian. Sorpasso-az ere jardun dira ahots baikorrenak, horrela Andaluziako bigarren indar bilakatuz. Txarren-txarrenean diputatu kopurua bikoiztuko dutela diote inkestek —zortzitik hamasei ingurura—.

Podemosen eta IUren marka Adelante Andaluciak ere izango du zer aztertua. Bien arteko baturak onurak edo kalteak eragiten dituen ikusiko da —2015ean nor bere aldetik joan zen—.

Eta bihartik aurrera zer? Oso zaila du Susana Diazek gobernatzeko aliatuak lortzea, bozen aurreko testuinguruan. Ciudadanosi esker gobernatu du azken legealdian, baina Riveraren alderdia ez dago prest PSOEren itzalean aritzeko. Ezkerrerantz egin eta Adelante Andaluciarekin ere egin lezake akordioa PSOEk —oso harreman txarra dute gaur egun—, Espainian duten sintonia bertsuan. Sozialistentzat jokalekurik okerrena, berriz, hau litzateke: Ciudadanosek, PPk eta Voxek nahikoa indar lortu, eta Diaz gobernutik ateratzea. Eta litekeena den beste aukera bat ere badago: bozak berriz egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.