Albistea entzun

Mexikok batzorde bat osatu du AEBekin hartu dituen konpromisoak betetzeko

Lopez Obrador presidenteak esan du «muga zergak saihesteko» sortu dutela batzordea. Guardia Nazionaleko militarrak hegoaldeko mugara iritsi dira
Hainbat migratzaile Guatemalako aterpetxe bateko atarian, herenegun.
Hainbat migratzaile Guatemalako aterpetxe bateko atarian, herenegun. ESTEBAN BIBA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ane Ubegun Goikoetxea -

2019ko ekainak 12

Mexikoko Gobernuak amore eman behar izan die azken egunotan AEBek egindako adierazpenei eta exijitu dizkion neurriei. Atzo Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak egindako prentsaurreko batean esan zuenez, haren gobernuak plan berezi bat jarriko du martxan, AEBek eskatu dizkioten «konpromisoak» betetzeko eta, modu horretan, «muga zergak ezartzea saihesteko». Presidenteak adierazi zuen «bidegabeak» direla neurri horiek, eta AEBek eman dien denbora tarte horretan Mexikok lortu beharko duela «garapenaren eta ongizatearen bitartez» migratzaileen krisia «leuntzea». Marcelo Ebrard Atzerri ministroa izango da taldeko burua, eta atzo defendatu zuen Mexiko ez dela ari AEBek «exijitutako» egiten. Esan zuen batzordearen osaera Mexikok Trumpen gobernuari egindako proposamena dela. Presidenteak, berriz, azaldu zuen «segurtasuna, lana, kanpo harremanak eta politika soziala» jorratuko dituela batzorde horrek.

Lantalde berezi horren berri emateaz gain, Lopez Obradorrek jakinarazi zuen atzo iritsi zirela Guardia Nazionaleko kideak Mexikoren eta Guatemalaren arteko mugara. Joan den ostegunean adierazi zuen migratzaileen sarrera kontrolatzeko indar militar berriko 6.000 kide bidaliko zituela. Halaber, ostiralean Ebrardek adierazi zuen prentsaurreko batean «lurralde osora» hedatuko dituztela soldadu horiek.

Ostegunean, akordio bat egin zuten Donald Trump AEBetako presidenteak eta Mexikoko Gobernuak. Zortzi eguneko negoziazioen ondoren, Mexikoren eta AEBen arteko «mugako sarrera guztiak kontrolatzera eta erregistratzera» konprometitu zen. Bi neurri horiekin, bertan behera geratu zen Trumpek maiatzaren 31n egindako mehatxua: Mexikori esan zion hango produktuei hilero %5 igoko zizkiela muga zergak baldin eta AEBetara ailegatzeko xedearekin Mexikoko mugan dauden migratzaileen kopurua jaisten ez badu.

Herenegun, baina, Ebrardek prentsaurreko bat eman zuen negoziazioaren nondik norakoak xeheago azaltzeko, eta esan zuen Mexikoko Gobernuak 45 egun dituela migratzaileen kopurua jaisteko: «Erakuts dezagun gai garela 45 egunean denon artean helburu hori lortzeko». Mexikoko presidentea ere baikor azaldu zen: «Optimista nago. Ziur nago ez dela inongo errepresaliarik egongo, ez baitiegu horretarako arrazoirik emango». Uztailean egingo duten ebaluazioan AEBek frogatzen badute Mexikok ez dituela bete eskatutako helburuak, negoziazioei helduko diete berriro ere, eta, Mexikori «hirugarren herrialde segurua» izatea exijitzeaz gain, muga zergen auzia mahai gainean jarriko lukete.

Ostiralean lortutako akordioaren nondik norako guztiak argitara eman dituztela baieztatu du Mexikoko Gobernuak, baina herenegun Trumpek nabarmendu zuen badirela jakinarazi ez dituzten zenbait alderdi. «Laster jakinaraziko dugun zerbaiten inguruko akordio bat dugu. Dena eginda dago. Dena eginda dago muga zergei eta Mexikori dagokien heinean», esan zuen Trumpek Etxe Zurian egindako agerraldi batean, zeri buruz ari zen zehaztu gabe. Ebrardek baieztapen horiek gezurtatu zituen atzo, berriz ere: «Ez dago azaldu ez dugun beste akordiorik». Baina Trumpek are gehiago xaxatu zuen Mexiko Twitter bidez, eta azaldu zuen ostiralean esan ez zuten zerbait egitera konprometitu dela Mexiko; AEBak urte askoan lortzen saiatu diren akordio bat dela aurreratu zuen Trumpek.

Aktibisten atxiloketak

Bien bitartean, gero eta gogorragoak izaten ari dira Mexikoren eta Guatemalaren arteko mugako kontrolak. Joan den asteazkenean, Pueblo Sin Fronteras gobernuz kanpoko erakundeko bi kide atxilotu zituen Mexikoko Poliziak. Migratzaileen eskubideen aldeko erakunde horrek karabanei laguntzen egiten du lan, batik bat. Tapachulara eraman zituzten atxiloturik, eta leporatu zieten migratzaileak modu ilegalean leku batetik bestera eramatea, diruaren truke. Pueblo Sin Fronterasek gogor kritikatu zuen atzo prentsaurreko batean Mexikoko Gobernua: «Mexikoko Gobernuak bi kide horiek atxilotu ditu AEBetako Gobernuari garaikur moduan aurkezteko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Abortuaren aldeo manifestazio bat, New Yorken, atzo. ©SARAH YENESEL / EFE

Oklahomak ia guztiz debekatuko du abortua

Berria

Estatuko Ordezkarien Ganberak AEBetako abortu legerik murriztaileena onartu du: amaren bizitza arriskuan badago edo bortxaketa ala intzestua izan bada baimenduko du soilik. Gobernadorearen sinadura falta da indarrean sartzeko.

Gizon indigena bat, Napalpiko Sarraskia azaltzen duen kartel baten paretik pasatzen, Argentinako Napalpi herrian. ©BERRIA

Napalpiko sarraskian estatuak erantzukizuna izan zuela ebatzi du auzitegi batek

Igor Susaeta

Epaiaren arabera, frogatuta gelditu da «gizateriaren kontrako krimenak» egin zituztela. Qom eta moqoit komunitateetako 200-300 indigena hil zituzten 1924an. Erreparazioa egiteko neurri batzuk agindu ditu epaileak.

 ©BERRIA

«Planak frogatzen du bi estatuen irtenbidea posible dela oraindik»

Gorka Berasategi Otamendi

Palestina eta Israel konfederazio batean biltzeko proposamenaren xedea da «hogei urteko blokeoaren ostean» erantzun «berriak» ematea bakea eragotzi duten auziei, «horren kostu handikoak» izan ez daitezen.
Niinisto Finlandiako presidentea, Biden AEBetakoa eta Andersson Suediako lehen ministroa, atzo. ©OLIVER CONTRERAS / EFE

NATOko idazkari nagusiak esan du Turkiaren kezkak aztertuko dituela

Mikel O. Iribar

Stoltenberg ziur da arazoari konponbidea emango diotela. Ukrainak adierazi du ez duela nahi su etenik, Errusia erretiratzea baizik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.