Haftarrek Macroni erran dio ez duela geldituko Tripoliko erasoaldia

Frantziako presidenteak Parisen hartu du Libia ekialdeko buruzagi militarra. Macronek Haftarri eskatu dio su-eten bat emateko, baina hark erantzun dio ez dagokiola hari miliziekin negoziatzea

Macron eta Haftar elkarri eskua ematen, iazko maiatzaren 29an, Parisko Eliseo jauregian. Libiako aldeek akordio bat sinatu zuten egun hartan. ETIENNE LAURENT / EFE.
mikel rodriguez
2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Sekretupean ez, baina diskrezio osoz hartu zuen atzo Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Khalifa Haftar Libia ekialdeko buruzagi militarra Eliseoko jauregian. Haftar Erroman izan zen duela astebete, eta han Giuseppe Conte lehen ministroak kameren aitzinean egin zion harrera, nazioarteko bertze edozein gonbidaturi bezala. Paradoxikoa, kontuan hartuta Italiak Haftarren etsai diren Tripoliko gobernua eta miliziak babesten dituela, eta Frantziak, berriz, ekialdeko buruzagia bazkide fidagarriagotzat hartu izan duela. Haftar, ordea, ez da estatu baten ordezkari bat, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen onarpena duen gobernu baten aurkako erasoaldi betean ari da. Hortaz, Macronek ez du argazkirik egin nahi izan harekin. Eliseoko ordezkari batek atzo jakinarazi zuenez, Frantziako presidenteak su-eten bat emateko eskatu dio Libiako buruzagi militarrari, baina hark ezezkoa erantzun dio.

«Su-etenaren auzia mahai gainean paratu dugunean, Haftarren erreakzioa izan da: 'Norekin negoziatuko dut su-eten bat gaur?'», adierazi zuen Frantziako presidentearen ordezkari horrek, Reuters agentziaren arabera. «Uste du GNA [Batasun Nazionaleko Gobernua, NBEren babesa duena] erabat hartua dutela miliziek, eta ez dagokiola hari miliziekin negoziatzea». Ez da izan Macronek Haftar Eliseoan hartu duen lehen aldia; duela urtebete ere gonbidatu zuen, baina hagitz testuinguru ezberdinean. Izan ere, Tripoliko gobernuko lehen ministroa, Fayez al-Serraj, han izan baitzen. Akordio bat sinatu zuten orduan, parlamenturako hauteskundeak egin eta Libia batasuneranzko bidean paratzeko, baina ez zuten bete.

Iragan apirilaren 4an, berriz, Haftarrek Tripoli hartzeko erasoaldia hasi zuen, hango gobernuak «talde terroristen» babesa duela argudiatuta. Frantzia eta Italia dira Libiako gatazkan inplikazio handiena duten Europako Batasuneko kideak, eta hainbat ahalegin diplomatiko egin dituzte azken asteotan. Macron Al-Serrajekin elkartu zen duela bi aste.

Bileraren biharamunean, Tripoliko gobernuak atzerriko 40 konpainiari agindu zien Libian jarduteko lizentziak berritzeko, bertzela haien jarduerak etengo zituela. Horien artean enpresa handiena Frantziako Total petrolio konpainia da. Joan den hilean, berriz, Al-Serrajen gobernuak bertan behera utzi zituen Parisekin zituen segurtasun akordioak.

Haftarrek ekialdean erasoaldi handiak egin ditu muturreko islamisten aurka, eta Frantziak EI Estatu Islamikoa eta antzeko mugimenduak geldiarazteko aliatu baliagarritzat du.

100.000 zibil harrapatuta

Gassam Salame NBEren Libiarako mandatariak herenegun aurkeztu zuen Tripoliko erasoaldiari buruzko txostena. Horren arabera, oraingoz 500 pertsona inguru hil dituzte, 75.000 inguruk ihes egin dute etxetik, eta 100.000 zibil inguru harrapatuta daude borroka frontean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.