Katalunia. Eztabaida politikoa

Auzitegien «zentsuraren» gainetik, autodeterminazioa eztabaidagai

JxCk, ERCk eta CUPek ebazpen bat aurkeztu dute autodeterminazio eskubidea defendatzeko eta presoen amnistia eskatzeko. Torrent prest agertu da «erantzukizunak» bere gain hartzeko

Manifestariak Espainia Plazako iturrira xaboia ixurtzen, atzoko mobilizazioan, Bartzelonan. ALEJANDRO GARCÍA / EFE.
Iosu Alberdi.
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Buruzagi independentista zigortuen askapena eskatzeko eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko ebazpen bat aurkeztu dute JxCk, ERCk eta CUPek Kataluniako Parlamentuan. Parlamentuko mahaiak onartu egin du, JxCren eta ERCren aldeko botoekin. Mahaiko letratuek abisatu dute Espainiako Konstituzio Auzitegiaren aginduen aurka joan litekeela ebazpena. Izan ere, Konstituzionalak abisua eman zien Kataluniako Gobernuari eta parlamentuko mahaiari, azpimarratuta erantzukizunak izan ditzakeela diputatuek irailean onartutako beste ebazpen baten suspentsioari men ez egiteak. Kataluniako Parlamentuko presidente Roger Torrentek adierazi du, ordea, ez dituela diputatuak «zentsuratuko», eta erantzukizunak «bere gain» hartuko dituela. Ebazpen berria ez da gaurko plenoan bozkatuko, datorrenean baizik, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ostean.

Atzo adostu eta aurkeztu zuten ebazpenean, hiru alderdi independentistek salatzen dute aurreko asteko epaiak «eskubide eta askatasunen aferan eragindako atzerakada sakona»: «Ondoriotzat ditu oinarrizko eskubideen mugatzea eta disidentzia politikoaren kriminalizazioa».Hamabost puntuz osatua dago, eta, besteak beste, eskatzen du epaia «gaitzesteko», «preso politikoak» askatu eta atzerriratuak itzultzeko eta «errepresioa amaitzeko».

Independentistek estatuaren «jito autoritarioari» egotzi diote epaia, eta «aurrekari onartezintzat» jo dute: «Etxegabetzeen aurkako mobilizazioak eta manifestazioetan errepideak ixtea bezalako ekintzak sedizio delitu bilaka ditzake». Horrez gain, ebazpenean azpimarratu dute Kataluniaren eta estatuaren arteko gatazkak «jatorri politikoa» duela, ez dena auzitegietan konponduko.

Diputatuek «herritarren intereseko gai guztien» inguruan eztabaidatzeko eskubidea ere aldarrikatu dute, baita autodeterminazio eskubideaz, monarkiaz eta subiranotasunaz ere. «Zentsura Kataluniako Parlamentuan sartzen bada, erakundearen zentzua indargabetzen da. Horregatik, diputatuek nahi beste alditan errepikatuko dute monarkiaren gaitzespena, autodeterminazio eskubidearen defentsa eta Kataluniako herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen subiranotasunaren aldarrikapena».

Puntu horrek eragin du parlamentuko mahaiko letratuen abisua, Auzitegi Konstituzionalaren abisuari erreferentzia eginda. Izan ere, urriaren 16an auzitegi hark tramiterako onartu zuen Espainiako Gobernuak aurkeztutako errekurtsoa, Kataluniako Parlamentuak irailaren 26an onartutako ebazpenen aurkakoa, eta, beraz, bertan behera utzi zituen hainbat puntu. Ebazpen hartan desobedientzia zibil eta instituzionalaren zilegitasuna aldarrikatzen da, eta erantzun instituzional bat ematea buruzagi independentisten aurkako epaiketari; eurentzat amnistia eskatu, eta autodeterminazio eskubidea gauzatzeko bide orri bati ekin.

Horrez gain, Auzitegiak abisua eman zien Kataluniako Gobernuari eta parlamentuko mahaiko kideei, ebazpenaren debekuari entzungor egiteak izan ditzakeen ondorioengatik, penalak barne. Ebazpen berri honetan, ordea, Kataluniako Parlamentuko diputatuen «ordezkatze politikorako eskubidearen urraketatzat» jo dute abisua. Independentistek azaldu dute estatuko beste hainbat parlamentutan ere eztabaidatzen direla euren eskumenak gainditzen dituzten gaiak, esaterako «Kataluniako erakundeetan esku hartzeko eskatzeko», eta Madril ez dela horien aurka agertu. Halere, parlamentu horiek hala egiten jarraitzera bultzatu dituzte, «adierazpen eskubidearen eta ordezkaritza politikorako eskubidearen» barruan sartzen direlako.

Auzitegi Konstituzionalak har ditzakeen erabakien aurrean, Torrentek azaldu du ez duela onartuko «zentsura» gailentzea, eta beraren eta baiezkoaren aldeko mahaiko kideak prest daudela «erantzukizun judizial eta pertsonalak euren gain hartzeko». Era berean, Kataluniako presidente Quim Torrak txalotu egin du alderdien proposamena: «Bide onetik goaz».

PSC eta En Comu Podem alderdien ustez, berriz, alderdi independentistek «batasun itxura» emateko erabili dute ebazpena. PSCko diputatu Ferran Pedreten esanetan, «ez dagoena» erakutsi nahi dute: «Diskurtsoaren batasun estrategikoaren berreraikitzea». Comuko diputatu Susanna Segoviaren hitzetan, aldiz, «batuta daudela erakusteko azken saiakera da», azaroaren 10eko hauteskundeen aurretik. Bestalde, PPk ebazpenari errekurtsoa jartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Elkarrizketa aukerak, urrun

Bien bitartean, Espainiako gobernuaren eta Kataluniakoaren arteko elkarrizketak gertagaitza dirudi. Espainiako Kongresurako JxCren hautagai Laura Borrasek adierazi du arazo nagusia zera dela, Espainiako presidentea «itsu, gor eta ez mutu» egotea, ez duelako behar duenarekin hitz egiten, Kataluniako presidentearekin. Torrak berak azaldu du hainbat aldiz deitu diola Pedro Sanchez presidenteari, baina ez duela erantzunik jaso. Kataluniako Gobernuak «aukera galdutzat» jo du, halaber, Sanchezek Kataluniako presidentearekin hitz egiteko tarterik ez hartu izana astelehenean Bartzelonara eginiko bidaian.

Halere, PSCko buru Miquel Icetak adierazi du Espainiako Gobernuak Kataluniako presidenteorde Pere Aragonesekin hitz egin duela. Icetaren esanetan, Torrak hauteskundeetarako deia egin beharko luke. Iritzi berekoak dira ERCko hainbat kide ere, tartean Joan Tarda diputatu ohia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.