Aurrerapausoak eman dituzten arren, Iranek dio ez duela beteko itun nuklearra

Teherango Atzerri ministrordeak adierazi du beste sinatzaileekin izan duen «bilera positiboa» ez dela «nahikoa izan». EBk ordainketa sistema bat sortu du

Abbas Araghchi Irango Atzerri ministrordea Vienan, atzo, akordio nuklearraren gainontzeko sinatzaileen ordezkariekin batzartu ostean. ANTONIO SANCHEZ SOLIS / EFE.
ander perez zala
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Progresiboki, Iranek 2015eko akordio nuklearrean adostu zituen betebeharrak urratzen jarraituko du, oraingoz bada ere: «Ez dut uste gaurko garapena nahikoa izango denik prozesua gelditzeko, baina erabaki hori Teheranen hartuko dute», adierazi zuen atzo Irango Atzerri ministrorde Abbas Araghchik, ituna sinatu zuten gainontzeko estatuen ordezkariekin —AEBak salbu— batzartu ostean. Bilkuraren helburua zen akordioa nola salbatu eztabaidatzea, baina agintari irandarraren adierazpenek ez diote etorkizun oparorik eman helburu horri. Halere, astebete dute oraindik aurretik, Irango presidente Hassan Rohanik uztailaren 7ra arteko epea ezarri baitzuen.

Egun hori baino lehen Europako sinatzaileek ez badute neurririk planteatzen, beste erabaki batzuk hartuko dituela jakinarazi zuen Rohanik, iragan hilabetean; orduan eman zien hori egiteko 60 eguneko epea. Irango Atzerri ministrordeak aitortu zuen atzoko hitzorduan aurrerapausoak eman zituztela, baina ohartarazi zuen ez zirela «nahikoa izan», ez dituztelako haien itxaropenak bete.

Irango presidentearen erabakiaren atzean dago Ameriketako Estatu Batuen (AEB) duela urtebeteko erabakia. Donald Trump AEBetako presidenteak jakinarazi zuen herrialdea akordio nuklearretik aterako zuela, eta Irani zigor ekonomikoak berrezarriko zizkiola, batez ere petrolioaren industriari; Rohanik orduan erantzun zuen hitzarmenean jarraituko zutela beren interesak bermatuz gero. Asteotako gertakari eta adierazpenak kontuan hartuta, badirudi AEBrik gabeko itunak ez dituela Teheranen interesak bermatzen.

Halere, azken orduko iritzi aldaketa lortu nahian dabiltza Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Txina eta Errusia, Europako Batasunarekin (EB) batera. Horretarako, Instex ordainketa sistema jarri dute mahai gainean: Iranekin salerosian aritzeko mekanismo bat da, EBk proposatua, hein batean bada ere AEBen zigorrak saihesteko balioko lukeena. Helga Schmid Europako Zerbitzuaren Kanpo Ekintzarako idazkari nagusiak atzo baieztatu zuen «lehen operazioak» egin dituztela, eta laster «[EBko] estatu kidea gehiago batuko» direla Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua daude sistema horretan—.

Iranen Atzerri ministrordeak baieztatu zuen sistema horretaz aritu zirela atzoko bileran, baina zalantzak agertu zituen, Europako sinatzaileak ez dutelako Irango petrolioa erosten: «Instex Iranentzat erabilgarria izan dadin, europarrek petrolioa erosi behar dute edo finantzaketa lerroak zabaltzeko aukera kontuan hartzea».

Biltegiratze muga

Irango Energia Atomikoaren Agentziak duela hamar egun jakinarazi zuen Teheranek herenegun gaindituko zuela akordio nuklearrean finkaturiko uranioaberastuaren biltegiratze muga —300 kilogramokoa—, eta uztailaren 7tik aurrera uranioa %20ra aberasten hasteko aukera izango duela, nahiz eta itunean %3,67ko muga adostu zuten.

EBren diplomaziaburu Federica Mogherini zuhur agertu zen albiste horren aurrean, adierazita nahiago zuela Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren txostenaren zain geratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.