Buteflikak amore eman du

Aljeriako presidenteak dimisioa eman du otsailaren 22az geroztik herritarrek egindako protesta etengabeen ondorioz. Aljeriako Kontseilu Konstituzionalak bideratu beharko du orain trantsizioa

Abdelaziz Buteflika, 2007an egindako argazki batean, Aljerren. Bost bat urte dira ez dela publikoaren aurrean agertu. MOHAMED MESSARA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Azkenean amore eman du. Abdelaziz Buteflika Aljeriako presidenteak hogei urte egingo zituen boterean hilaren 27an, eta, herenegun agintea beranduenez apirilaren 28an utziko zuela iragarri bazuen ere, agintaldiko azken egunean, atzo iluntzean helarazi zuen dimisioa eman duela. Agintariak arrapaladan galdu du sostengua, herritarrena lehenago, otsailaren 22tik protestan ari baitira, eta bere gertukoena ondoren, azken asteetan eta egunetan gero eta gehiago izan baitira haren inhabilitazioa eskatu duten ahotsak. FLN Nazio Askapeneko Frontearen maniobra izan da: Aljeriak independentzia eskuratu zuenetik boterean egon den alderdiarena aginteari eusteko.

Ahmed Gaid Salah Defentsa ministroak eta armadako buruak goi karguekin atzo arratsaldean egindako premiazko bileraren ostean etorri zen dimisioa. Buteflikak Algerie Press Service agentzia ofizialaren bidez eman zuen dimisioaren berri. Ordurako Salahek Konstituzioaren 7, 8 eta 102 artikuluak «berehalakoan» aplikatzeko eskatu zuen komunikatu batean argudiatuta «egonkortasun politikorako berme bakarra» zela: «Ezin da denbora gehiago galdu egoeraren sentiberatasuna ikusita».

Herritarrei keinua

Salahek herritarrentzako mezua ere zabaldu zuen, konstituzioaren barruko aldaketa bat bermatzeko keinua izan bada ere. «Herria babestuko dugu haren aldarrikapenak erabat gauzatzen diren arte. Bada garaia eskubide zilegi horiek berreskuratzeko». Protestak isilarazteko estrategia zen, izan ere, atzo ere milaka lagun atera ziren kaleetara, presidentearen bezperako iragarpenarekin bat ez zetozela adieraztera. Protestek ez dute etenik izan, eta ostiralean berriz ere kalera ateratzeko deia egina zuten herritarrek. Honezkero demokrazia bermatzeko «erregimen osoaren» aldaketa eskatzen zuten herritarrek.

Aljeria, bada, garai berri baten aurrean dago. Aljeriako Kontseilu Konstituzionalak 102. artikulua aplikatu beharko du orain. Abdelkader Bensalah Kontseiluko presidentearen esku geratuko da botere exekutiboa, eta hark lau hilabeteko epean presidentetzarako hauteskundeetara deitu beharko du. Aurretik Parlamentuak eta Senatuak inhabilitazioa jasotzen duen artikulua babestu beharko dute, botoen bi herenekin, eta, ondoren, 45 egunean, inhabilitazioa baieztatzekotan, 104. artikulua aplikatuko litzateke, hau da, trantsizioa zehazten duena.

Buteflika 1999tik dago presidentetzan, baina, herrialdeak independentzia eskuratu zuenetik, agintean egon den erregimen militarraren ordezkaria izan da. Askapen Nazionalerako Frontea 1962an iritsi zen boterera. Buteflika kolonialismoaren ondorengo agintari arabiar sendoen eta zorrotzen iruditerian dago, ezen armada izan da haren boterearen oinarria. Marokoko Oudja mugako herrian jaioa, 19 urterekin sartu zen independentzia gerra sustatu zuen milizian. Ahmed Ben Bella independentziaren osteko lehen presidentearen kontrako estatu kolpearen ostean iritsi zen boterera; Atzerri ministro izan zen 30 urtez eta arabiar sozialismoaren defendatzaile sutsua. Hamarkada beltza etorri zen ondoren; 1989tik 1999ra luzatu zen gerra zibilak 300.000 hildako utzi zituen. Buteflika gerraren amaierarekin iritsi zen boterera, botoen %75 eskuratuta. 2013an burmuineko isuria izan zuen eta ordutik ez du agerraldi publikorik egin.

Protesta handiena

Azkeneko hilabeteetan pausoz pauso joan da babesa galtzen, harik eta aurreko ostiralean inoizko protesta handiena egin zen arte; hiriburuan milioi bat lagun atera ziren kalera —3,5 milioi biztanle ditu Aljerrek—. Ordurako «erregimen osoaren» eta sistema politikoaren erreforma sakona eskatzen zuten herritarrek.

Buteflikak iragan otsailaren 10ean jakinarazi zuen bosgarren aldiz aurkeztuko zela hauteskundeetara. Sare sozialen bidez, hainbat jendek protestara deitu zuen, baina mobilizazio handiak otsailaren 22an hasi ziren. Geroztik, manifestazioek gero eta indar handiagoa hartu dute. Horietan ez da alderdi, eragile edo lider argirik nabarmendu, eta ikasleak izan dira protagonista nagusiak, baina ez bakarrak. Sektorekako protestak ere gertatu dira: epaileenak, medikuenak, abokatuenak, kazetarienak... Martxoaren 11n iragarri zuen presidenteak ez zela hauteskundeetara aurkeztuko, eta apirilaren 18an egitekoak ziren hauteskundeak atzeratuko zituela, erreforma politiko bat egiteko konferentzia nazional «independente eta inklusibo» batera deitzeko. Inhabilitazio eskaera gauzatu da azkenean. Buteflikak 82 urte ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.