Katalunia. Egoera politikoa

Elkarrizketaren bidea ibiltzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek

Madrilek onartu du Kataluniaren etorkizunari buruzko «gatazka bat» dagoela. Subiranistek hainbat ekintza antolatu dituzte gaurko, Bartzelonan egingo duten Ministroen Kontseilua arbuiatzeko

Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Quim Torra Kataluniakoa, atzo Bartzelonan. ANDREU DALMAU / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Azken asteetan bi aldeen artean zegoen giroa nolakoa zen aintzat hartuta, ez zirudien Kataluniako eta Espainiako Gobernuak komunikatu bateratu bat osatzeko eta kaleratzeko gai izango zirenik. Baina bileraren formatuarekin atzera eta aurrera ibili eta gero, bi exekutiboak Bartzelonako Pedralbes jauregian bildu ziren atzo iluntzean —Moncloak dio ez zela goi bilerarik izan—, eta, Elsa Artadi Generalitateko Presidentetza kontseilariak ondorengo agerraldian adierazi zuenez, «elkarrizketa eraginkorraren» bidea ibiltzeko «konpromisoa» hartu dute bi aldeek. «Behar hori azpimarratu dugu». Kontseilariak nabarmendu zuen Kataluniaren etorkizunari buruzko «gatazka bat» dagoela onartu duela Madrilek, nahiz eta bi aldeak ez datozen bat «ez jatorrian, ez eta horri irtenbide bat emateko bide orrian ere». Ez zuten «xehetasunetan» sakondu. «Baina aldeak handiak dira». Urtarrilean dira berriro biltzekoak.

Generalitatearen aldetik Quim Torra presidenteak, Pere Aragones presidenteordeak eta Artadik parte hartu zuten bileran. Espainiako Gobernuaren aldetik Pedro Sanchez presidenteak, Carmen Calvo presidenteordeak eta Meritxell Batet Lurralde Politika ministroak. Batet agertu zen prentsaren aurrera, eta adierazi zuen autodeterminazio eskubideari buruz ez zirela mintzatu. «Baina gobernuaren posizioa argia da: eskubide hori ez da existitzen». 155. artikuluaren ezarpenaz ere ez zuten hitz egin, ministroaren esanetan.

Bien bitartean, ostiraleroko Ministroen Kontseilua Bartzelonako Llotja de Mar eraikinean egingo du gaur Espainiako Gobernuak, eta horrek ezinegona eta haserrerea eragin ditu independentisten artean. Probokaziotzat hartzen dute; are gehiago, kontuan hartuta iaz gaurko egunez egin zituztela hauteskundeak Katalunian, Mariano Rajoy Espainiako presidente zenaren aginduz.

Bilera Bartzelonan egin izanaren kontra daudela adierazteko, elkarte subiranistek hainbat ekintza antolatu dituzte gaurko, eta CDR Errepublikaren defentsarako batzordeek Katalunia «paralizatzeko» asmoa dute. Buruzagi subiranistek modu baketsuan jokatzera deitu dituzte herritarrak.

Izan ere, ondo gogoan dute zer gertatu zen duela aste batzuk, eta horren aurrean nola erreakzionatu zuen Madrilek. Antifaxisten kontra kargatu zuten Mossos d'Esquadrek pasa den abenduaren 6an Gironan eta Terrassan, manifestazioa egin zutenean Espainiako Konstituzioaren aldeko bi elkarretaratzeren kontra protesta egiteko. Hiru egun geroago, Kataluniako hiru autobidetako hainbat bidesari zenbait orduz irekit zituzten CDRek. Espainiako Gobernuak Kataluniakoaren kontra gogor egin zuen hori zela medio, eta tonua zakartu. Aintzat hartu behar da PSOE Andaluziako hauteskundeetan danbatekoa hartu berritan zegoela. Ciudadanosek eta PPk jarraitzen dute, gainera, konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpena eskatuz, Kataluniako autogobernua bertan behera uzteko asmoarekin.

Egun batzuk geroago, hilaren 12an, Kataluniaren inguruko saioa egin zuten Espainiako Kongresuan, eta Sanchezek adierazi zuen konstituziotik eta Kataluniako Estatututik kanpoko ekintza ororen aurrean «erantzun irmoa, proportziozkoa eta sendoa» emango zuela.

Baina egun batzuren buruan bi gobernuen arteko harremana baretu dela dirudi. Sanchezek badaki PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalanaren eta ERC Esquerra Republicanaren botoak beharrezkoak dituela Kongresuan 2019ko aurrekontuak onartu ahal izateko, eta aurrekonturik gabe nekez iraungo duela gobernuan. Keinutzat interpretatu daiteke atzoko goi bileran bi ministrok eta bi kontseilarik parte hartu izana. Eta Kongresuko alderdi subiranistek keinua itzuli zioten atzo. PSOEk proposatutako gastuaren muga eta defizit helburua onartzen lagundu zuten PDeCATek eta ERCk haien botoekin.Behin alde bozkatu eta gero, bi indar subiranistek adierazi zuten «borondate oneko keinu bat» izan zela. Artadik erabakia justifikatu zuen atzo eguerdian: «Interesatzen zaigu onartua izatea. Horrek esan nahi du Generalitateak gastatzeko ahalmen gehiago edukiko duela». Iluntzean jakinarazi zuen goi bileran ez zutela aurrekontuez hitz egin.

Keinutzat har daiteke, gainera, Jordi Sanchez, Jordi Turull, Joaquim Forn eta Josep Rull diputatu kartzelatuek gose greba utzi izana. Aurreneko biek 20 egun egin dituzte greban, eta beste biek 17. Haien bozeramaile Pilar Calvok prentsaurrekoan esan zuenez, «helburuak» bete ditu protestak, iritzita «astindu beharreko kontzientzia guztiak» astindu dituela.

Manifestazioa

Etzanarazi dezagun 78ko erregimena. Eskubide sozial eta politikoengatik, autodeterminazioagatik, errepresioaren aurka lelopean, gaur 18:00etan manifestazio bat abiatzekoa da Bartzelonako Graziako lorategietatik. Elkarte zibil eta indar politiko independentista guztiek bat egin dute deialdiarekin. Beste hainbat ekintza daude deituta, gainera, Katalunia guztian.

ANC Biltzar Nazional Katalanak goizean goizetik Bartzelonan autoen pilaketa «masibo bat» egitera deitu du. CDRek Kataluniako azpiegitura nagusiak eta bideak blokeatzeko eta Llotja de Mar eraikinerako sarrera kolapsatzeko asmoa agertu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.